Berriak Lehendakaritza

Jaurlaritzaren ustez, garrantzi handia izan du Europan Eskoziako erreferendumak

2014-09-18

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak eta Europako Gaietarako zuzendari Mikel Antónek erreferendumaren harirako hainbat lan-bilera egin dituzte Eskozian egun hauetan. Euskal ordezkaritza Eskoziako independentziaren aldeko eta aurkako ordezkariekin bildu da; esaterako, Ekonomiako Batzorde Parlamentarioaren presidente Murdo Fraserrekin (alderdi kontserbadorea) eta Kanpo Harremanetarako Batzorde Parlamentarioaren presidente Christina McKelvierekin (SNP alderdi nazionalista). Gainera, EBren aurrean Eskoziak izandako jarrerari buruzko txosten baten egile den David Edward magistratu eta unibertsitate-irakaslearekin bildu dira eta Eskoziako gobernuko kideekin hitz egin dute.

Hitzordu instituzional horien bidez, Eusko Jaurlaritzak bertatik bertara ezagutu nahi izan ditu Eskoziako eragileen jarrerak. Egindako lanarekin eta bilerekin pozik dago euskal ordezkaritza.

Idazkaritza Nagusiak azpimarratu duenez, erreferendumak garrantzi handia izan du Europan eta aldaketa ekarriko du, azken emaitza edozein dela ere. Herritarren eskaerei jaramon egitea beharrezkoa zen, eta agerian geratu da borondatea besterik ez dela behar independentzia nahia bideratzeko. Une historikoa da, Eskozian bozka ematera deitutako biztanleen kopurua inoizko handiena izan delako.

Bestalde, Euskadi eta Eskozia lankideak dira Europa mailako hainbat ekimen eta proiektu estrategikotan, Europako beste kide batzuekin batera. Esaterako, elkarlanean ari dira espezializazioko eta manufakturako berrikuntzan eta abangoardiako eskualdeetan, hala bola zahartze aktiboaren eta osasunaren esparruko ezagutza eta berrikuntza sendotzeko proiektu eta aliantza estrategikoa abiarazten. Horiek direla eta, unibertsitateen eta ikerketa- nahiz teknologia-zentroen arteko lana sendotuko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)