Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Lege Proiektua; Euskal Administrazio Publikoarena. (2014-09-16(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko irailak 16

Eusko Jaurlaritzak duela 30 urte diseinatutako administrazio publikoaren egitura modernizatzeko lege proiektua onartu du

LABURPENA

  • Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarreko taldeek eztabaidatzeko aurkeztu duen proiektuak hiru ardatz nagusi ditu: partaidetza, gardentasuna eta herritarren lankidetza, politika publikoak diseinatzeko eta ebaluatzeko.
  • Hainbat berritasun ekarriko ditu, adibidez, Herri Administrazioak gehienez 15 egunean erantzun beharko die herritarrek egiten dizkioten informazio publikoko eskaerei, bestela, herritarrek Gardena - Gardentasunaren Euskal Agentziarengana jo ahalko dute.
  • Diru-laguntzak jasotzen dituzten alderdi politikoek, enpresa-erakundeek, sindikatuek eta erakundeek publizitate aktiboaren betebeharrak bete beharko dituzte.
  • Proiektuak lehen aldiz jaso ditu herri erakundeak sortzeko baldintzak: ezin da erakunde bikoizturik sortu, ezta behar bezala justifikatuta ez dagoenik ere.

Gobernu Kontseiluak Euskal Administrazio Publikoari buruzko Legea onartu du eta bidaliko dio Euskal Legebiltzarrari, taldeek eztabaidatu eta onartu dezaten.

Euskal Administrazio Publikoari buruzko Lege Proiektua sortzeko hamar hilabetez aritu dira lanean eta eztabaidan hainbat eragile. Marko juridiko berria sortu nahi dute, EAEko herri administrazioa kalitatezko zerbitzu publikoa izan dadin, XXI. mendeko herritarren beharrei erantzuten diena, gobernantzaren printzipio berrietan oinarriturik, hau da, partaidetzan, gardentasunean eta gai publikoetako herritarren partaidetzan.

LEGE PROIEKTUA

Euskal Administrazio Publikoaren Lege Proiektuak 5 titulu, 125 artikulu, 3 xedapen iragankor, xedapen gehigarri 1, xedapen indargabetzaile 1 eta bi azken xedapen ditu. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrari, erakunde autonomoei, zuzenbide pribatuko erakunde publikoei, sozietate publikoei, fundazio publikoei eta partzuergoei eragiten die.

Bi bloke nagusitan egituratuta dago:

  • Alde batetik, Euskadiko sektore publikoaren sailkapenarekin, osaerarekin eta antolaketarekin lotutakoa: egituraren erregulazioa, funtzionamendua eta betebeharrak, erakunde bakoitzaren eskumenen mugak, administrazioen arteko nahitaezko lankidetza eta koordinazioa eta kontrolatzeko eta erregistratzeko prozedurak.
  • Bestetik, gobernu onaren printzipioak erregulatzen dituena: politika publikoen plangintza eta ebaluazioa, arau-kalitate hobea, administrazio sinpleagoa, kudeaketa-sistema aurreratuak, herritarren eta administrazioaren arteko harremana, publizitate aktiboa eta informazio publikora sartzeko bermea.

GARDENA - GARDENTASUNAREN EUSKAL AGENTZIA

Legeak ekarriko dituen berritasun nagusien artean, bat nabarmendu daiteke: Administrazio Publikoak gehienez 15 egunean erantzun beharko die herritarrek egiten dizkioten informazio publikoaren eskaerei, hau da, Espainiako araudiak ezartzen duen epearen erdian (19/2013 Legea, Gardentasunari, Informazioa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa). Hori betetzen ez badu, herritarrek Gardena - Gardentasunaren Euskal Agentziarengana jo ahalko dute. Organo independente berria izango da, eta gardentasun-eskubideari eta datuak ezagutzeko eskubideari buruzko gatazkak konpontzen jardungo du. Horregatik, Gardentasunaren Euskal Agentzia Datuak Babesteko Euskal Bulegoarekin arituko da elkarlanean.

