Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak ez du «aurrerapen nabarmenik» nabaritu Rajoyrekin izandako bileran

2014.eko irailak 16

Iñigo Urkullu lehendakariak hiru ordu inguruko bilera izan zuen atzo Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin, Moncloako jauregian. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekaren arabera, legegintzaldia hasi zenetik Jaurlaritzak planteatu dituen gai batean ere ez da aurrerapen nabarmenik izan.
Urkulurren eta Rajoyren laugarren bilera izan da, eta lehendakariak «ziaboga egiteko» eskatu dio, hau da, jarreraz aldatzeko, hiru alor hauetan: ekonomia, bakea eta elkarbizitza eta autogobernua betetzea.

Ekonomiari dagokionez, Urkulluk 2008tik sortzeko dagoen kupoari buruzko hitzarmena proposatu dio, eta mugaegun bat jarri dio Euskadirekin hartutako konpromisoak ekintzez frogatzeko: abenduaren 31, Rajoyren azken legegintzaldiko aurrekontuak onartzeko eguna. Besteak beste, AHTen inbertitzea edo Foronda 24 orduz irekitzea dira konpromiso horiek.

Bi presidenteak EAEko autogobernuaren blokeo-egoeraz ere aritu ziren. Lehendakariak Gernikako Estatutu osoa betetzea planteatu du, hitzartuta egon arren transferitzeko dauden eskumenetatik hasita.
ETAk jarduera behin betiko utzi zuenetik hiru urte betetzeko hilabete falta denean, lehendakariak bi gobernuek bakearen eta elkarbizitzaren gaineko Estatu politika sortu behar dutela uste du. Urkulluk hiru ekimen proposatu ditu: ETAren behin betiko eta egiaztatutako armagabetzea, Hitzeman programa eta ohiko zigor-politika aplikatzeko ekimenak eta terrorismoaren biktimei buruzko memoriala.

Mariano Rajoyk ahalik eta lasterren erantzuteko konpromisoa hartu duela jakinarazi du Josu Erkoreka bozeramaileak.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren ustez, Espainiako Gobernua erabat oker dago, uste badu Kataluniakoa bezalako mugimenduak Konstituzioaren eta Legeen adierazpen erritualekin oztopa daitezkeela. Eusko Jaurlaritzak azaldu du arazoari aurre egiteko modua okerra dela, eta Rajoyren gobernuak elkarrizketa abiarazi beharko lukeela, alde biko negoziazioa, Kataluniako gizarteari bere nahiak askatasunez adierazten uzteko.

Azkenik, Erkoreka abortuaren legearen erreforma atzeratzeko aukeraz aritu da: «berandu izan arren, ondo dago akatsak zuzentzea». Izan ere, Urkulluren kabineteak okertzat jo du ekimen hori betidanik. Horrenbestez, atzerapena baieztatuko balitz, albiste ona izango litzatekeela esan du Erkorekak.

2 iruzkin
  • @mirenepalacios
    2014.eko irailak 17

    Comentario de Twitter:
    El lehendakari no constata "avances significativos" tras la reunión con Rajoy #euskadi http://t.co/w5li4sf0rL

  • ana
    2014.eko irailak 17

    pues estoy de acuerdo lo que el lehendakari dice @animo a iurkullu le doy todo mi apoyo y mi energia a usd

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak