Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erabakia, Administrazio Publikoak Eraberritzeko Batzordeak (APEB-CORA) proposatutako neurriei buruz. (2014-09-23(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko irailak 23

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK SALATU DU ESTATU AUTONOMIKOA SORTZEKO ADOSTASUN POLITIKOA HAUSTEN DUELA ESPAINIAKOAK KRISI EKONOMIKOAREN AITZAKIAN

Gobernu Kontseiluak dokumentu sendoa, 200 orri baino gehiago eta 96 alegazio dituena, onartu du Herri-administrazioak erreformatzeko batzordeak (CORA) egindako txostenaren eskumen-gehiegikeria bakoitzari argudioen bidez xehe-xehe erantzuteko.

Espainiako gobernuak irudi instituzionala murrizten eta autonomia politikoa narriatzen duela salatu du Eusko Jaurlaritzak, bai eta Euskadi botere zentralaren eragile osagarri huts bihurtu nahi duela ere.

Dokumentuak ohartarazi du Espainiako gobernuaren txostena aldebakarrekoa eta sinesten zaila dela joera partzial handia duelako, baita emaitza aurreikusgarria duela ere; horrez gain, erakundeen eraginkortasuna bilatu beharrean, autonomien kaltetan Espainiako gobernuaren nagusitasuna sendotu nahi duela gehitu du.

Espainiako gobernuak Herri-administrazioak erreformatzeko batzordearen (CORA) bikoiztasunei buruzko txostenean, besteak beste, proposatutako neurriei argudioen bidez xehe-xehe erantzuteko dokumentu mardula onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Testuak 200 orritik gora eta 96 alegazio ditu Espainiako gobernuak proposatutako neurri bakoitzari erantzuteko, Euskadiko eskumenetan eragiten baitute horiek finantza, osasun, hezkuntza, kanpoko ekintza eta autoantolamendurako gaitasun arloan, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzak egindako agiriak salatzen du Espainiako gobernuak, Estatuko eskumenen interpretazio hedakor baten bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoaren irudi instituzionala murrizten ari dela egiaz, haren autoantolamendurako eskumena eta Gernikako Estatutuan onartutako autogobernuaren izaera politikoa zalantzan jartzen baititu. Estatuak euskal autonomia politikoa administrazio-deszentralizazio huts bihurtu nahi du, Euskadi botere zentralaren eragile osagarri bat izango balitz bezala. Era horretan, arian-arian,euskal autogobernua eta botere-esparru autonomikoa narriatzen ari da Espainiako gobernua, baita Estatuko Administrazioaren eginkizun zaintzailea sendotzen ere.

Eusko Jaurlaritzaren ustez Espainiako gobernuaren proposamenak, oro har, Estatuaren aldebakarreko ikuspegi baten emaitza dira, bere ikuspegia, interesak eta nahiak bakarrik aintzat hartuta. Krisi ekonomikoaren zein kostuak murrizteko eta eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko egin beharreko administrazio-berregituratzearen aitzakian, hainbat neurri proposatu ditu Espainiako gobernuak, eta horien bitartez, egiaz, bere nagusitasuna eta lidergoa sendotu nahi ditu, autonomien kaltetan, baita erakunde autonomikoen balio- eta ospe-galera laguntzen ere, herritarrei deszentralizazio politikoaren irudi gutxiesgarria helaraziz.

Herri-administrazioak erreformatzeko batzordearen (CORA) agirian autonomien estatuaren inboluzioa dago gauzatuta; izan ere, ikuspegi birzentralitzailez eta bateratzailez egin dute, autonomien beraien parte-hartzerik gabe. Horiek horrela, Herri-administrazioak erreformatzeko batzordearen aholku-batzordearen joera partzial handia salatu du EAEko gobernu-kontseiluak, bertan ez baita autonomia-, foru- edo toki-ordezkaririk egon; horrenbestez, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, erreforma-proposamena sinesten zaila da, emaitza aurreikusgarria du, eta urruti dago diagnostiko orekatua eta proposamen objektiboak ematetik. Azken batean, besteen kontura proposatutako erreforma da.

