Berriak Herrizaingoa
Eu

Herrizaingo Sailak diruz lagunduko die Polizia eta Suhiltzaileen Europako Jokoetan parte hartuko duten ertzainei

2010.eko ekainak 01

Ekainean Valentzian egingo diren Polizia eta Suhiltzaileen Europako Jokoetan parte hartuko duten ertzainei diru-laguntzak ematea onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Izen-emateak, joan-etorriak eta mantenua ordaintzen laguntzeko zuzenduko dira laguntzak. Guztira, 30.000 euro bideratuko dituzte diru-laguntzak finantzatzeko.

Aurtengo Polizia eta Suhiltzaileen Europako Jokoetan parte hartuko duten Ertzaintzaren atletei diruz laguntzeko Herrizaingo Sailaren Agindua onartu du Gobernu Kontseiluak gaurko bileran. Ekitaldia ekainaren 7tik 13ra bitartean egingo da, Valentzian.
Ekimen hori Herrizaingo Sailak Ertzaintzako kideen artean sasoi fisiko ezin hobea izatea bultzatzeko abiatu duen politikaren baitan ulertu behar da, eta euren kirol ibilbidea dela-eta, kirol lehiaketetan emaitza onak lortzeko aukerak dituzten ertzainei laguntzea du helburu.
Guztira, hogeita hamar mila euro bideratuko dituzte. Eskatzaile bakoitzak gehienez jaso ahal izango duen diru-laguntza ordaindutako gastu guztien % 50 izango da, beti ere hiru mila euroko kopurua gainditu gabe.
Diru-laguntzak honako gastuak ordaintzeko zuzenduko dira: izen-emateko kuotak, mantenua, bidaiak eta ostatua. Lanean diharduten eta atletismo, arte martzial, txirrindularitza, igeriketa edota tiro kiroletan federazioaren lizentzia duten Ertzaintzaren kirolari guztiek eskatu ahal izango dituzte laguntzak.
Gaur onartutako laguntzak kostu ekonomikoei soilik aurre egiteko zuzenduko dira. Hortaz, beste gai batzuk agenteek beren gain hartuko dituzte; esaterako, parte-hartzean emandako denbora.
Nazioarteko kirol ekitaldietan parte hartu duten Ertzaintzaren agenteek lorpen aipagarriak lortu dituzte. Iaz Vancouverren (Kanada) egindako Polizia eta Suhiltzaileen Jokoetan, ertzainek hamazazpi domina (zazpi urrezkoak) eskuratu zituzten atletismo eta taekwondon, eta, gainera, 3.000 metroko oztopodun proban nazioarteko errekorra ere ezarri zuten.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko