Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Bestelako topografiak: Europako beste mapa zinematografikoa Zinemaldian

2014.eko irailak 17

Eusko Jaurlaritzak herrialde eleaniztun edo hizkuntza gutxitudunetako profesional eta erakunde-ordezkarien arteko bilkura prestatu du, Zimenaldian

 

Europako hizkuntza nagusietan sortzen den zinemagintzatik haratago –ingelesa, frantsesa, alemana, espainiera edo italiera- bada Europan bestelako mapa zinematografiko bat ere. Zinema-ekoizpen ezezagunagoek osatzen duten mapaz ari gara, komunitate eta kultura eleaniztunetan sortutako ekoizpenez, sarritan gainera, hizkuntza gutxituetan filmatuak izan ohi diren horiez. Herrialde askotan, hizkuntza nagusi baten ondoan beste hainbat hizkuntza bizi dira, edo kulturalki nahiz politikoki esanguratsuagoa den alboko Estatu batekin partekatzen dute hizkuntza. Eta hizkuntza horietan ere zinema egiten da.

Horregatik, “Topografiak. Beste hizkuntza batzuetako filmografien ikusgaitasuna, koprodukzioa eta nazioartekotzea” izenburupean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak lan-saioa antolatu du, Europa Creativa Desk Media Euskadi programarekin batera. Beste zenbait herrialderen artean Euskadi, Finlandia, Suitza, Flandria, Islandia eta Letoniako erakunde-ordezkariek eta kultur eragileek hartuko dute parte bertan. Ikus-entzunezkoen arloan esparru eta zirkuitu berriak aurkitzea, eta egoera konplexuak bizi dituzten beste kulturekiko harremanetik ikaspen onuragarriak ateratzea, horiexek izango dira bilkurako parte hartzaileen erronkak. Antzeko esperientziak elkarrekin partekatzeak ideia-truke interesgarria sor dezake, arazoei aurre egiteko baliagarriak, arazook ere, berdintsuak izaten baitira kasu batzuetan eta besteetan, hala nola: ikusgaitasuna, nazioartekotzea, koprodukziorako aukerak edo Europako beste mapa filmiko hori osatzen duten ikus-entzunezko produktuen iraunkortasuna.

Jardunaldian zehar, zinemari babesa ematen dioten ordezkariek, honako gai hauei helduko diete, euren iritziak besteekin partekatuz:

  • Hizkuntza nahiz kultura-konplexutasun honek sortzaileentzat eta industriarentzat dakartzan aukera eta erronkak.
  • Herrialde eta hizkuntza hauetan sortutako zinematografia nazioartekotzeko aukerak.
  • Koprodukzioetarako bazkideak aurkitzea
  • Masa kritiko txikiko hizkuntzetan sortutako ekoizpenen bideragarritasuna edo iraunkortasuna.
  • Laguntza publikoekiko menpekotasuna.
  • Kultur ekoizpenen promoziorako erakunde, industria eta sortzaileen arteko aliantzak osatzeko aukera.

Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzak lan-ildo bat dauka irekia, elkarlanerako foro eta plataformak bultzatu, eta horrela kultura-eragileei herrialde eleaniztun edo hizkuntza gutxitudunetako profesional nahiz erakundeekin esperientziak partekatzea ahalbidetzeko. Beti ere promoziorako, koprodukziorako eta elkartrukerako bideak zabaltzea helburu hartuta. Azken finean, Europako kultura-topografia balioestea da kontua, hizkuntza nagusietan sortzen diren kultura-produktuetatik haratago.  

Eusko Jaurlaritzaren ordezkari, eta ikus-entzunezkoen sektorera bideratzen diren laguntza publikoen kudeaketaren ordezkari, lan-saioan partaide izango dira Clara Montero, Eusko Jaurlaritzan Kultura Sustatzeko zuzendaria, eta Ainhoa Gonzalez, Europa Creativa Media Desk Euskadi programaren koordinatzailea.

Zinemaldiaren agenda profesionalean txertatuta dagoen lan-saio hau, irailaren 23an burutuko da Donostiako Aquarium jatetxean. Bertako ondorioak hurrengo egunean aurkeztuko dira Kursaalen, zinema-industriaren aurrean gaia eztabaidagai jartzeko burutuko den saioan.

 

Baina “Bestelako topografiak” ez da Eusko Jaurlaritzak 62. Zinemaldi honetan ikus-entzunezkoen sektorearen babesean bultzatuko duen ekitaldi  bakarra. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, horrez gain, ondorengo programa eta ekintzak ere sustatuko ditu:

Filming in the Basque Country. Euskadin errodatzea

Euskadik filmaketetarako dituen erakargarritasunen aurkezpena, prentsa akreditatuaren eta zinema-industriaren aurrean. Basquetour-ekin eta hiru euskal Film Comissionekin elkarlenean antolatutako koktelean, errodajeetarako Euskadi aukeratzeak zein abantaila eta pizgarri dituen azalduko da. Itziar Agirre, Zerga Administrazioko zuzendariak, Euskadin filmatzeko eskaintzen diren zerga-pizgarri nagusiak aurkeztuko ditu.

Ekitaldi hau irailaren 20an burutuko da, larunbatean, 13:00etan, Kursaaleko prentsa-klubean.

 

Koprodukziorako proiektuei aholkularitza

Joan zen uztailean zabaldu zen deialdia, koprodukziorako bokazioa duten proiektuek Juan Gordon ekoizle entzutetsuaren aholkularitza eska zezaten. Online nahiz aurrez-aurre zenbait bilkura burutu ondoren, aholkularitza jaso zuten zazpi ekoizleei bilerak hitzartu zaizkie Zinemaldiko koprodukzio foroan, nazioarteko koprodukzioa lortzen laguntzeko. Beste behin ere, Zinemaldiak nazioarteko plataforma gisa eskaintzen dituen aukerei probetxu ahalik eta handiena ateratzeko asmoa dago ekimenaren atzean.

Zinema Euskaraz zikloa

Ziklo berria jaioko da aurten Zinemaldian: Zinema Euskaraz zikloa. Izen bereko programaren bidez (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak sustatutako programa) euskarara itzulitako filmen hautaketarekin osatuko da zikloa, haurrei zuzendutako filmekin batik bat. Aurten jaio baina hurrengo urteetan jarraitu asmo duen zikloak zortzi film eskainiko ditu, haurrek ere euskarazko filmak ikusteko aukera izan dezaten Zinemaldiaren egitarauan.

 

Zinemira saila, eta euskal zinemaren presentzia handia

Euskal zinemari eskainitako atala, Eusko Jaurlaritzaren eta Zinemaldiaren arteko elkarlanetik jaioa, sendotua dago dagoeneko Zinemaldian. Aurten sei film luze eskainiko ditu, eta kimuak katalogoko beste zazpi film labur.

Baina Zinemira sailetik haratago, Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako bi film estreinatuko dira aurten sail ofizialean, euskal zinearen presentzia zabala izango duen edizioan. Lasa eta Zabala da bata, Pablo Malorena, eta Loreak bestea, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagarena. Azken hau sail ofizialean lehian izango da. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren laguntza jaso duten beste bi lan ere estreinatuko dira Zinemaldian. Bata Zabaltegi sailean, Borja Cobeagaren El negociador; eta bestea Belodromoan, Ricardo Ramonek eta Beñat Beitiak zuzendutako Dixie eta matxinada zombia animazio lana.

 

 

 

Gasteizen, 2014ko irailaren 17an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau