Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Ikerbasquek Euskadiko ekoizpen zientifikoa 4.600 argitalpenetik gorakoa dela egiaztatu du

2014.eko irailak 19
  • Krisi egoeraren gainetik, 11.771 ikertzaile daude gaur egun, 2004an baino %59 gehiago.
  • EAEko ikertzaileen jardunak 4.600 argitalpen zientifiko baino gehiago eman zituen 2013an.
  • Euskadiko unibertsitateek, UPV/EHU buru dela, Euskadiko argitalpen zientifiko guztien %60 ekoitzi dute.
  • Ikerketen %47 beste herrialde batzuetako erakundeekin batera argitaratu zen, bereziki Estatu Batuak, Erresuma Batua, Alemania, Frantzia eta Italiako erakundeekin.
  • Datu hauek, IKERBASQUE Fundazioak 2010ean komunitate zientifikoaren diagnostikoa eta hobekuntza errazteko abiarazi zuen Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak bildu ditu

Itziar Alkorta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak eta Fernando Cossío IKERBASQUEko Zuzendari Zientifikoak Euskadiko zientzia eta ikerketa-jardueraren bilakaera eta egungo egoerari buruzko txosten globalaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur goizean. Hauxe da, IKERBASQUEk Autonomia Erkidegoko komunitate zientifikoaren diagnostikoa eta hobekuntza errazteko tresnatzat kudeatzen duen Ikerboost Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokiaren datuetatik abiatuta landu den Zientzia Euskadin Txostenaren laugarren edizioa.

Azken ekitaldiko datu berriek berretsi egin dute aurreko txostenetan euskal zientzia-sistemari buruz landutako diagnostikoa. Itziar Alkortaren esanetan, "txostenak argi erakusten du, ikerketa zientifikoan oso aurrerapauso garrantzitsua eman dugula herrialde bezala. Ikerketa zientifikoa nahiz teknologikoa sustatzeko politika argia eta egonkorra dugu". Era berean, Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak adierazi duenez, “giltzarrizkoa da abian ditugun politika eta inbertsioen emaitzak egokiak ote diren ebaluatzea, eta txosten honek eskaintzen dizkigun emaitzak arras esanguratsuak dira”.

Behatokiak bildutako daturik garrantzitsuenen artean, IKERBASQUEk, Euskadiko ikerketa arloko 2013ko ekoizpena 4.600 argitalpenetaraino gehitu dela egiaztatu ahal izan du. Horrek esan nahi du, 2004tik gaurdaino argitalpen-kopurua bikoiztu egin dela.

Euskadin, ikertzaile-kopuruaren bilakaerak hazkunde iraunkorra mantendu du, 11.771 pertsona bilduz 2012an, 2004an baino %59 gehiago, alegia. Hazkunde honi buruz, oso balorazio berezia egin da gaur egungo testuingurua sozioekonomikoa latzari erreparatuta. Kopuru absolutuetan, Euskadi 4.000 ikertzaile lanpostu sortzeko gauza izan da hamarkada eskas batean. Generoaren ikuspegitik aztertuta, doktorego tesiak defendatzen dituzten gizon eta emakumeen ratioak antzekoak diren arren, askoz ere txikiagoa da ikertzaile-karrera kontsolidatzen duten emakumeen kopurua. Euskadiko ikertzaileen artean, emakumeen portzentajea %34 ingurukoa da 2004az geroztik, eta azken hamarkada honetan ez da aldaketa handirik izan kontu honetan.

Ikertzaile-komunitateak EAEn egindako lanari dagokionez, Euskadiko zientzia-ekoizpena, nazioarteko ikuspena izan zuten 4.600 argitalpenetik gorakoa izan da 2013an. Horrek esan nahi du, hamarkada eskas batean bikoiztu egin dela, eta 2004. eta 2012. urteen artean %175 gehitu dela. Gaur egun, Euskadi seigarren autonomia erkidegoa da ekoizpen-bolumen absolutuari dagokionez, eta azken bosturtekoan izandako joera errotik aldatzen ez baldin bada, datorren urtean, Euskadi bosgarren autonomia erkidegoa bilakatuko da ekoizpen zientifiko absolutuari dagokionez, Galiziari aurrea hartuz.

Nazioarteko rankingean, Espainia munduko hamargarren potentzia da ekoizpen zientifikoari dagokionez, eta Estatuaren barruan, Euskal Autonomia Erkidegoa hamargarren postutik zazpigarren postura igaro da azken bost urteotan, biztanle bakoitzeko argitalpen-kopuruari erreparatuta.

