Berriak Osasuna

Bretxako Arraindegi eraikina izango da Oakidetzaren Alde Zaharreko eta Erdialdeko Osaun Zentroaren egoitza

2014.eko irailak 24

Donostiako Udala eta Osasun Saila ados jarri dira Gipuzkoako hiriburuko eraikin bereizgarrienetako bat den horretan Osakidetzaren osasun-zentro berria egiteko. Bretxan eraikiko da eta Alde Zaharreko eta Erdialdeko 14.000 bizilaguni baino gehiagori arreta emango die

Donostiako Alde Zaharreko osasun-zentro berria eraikitzeko hainbat kokagune aztertzen hilabeteak eman eta gero, Udalak eta Osasun Sailak akordioa lortu dute Bretxako Arrandegi eraikinean kokatzeko osasun-zentro berria, oraingoa baino modernoagoa eta irisgarriagoa izango dena.

Osakidetzaren osasun-zentro berriak Esterlines kalekoa ordezkatuko du. Egungo egoitzak 925 metro koadroko azalera, 3 solairutan banatua, eta irisgarritasun-gabeziak ditu. Hain zuzen ere, zentro berriak arazo horiek konponduko ditu. Izan ere, egoitza berriak 1.600 metro koadro izango ditu, baina 2 solairutan banatuak, eta irisgarritasuna nabarmen hobetuko du, Alde Zaharraren erdi-erdian dagoelako eta igogailua duelako, minusbaliatuen mesedetan hartuko diren neurriez gain. Eraikin berean egongo dira Lehen Arretako langileak eta Etengabeko Arretako Gunekoak eta, ondorioz, inguruan bizi diren 14.200 lagunei osasun-zerbitzu osoagoa eskainiko zaie.

Udalak eta Osasun Sailak adierazi dutenez, osasun-azpiegitura berriaren lanak hilabete gutxi barru hasiko dira.Osakidetzak 2016rako amaituta egotea aurreikusi du. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak 3 milioi euroko inbertsioa egingo dute osasun-zentro berrian. Donostiako Udalak, berriz, zentroa eraikiko den eraikina lagako du.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburu Jon Darpónen esanetan, «Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat funtsezkoa da osasun-azpiegiturak hobetzea, gure pazienteei egunez-egun eskainitako kalitate-mailari eusteko. Lehentasunezkoa dugu Donostiako Alde Zaharreko osasun-zentroaren baldintzak hobetzea, nagusiki, auzoko zaharren kopurua handia delako. Horrenbestez, oso pozik gaude Donostiako Udalarekin akordioa lortu dugulako».

Bestalde, hiriko alkate Juan Karlos Izagirrek honakoa esan du: «Hiriak Alde Zaharreko eta Erdialdeko bizilagunekin zuen aspaldiko zorra kitatu du, anbulatorio nabarmen hobea eskainita. Osasun Sailarekin lortutako akordioari esker, Donostiak donostiarren egiazko premien araberako azpiegitura publikoa eskuratu eta eskainiko du».

 

 

                                                                     

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Karlos Izagirre, Donostiako Alkatea