EAEko gobernu-kontseiluak gaur hartutako erabakiak salatzen du, halaber, Herri-administrazioak erreformatzeko batzordearen txostenak ez dituela aipatu ere egiten Estatuko administrazioko organoen beharrik gabeko jardunaren ondorioz Euskadin dauden bikoiztasunak. Eusko Jaurlaritzak legebiltzarrera igorritako Euskal Autonomia Erkidegoko Erakundeen Funtzionamenduari eta Azterketari buruzko txostenean daude azalduta aipatutako bikoiztasunak.

Horrez gain, Espainiako gobernuak negoziatzeko inolako borondaterik ez duela salatu du Eusko Jaurlaritzak, CORAren txostenean ageri diren proposamen asko alde bakarretik gauzatu baititu, inolako adostasun edo eztabaidarik gabe, errege lege-dekretuen bitartez, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzaren ustez Espainiako gobernuak ez ditu Estatu Konposatu baten joko-arauak errespetatzen; euskal autogobernuaren beraren izatea zalantzan jartzen du etenik gabe, eta Estatuaren funtzionamendua ez ezagutzearena egiten du -botere politikoaren lurralde-antolamendurako irekia den egitura instituzional gisa, konstituzioaren bidez bere buruari emana, alegia-. Eta hori egiteko orduan, honelako kontzeptu edo tresnetara jotzen du bere legedian: ekonomia eta merkatu bakarra zuzentzea, Estatuko oinarriak, formalak zein materialak; espainiarren gaizki ulertutako berdintasuna argudiatzen du, halaber, lurraldez gaindikotasunaren printzipioaz edo interes orokorraren adierazpen materialaz baliatuta, besteak beste.

96 ALEGAZIO

Aurkeztutako alegazioen artean nabarmendu beharra dago Estatutuan garrantzia duten edo Lurralde Historikoen Legean jasota dauden euskal erakundeak murriztearen edo desagertzearen aurka agertzen dela Eusko Jaurlaritza. Adibidez: fenomeno zehatzak ebaluatzeko behatokiak edo erakunde autonomiko jakin batzuk; besteak beste, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Arartekoa, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa, Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia, Euskal Estatistika Erakundea, Datuak Babesteko Euskal Agentzia, Prospekzio Soziologikoen Kabinetea, Euskalmet, Kontratazioaren Euskal Aholkularitza Batzordea, Kontratu Errekurtsoen Auzitegia, UNIBASQ Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia, eta EEE Energiaren Euskal Erakundea...

Estatuko erakunde baliokideek horien eginkizunak beren gain har ditzaten nahi du Espainiako gobernuak, baina gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak era horretako erakundeak sortzea edo desegitea Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa dela Estatutuak xedatutakoaren arabera.

Eusko Jaurlaritzaren alegazioek salatzen dute, orobat, Estatuko gobernuak politika publikoen baterako plangintza indartu nahi duela, baina autonomiek eskumena duten kasuetan soilik (garapenerako lankidetza, trafikoa eta bide-segurtasuna, babes zibila, Estatukoak ez diren errepideak, bekak, kultura turismoa, enpresak babestea edota genero-indarkeria), eta ez, ordea, Estatuak eskumen esklusiboa duenean. Horrela bada, Espainiako gobernuak besteena elkarbanatu eta berea gorde nahi du.

Autonomiei Estatuko politiketan parte hartzea ahalbidetzen dieten mekanismoak garatzea irmoki baztertu du beti Espainiako gobernuak, Eusko Jaurlaritzak salatu duen moduan. Are gehiago, Estatuaren plangintzak, praktikan, politika publiko guztiak hartzen ditu bere baitan, eta ezinezko bihurtzen da autonomiek beren antolamenduak gara ditzaten.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak uste du koordinazioa hobetzeko aitzakian datu-base eta erregistro autonomiko guztien kudeaketa esklusiboa nahi duela Espainiako gobernuak, eta ohartarazi du ez dela datu-interkonexio bat, horiek erregistro nagusi bakarretan iraultzea baizik. Eusko Jaurlaritzaren iritziz, koordinazio-formula izan beharrean, birzentralizatzeko beste maniobra bat gehiago da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau