Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Unibasq eskubide osoko kide gisa sartu da ENQAn, Goi Mailako Hezkuntzan Kalitatea Bermatzeko Europako Elkartean

2014.eko irailak 22
  • Aintzatespen honi esker, aurrerantzean, euskal unibertsitateetako titulazio berriak ez dituzte Euskaditik kanpoko erakundeek ebaluatu beharrik izango

 

  • Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak 2009an hasi zuen erakunde garrantzitsu horrekin bat egiteko prozesua

 

  • Aurrerantzean, Unibasq-ek Europako gainerako bazkideen baldintza berberetan parte hartu ahal izango du unibertsitateetako irakaskuntzaren kalitateari buruzko estandarrak eta gidalerroak ezartzerakoan, eta legezko ahalmena izango du Euskadin emandako titulu ofizialak egiaztatu eta aldatzeko, bertako bereizgarritasunei erreparatuta

 

  • Boloniako Prozesuaren haritik, irizpideak, prozedurak eta gidalerroak garatu behar izan dira Europako unibertsitate mailako irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko

 

  • Nazioarteko adituek eta euskal unibertsitateekin lotutako pertsonek parte hartuko dute urriaren 23an Unibasq-ek nazioartekotzeari buruz antolatuko duen sinposioan, Euskalduna Jauregian

 

Donostian, 2014ko irailaren 22an.- Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia eskubide osoko kide gisa onartu dute ENQA Goi-Mailako Irakaskuntzan Kalitatea Bermatzeko Europar Elkartean, nazioarteko erakunde honen zuzendaritza-kontseiluak astelehenean, irailak 15, egin zuen bileran. Aintzatespen honi esker, hemendik aurrera, euskal unibertsitateetan ematen diren titulazio berriak ez dituzte Euskaditik kanpoko erakundeek ebaluatu beharrik izango.

Garrantzi handiko aurrerapausoa da euskal agentziaren ibilbidean, 2009an erakunde garrantzitsu horrekin bat egiteko prozesua abiarazi zuenez geroztik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriartek eta Unibasq-eko zuzendari Juan Andres Legarretak gaur goizean Donostian egindako aurkezpenean gogoratu dutenez.

Unibasq-ek ENQArekin bat egiteak garrantzi handiko ondorioak ekarriko ditu, eta horietako nagusia hauxe izango da: euskal agentziak legezko ahalmena izango du Euskadin emandako titulu ofizialak egiaztatu eta aldatzeko, bertako unibertsitate-sistemaren bereizgarritasunei erreparatuta. Era berean, euskal agentziak, Europako gainerako bazkideen baldintza berberetan parte hartu ahal izango du unibertsitateetako irakaskuntzaren kalitateari buruzko estandarrak eta gidalerroak ezartzerakoan. Aintzatespen honek, azkenik, Unibasq-en jarduera nazioarteko estandar gorenek abalatzen dutela frogatzen du.

Unibasq, Eusko Jaurlaritzan unibertsitate arloko eskumenak dituen Sailari atxikitako erakunde publikoa da, Euskal Unibertsitate Sistemaren (EUS) kalitatea garatzen laguntzea helburu duena, alderdi guzti-guztietan lagundu ere: irakaskuntzan, ikaskuntza, ikerketan eta kudeaketan. Erakundea 2004an sortu zen, eta 2009an, bere gisako erakundeetarako europar zuzentarauetara egokitzeko prozesua abiarazi zuen, estatutuak aldatuz eta oraingo izendapena hartuz.

Unibasq nahiz ENQA abian jarri izana Boloniako Prozesuaren ondorioa da. Prozesu horren haritik, irizpideak, prozedurak eta gidalerroak garatu behar izan dira Europako unibertsitate mailako irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. 1999an, Boloniako Adierazpenak Europa mailako bateratasun-prozesu bat abiarazi zuen tituludunen trukea erraztu eta unibertsitate-ikasletak gizarte-eskakizunetara egokitzeko asmoz, horien kalitatea eta lehiakortasuna hobetuz. Prozesu honek Europako Goi-mailako Hezkuntza Esparruaren (EGHE) sorrera ekarri zuen. Esparru hau erreferentziatzat erabili da, kontinente zaharreko herrialde askok XXI. mendeko lehen urteetan abiarazi dituzten hezkuntza arloko erreformetarako.

Unibasq ENQAko eskubide osoko kidetzat onar zezaten, behar-beharrezkoa izan da  ESG (Standards and Guidelines for Quality Assurance in the European Higher Education AreaEuropako Goi-mailako Hezkuntza Esparruan Kalitatea Bermatzeko Irizpideak eta Gidalerroak) delakoen betearazpenean oinarritutako irizpide zorrotzak abian jartzea. Prozedura denboran luzatu egin da, agentziaren jardueretan parte hartzen duten kolektibo guztiak inplikaraziz. Hona hemen bide luze horretako mugarri nagusiak:

-          2004ko martxoaren 12a: Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatzeko eta Akreditatzeko Agentziaren sorrera.

-          2006: Estatutuen onarpena.

-          2009: egokitze prozesuaren hasieran, ENQAn eta EQARen (Europako Kalitate Agentzien Erregistroa) sartu ahal izateko.

-          2011: izendapenaren eta Estatutuen aldaketa eta lehen auto-txostenaren elaborazioa.

-          2012: Agentziaren lege berria.

-          2013ko azaroaren 20a: ebaluazioko auto-txostenaren aurkezpena.

-          2014ko otsaila: ebaluazio-bisita.

-          2014ko irailaren 15a: eskubide osoko kide gisa bat egitea.

Legearen ikuspuntutik, ENQAko kide izanez eta Europako Kalitate Agentzien Erregistroan (EQAR) inskribatuz kalitate agentziek Europako kalitate irizpide eta estandarrak betetzea, ezinbesteko baldintza da unibertsitate mailako irakaskuntza nazioarteko estandarren arabera akreditatzeko ebaluazio-protokoloak ezarri ahal izateko. Legeak ezarritako derrigorrezko baldintza hau betetzeak esan nahi du, Unibasq-ek, EQAR-en erregistratu ondoren eta Eusko Jaurlaritzak hala ezartzen baldin badu, Euskadin emandako titulu ofizialak egiaztatu eta aldatzeko aukera izango duela, Euskal Unibertsitate Sistemaren bereizgarritasunei arreta eginik.

Nazioartekotzearen aukerei buruzko sinposioa

Bestalde, Unibasq-ek Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak nazioarteko adituak eta Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateekin lotutako pertsonak bilduko ditu urrian, komunitate unibertsitarioa nazioartekotzearen beharraz kontzientziatzeko asmoz. Jardunaldia urriaren 23an egingo da Euskalduna Jauregian, Agentziak “Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea: Nazioartekotzearen aukerak” izenburupean antolatutako III. Sinposioaren barruan.

Unibasq-ek mugikortasun unibertsitarioaren kontzeptua gainditu eta nazioartekotzearen kontzeptura iristeko asmoz eratu du gogoeta-jardunaldi hau. Honela, topaketaren hasierako hitzaldietan, nazioartekotze unibertsitarioaren “zertarako” eta “norentzat”, eskatutako gaitasunak, eta ikasle eta irakasleak prozesu honetara biltzeko behar diren pizgarriak aztertuko dira, baita Kalitatearen nazioarteko aitorpenak goi-mailako irakaskuntzan duen garrantzia ere.

Jardunaldiaren bigarren zatian, mahai-inguru batean irakasle batek, ikasle batek eta enpresari batek horren inguruan dituzten ikuspuntuak bilduko dira. Era berean, Txileko Akredita Q.A. Akreditazio-Agentziako zuzendaritza batzordeko presidenteak agentzien ikuspuntua azalduko du, bertaratutakoek egindako ekarpenak bilduz. Jardunaldiaren itxieran, Unibasq-eko zuzendari Juan Andres Legarretak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriartek parte hartuko dute.

Unibertsitatea nazioartekotzea behar-beharrezkoa da, baita ikasleek gaitasunak hartzea ere, esparru horretara molda daitezen. Orain arte, Euskadin, helburu horri begira, etorkizunari aurre egiteko ondo egituratutako estrategia behar duten zenbait ekimen abiarazi dira. Nazioarteko egungo testuinguru aldakorrean, gero eta handiagoa da ikasleen mugikortasuna, baita unibertsitateen arteko lankidetza ere, baina lehiakortasuna, prestakuntzaren merkaturatzea eta irabazi-asmoa duen ezagutzaren transmisioa ere areagotu dira.

Nazioartekotzea zeharkako prozesua eta oinarrizko kalitate-faktorea da. Ikasleen kasuan, nazioartekotzea zeharkako gaitasunak, talde-laneko ohiturak eta beste leku eta errealitate batzuen inguruko ezagutza, enpatia eta harremana bereganatzean oinarritzen da. Unibertsitateen arteko eta enpresa-ehunarekiko lankidetza-premia ere sortzen da. Helburua, munduko leku desberdinetako unibertsitateen arteko interes-sinergiak bilatzea da, irakasle eta ikertzailerik onenak erakartzeko estrategiak ezarriz.

 

2013ko Jarduerak: Txostena

2013. urtean, gogoan hartzeko moduko aurrerapausoak eman dira Unibasq-en esparruan. Horietako nabarmenena, Euskal Agentzia ENQA Goi-Mailako Irakaskuntzan Kalitatea Bermatzeko Europar Elkartean sartzeko derrigorrezko Auto-ebaluazio Txostenaren elaborazioa izan da. Txostena 2013ko azaroan aurkeztu zen, Unibasq aipatutako europar elkartean sartzeko eskaera egin ondoren egiten ari zen ebaluazio prozesuaren barruan.

Horretarako egin den gogoeta-prozesuak 2013-2016ko Plan Estrategikoa lantzen ere lagundu du. Planak epealdi horretarako jarduera-ildoak zehazten ditu, eta iazko ekitaldiari dagokion beste gertaera garrantzitsu bat izan da.

Hauek dira 2013ko beste gertaera azpimarragarri batzuk: Unibasq-ek Goi-Mailako Irakaskuntzako Ebaluazio Agentzien Nazioarteko Sarearekin (INQAAHE) bat egin izana, euskal agentzia nazioartekotzeko lehendabiziko pausoa; ikasleek Unibasq-eko organoetan eta unibertsitate mailako titulazioen ebaluazio-prozesuetan duten parte-hartze aktiboa, edota Etika Batzordearen sorrera.

Gainera, 2013an, Unbasq-ek harreman estuan jarraitu du Estatuko gainerako agentziekin REACU Unibertsitateen Kalitate-Agentzien Espainiar Sarean duen parte-hartzearen bitartez, bereziki unibertsitate mailako titulu ofizialen akreditazioa berritzeko abiaraziko diren prozesuei begira.

UNIBASQ-i buruz

Agentziak ebaluazio-taldeetan txertatuta dauzkan irakaskuntza arloko ehun bat profesionalen laguntza du. Iaz milioi bat euro inguruko aurrekontua izan zuen. Ebaluazioari, akreditazioari eta egiaztapenari dagokien jarduera osoa honako programa hauen bitartez gauzatzen du:

-       Irakasle eta ikertzaileen egiaztapena, Euskal Unibertsitate Sistemako lan-kontratuko plazetara eta unibertsitate pribatuko irakasle doktore lanpostura iristeko aukera izan dezaten.

-       UPV/EHUko irakaskuntza eta ikerketa arloetako langile iraunkorren ebaluazioa ikerketako ordainsari osagarriak (seiurtekoak) eskura ditzaten.

-       UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen ebaluazioa, Autonomia Erkidegoko ordainsari osagarriak eskura ditzaten.

-       Ikerkuntza jardueren ebaluazioa.

-       Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetako gradu, master eta doktoregoko titulu-proposamenen ebaluazioa, Eusko Jaurlaritzak onarpenerako aldez aurreko txostena plazara dezan.

-       Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetako gradu, master eta doktoregoko titulazioen ezarpenari jarraipena egitea.

-       Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetako gradu, master eta doktoregoko titulazioen akreditazioa berritzea.

-       Euskadiko zentroen goi-mailako hezkuntza artistikoen ebaluazioa.

-       UPV/EHUko titulu propioei buruzko proposamenen kanpoko ebaluazioa.

-       AUDIT – Euskal Unibertsitate Sistemako ikastetxeen kalitatearen barne berme-sistemak ebaluatu eta ziurtatzea.

-       DOCENTIA – unibertsitateei irakasleen jardueraren ebaluaziorako prozedura propioak diseinatzen laguntzea.

-       Unibertsitate arloko eskumenak dituen Sailaren eta Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateen arteko programa-kontratuen ebaluazioa Unibertsitate Plana garatzeko.

 

 

Donostian, 2014ko irailaren 22an

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Innobasque
    2014.eko irailak 23

    Comentario de Twitter:
    Zorionak @unibasq Miembro de pleno derecho en la Asociación Europea de Aseguramiento de la Calidad Educativa Superior http://t.co/3RaVe77IPi

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Andrés Legarreta, Unibasq-en zuzendaria