Eragileak sektoreka sailkatuz gero, Euskadiko zientzia-ekoizpen osoaren %60 inguru unibertsitateei dagokie -UPV/EHU buru dela, 2014-2013ko epealdian egindako %55etik gorako ekarpenaz Euskadiko zientzia-eragile nagusia baita-, eta jarraian osasun arloko eta zentro teknologikoetako ikerketa dago. Azken urteotan, euskal zientzia-sisteman gero eta garrantzi handiagoa duten eragile berriak (BERC zentroak eta IKZak) agertu dira.

Gure zientziaren nazioartekotzeari dagokionez, beste herrialde batzuetako erakundeekin batera landutako Euskadiko argitalpen zientifikoen portzentajea etengabe hazi da azken hamarkada honetan, 2008az geroztik ehuneko hamar puntutik gorako jauzi handia egin duelarik. 2013an, Euskadiko argitalpenen %47,10 beste herrialde batzuetako erakundeekiko lankidetzaz landu zen. Estatu Batuak eta Europako zientzia-ekoizle nagusiak (Erresuma Batua, Alemania, Frantzia eta Italia) dira Euskadin ikertzen diharduten pertsonekin lankidetza-harreman handienak dituzten herrialdeak.

Ikerboost, Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokia

IKERBASQUEko Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak, EAEn, Estatuan eta nazioartean kontrastatutako informazio-iturrien araberako adierazleak bildu ditu, euskal komunitate zientifikoa karakterizatu eta beste herrialdeetakoekin kualitatiboki nahiz kuantitatiboki konparatzeko aukera errazteko asmoz. Fernando Cossío IKERBASQUEko zuzendari zientifikoak azaldu duenez: "Zientzialariek aldizkari espezializatuetan argitaratzen dituzte ikerketetako emaitzak, beste ikertzaileekin batera partekatzeko; Ikerbasqueko Behatokiak argitalpen horiek guztiak monitorizatzen ditu, ale-kopurua, nazioarteko eragina eta gaien araberako espezializazioa bezalako alderdiak aztertuz"
 
Aztertu diren bestelako gaiei dagokienez, Ikerboost Behatokiak aurreko urteetan somatutako ezaugarriak eta joerak berretsi ditu. Adibidez, Euskadiko zientzia sistema izaera klasikoko zientzietan oinarrituta dagoela (Fisikan, Kimikan eta Materialen Zientzietan, nagusiki), nahiz eta azken urteotan zeharkako edo diziplina-arteko beste jakintza-alor batzuetarako dibertsifikazioa egiaztatu den (Biomedikuntza, IKT, Gizarte-Zientziak eta Giza-Zientziak tarteko direla, besteak beste).

IKERBASQUEri buruz
Eusko Jaurlaritzak IKERBASQUE Euskadiko Zientzia Fundazioa bultzatu zuen 2007an Euskadin ikerketa zientifikoa garatzen laguntzeko, ikerketa alorreko talentuak erakarriz eta atxikiz. Hauek dira IKERBASQUEren helburu nagusiak: Euskal Zientzia Sistema sendotzea, sistematik kanpo erakarritako zientzialariak kontratatuz, eta Euskadiren irudia bultzatzea ikerketaren alorreko nazioarteko erreferentziatzat. Europako Batzordeak, Europako  Ikerketarako 7. Esparru-Programaren barruan, Europa osoko ekimenik garrantzitsuenetakotzat aukeratu du IKERBASQUE Fundazioa, eta ondorioz, 18 milioi euro baino gehiago eman ditu Ikerbasqueko programak finantzatzeko.


5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @LeonorOP
    2014.eko irailak 22

    Comentario de Twitter:
    .@Ikerbasque registra que la #producción_científica de Euskadi ha superado las 4.600 #publicaciones http://t.co/A9SQvdm2D8

  • @gazkune
    2014.eko irailak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @zientzia_k: Ikerbasquek Euskadiko ekoizpen zientifikoa 4.600 argitalpenetik gorakoa dela egiaztatu du http://t.co/Jhmz7C0WEg via @irekia

  • @AchucarroNeuro
    2014.eko irailak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @zientzia_k: Ikerbasquek Euskadiko ekoizpen zientifikoa 4.600 argitalpenetik gorakoa dela egiaztatu du http://t.co/Jhmz7C0WEg via @irekia

  • @Uninet_ataria
    2014.eko irailak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @zientzia_k: Ikerbasquek Euskadiko ekoizpen zientifikoa 4.600 argitalpenetik gorakoa dela egiaztatu du http://t.co/Jhmz7C0WEg via @irekia

  • @zientzia_k
    2014.eko irailak 19

    Comentario de Twitter:
    Ikerbasquek Euskadiko ekoizpen zientifikoa 4.600 argitalpenetik gorakoa dela egiaztatu du http://t.co/Jhmz7C0WEg via @irekia

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Fernando Cossío, Ikerbasqueren zuzendari zientifikoa