Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak salatu du estatu autonomikoa sortzeko adostasun politikoa hausten duela Espainiakoak krisi ekonomikoaren aitzakian

2014.eko irailak 23

 Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Espainiako Gobernuak proposatutako «neurri birzentralizatzaileei» erantzuteko dokumentu mardula onartu du gaur. Espainiako Gobernuaren neurriok, besteak beste, Herri Administrazioak Erreformatzeko Batzordearen (CORA) bikoiztasunei buruzko txostenean jasotzen dira.



Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak komunikabideen aurrean azaldu duenez, Espainiako Gobernuak krisi ekonomikoaren aitzakia erabiltzen du «estatu autonomikoa sortzea ahalbidetu zuen adostasun politikoa puskatzeko». Horrenbestez, Erkorekak autonomien estatuaren etengabeko ahultzea ematen ari dela salatu du.

Guztira 96 helegite biltzen dituen 200 orrialdeko txostenaren helburua Espainiako Gobernuak aurrera eramandako alde bakarreko esku hartzeak salatzea da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren ustez, «Espainiako Gobernuak ez ditu joko arauak errespetatzen». Instituzioen eraginkortasuna hobetzetik urrun, Erkorekaren arabera, «Espainiako Gobernuaren helburua autonomien kaltetan bere gailentasuna indartzea da, Euskadi botere zentralaren agente osagarri huts bihurtuz».

Bestalde, ostegunean, hilak 25, Eusko Legebiltzarrean egingo den politika orokorreko osoko bilkura ere izan du hizpide Erkorekak. Jaurlaritzaren bozeramaileak aurreratu duenez, lehendakariaren hitzaldiak lau oinarri izango ditu: ekonomiaren suspertzea eta enplegua, oinarrizko zerbitzu sozialak mantentzeko neurriak, bakea eta elkarrizketa bideratzeko jarduerak, eta lehendakariaren autogobernuari buruzko hausnarketa. Hain zuzen ere, lau arlo horietan adostasuna bultzatzea du helburu lehendakariak.



Ildo horretan, Euskadiko Alderdi Sozialistak Idoia Mendia idazkari nagusi gisa hautatu ostean hasitako etapa berrian «elkarrizketaren eta adostasunaren alde» egitea espero du Jaurlaritzak. Izan ere, sozialistek eta EAJk 2013tik indarrean duen akordioaren jarraitzea du helburu Jaurlaritzak, Erkorekaren hitzetan, «fruituak ematen ari da-eta».

Azkenik, atzo Azpeitiko Loiola auzoan Ertzainak burututako polizia operazioa izan du hizpide Erkorekak. Eusko Jaurlaritzaren ustez, Ertzaintzaren jokabidea egokia izan zen. Audientzia Nazionalak eskatutako bost atxiloketak burutzeaz gain, beste bi lagun ere atxilotu zituen atzo Ertzaintzak Loiolan, Erkorekaren arabera, Ertzaintzako agenteek jasotako erasoekin lotuta.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki nagusiak (2014.09.23)

 

 

 



 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @mirenepalacios
    2014.eko irailak 25

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco denuncia q el español rompe el consenso político d creación dl estado autonómic bajo pre #euskadi http://t.co/d2RQlvU36n

  • @algortakoEAJ
    2014.eko irailak 23

    Comentario de Twitter:
    Irekia - El Gobierno Vasco denuncia que el español rompe el consenso... http://t.co/JS7YMbOy03

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)