Honela egongo da osatuta:

  • Presidentea: Herri Administrazio sailburuaren proposamenez eta dagokion Legebiltzarreko batzordearen aurrean agertu ondoren, bost urterako izendatuko da dekretu bidez, eta epe hori ez da luzagarria izango. Pertsona profesionala, ezaguna eta aditua izan beharko da.
  • Kontseilua: pertsonen talde bat, horietako bakoitza hainbat erakunderen barruan izendatuta: Eusko Legebiltzarra, Herri Kontuen Epaitegia, Arartekoa, Datuak Babesteko Agentzia, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak EUDEL.

Gardena - Gardentasunaren Euskal Agentziak publizitate aktiboarekin lotutako beharrak betetzea sustatuko du: informazio publikoa eskuratzeko eskubidea bermatuko du, murrizketa bakarrarekin, jabetza intelektualarekin edo industrialarekin eta datu pertsonalen babesarekin lotutakoa. Udal- eta foru-erakundeei informazioa ematearekin lotutako gatazkak edo zalantzak argituko ditu, baldin eta erakunde horiek ez badute berezko erabaki-organorik.

HERRITARREN PARTAIDETZA

Legeak beste berritasun bat ekarriko du: herritarrek Jaurlaritzak sortzen dituen erregelamenduak eta dekretuak prestatzen hartu ahalko dute parte. Izan ere, Erregelamenduetarako Herri Ekimena sortuko dute, herritarrek eragiten dieten arauak sortzen parte hartu ahal izateko.

Helburu berarekin, Gobernu Irekiaren Plataforma sortuko dute, eta honako funtzioak izango ditu: EAEko Administrazio Publikoa eta herritarrak etengabe harremanetan jartzea, informazioa zabaltzea, herritarrek Internet bidez adierazitakoa aintzat hartzea, herritarren ekarpenak erakustea eta koordinatzea, bi aldeko elkarrizketa bultzatzea, herritarren ekimena sustatzea gai publikoetan eta denon mesederako proiektuetan lankidetza publiko-pribatua sustatzea.

ERAKUNDE PUBLIKOAK

Euskal sektore publikoaren sailkapenari, sorrerari eta antolaketari dagokienez, proiektuak lehen aldiz ezarri ditu erakunde publiko berriak sortzeko betekizunak. Adibidez, erakundea beharrezkoa dela justifikatu eta bikoiztasunik ez dagoela bermatu beharko da.

Erakunde publikoak sortzen diren unetik, beren eraginkortasuna ebaluatuko da, helburuen eta xedeen betetze maila, erabilitako baliabideak eta lorpenak ezagutzeko. Euskal Sektore Publikoko Erakundeek Erregistroan izena eman beharko dute. Gainera, beren egituraren, antolaketaren eta osaeraren berri eman beharko diote, eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetan parte hartzen duten azaldu beharko diote. Erakunde publiko guztiek lege honek ezartzen dituen publizitate aktiboko eta informazioa eskuratzeko eskubideak bete beharko dituzte.

PUBLIZITATE AKTIBOA

Herritarrek Internet bidez goi-kargudunen izendapenak eta kargu-uzteak kontsultatu ahalko dituzte, baita haien funtzioak, beste jarduera batzuekin duten bateragarritasunari buruzko ebazpenak, agenda publikoak eta harremanetarako helbide elektronikoak ere, ezarri nahi diren planak, haien betetze maila eta emaitzak, emandako diru-laguntzak eta zenbatekoak, onuradunen zerrenda, kontratuen eta hitzarmenen zenbatekoak eta enpresa edo erakunde esleipendunak eta sozietate publikoen egoera ekonomikoa eta zorpetze maila ere.

Lege-proiektuak baliabide publikoen hartzaile diren gizarteko eragile guziak ere hartzen ditu; hartara, horiek ere bete behar dituzte legeak zehaztuko dituen publizitate aktibo publikoaren betebeharrak. Alderdi politiko, enpresa-erakunde eta sindikatuen kasua da, bai eta legez ezarritako diru-laguntzen edo laguntza publikoen hartzaile diren pertsona indibidual edo juridikoena ere. Era berean, pertsona liberatu sindikalen kopuruaren, jarduten duten ordu kopuruaren eta lotutako kostuen berri emango da.

Informazioa tratatzeko, berrantolatzeko eta berrerabiltzeko moduan eman beharko da, hau da, formatu digitalean, estandarrean eta irekian, kontuak benetan emateko, leku bakarrean, Gobernu Irekiaren Plataforman.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko