Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak baimena eman die CTBri (Bizkaiko Garraio Partzuergoa) eta Metro Bilbaori Begoñako igogailuaren ordezko zerbitzua aldi baterako eskaintzeko, Alde Zaharreko metro-geltokiaren bidez

2014.eko irailak 16
  • Esklusiboki igogailua erabiltzeko tarifak honakoak dira: bidaia bat (1) 0,45 euro kostatuko da; hamarreko (10) bonoa, berriz, 3,50 euro. 

 

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak baimena eman dio CTB-Metro Bilbao, SA, enpresa publikoari Begoñako igogailuen ordezko zerbitzua aldi baterako eskaintzeko, Bilboko Alde Zaharreko metro-geltokiko igogailuen bidez.

 

Garraioko sailburuorde Antonio Aizek zehaztu duenez, «zerbitzu hori Metro Bilbao, SAren igogailuen bidez eskainiko da gaurtik aurrera. Gaur arte, Alde Zaharreko metro-geltokia eta Begoñako Mallona ingurua lotzen dituzten igogailuak bakarrik Metro Bilbaoren erabiltzaileek baliatzeko ziren, orain, ordea, Mallonaren eta Alde Zaharraren arteko mugikortasuna errazteko erabili ahalko dira».

 

Metro Bilbaok zerbitzu hori eskainiko du behar besteko jarraitutasunarekin eta emandako baimenean zein xedapen aplikagarrietan ezarritako baldintzak betez. Ordutegia Metro Bilbao zerbitzuaren berdina izango da.

 

«Mallonarako joan-etorria egiteko, Metro Bilbaon onartutako bidaia-txartel guztiak onartuko dira; izan ere, metro-bidaiaren zati bat igogailuan egiten da. Gainera, esklusiboki igogailua erabiltzeko bi bidaia-txartel sortu dira:  Bidaia bakarreko (1) txartela, eta hamarrekoa (10). Txartelak txartelak saltzeko makina automatikoetan egongo dira eskuragai. Makinok beheko atarian daude, balidazio-lerroaren alde banatan», azaldu du Antonio Aiz sailburuordeak. Txartelak balidatzea beharrezkoa izango da igogailuaren eta beheko sarbidearen arteko balidazio-lerroa gainditzeko.

 

Esklusiboki igogailua erabiltzeko txartelen tarifa aplikagarriak honako hauek izango dira:       Bidaia bat (1) 0,45 euro kostatuko da; hamarreko (10) bonoa, berriz, 3,50 euro. 

 

Ordezko zerbitzua aldi baterako eskainiko da, harik eta Begoñako igogailuen emakida-kontratua baliogabetzeko espedientea ebatzi, emakidako ondasunak Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazio orokorrari itzuli, eta igogailu-zerbitzu berria ezartzen den arte, indarreko legediaren arabera.

 

Historia

1943ko abenduaren 30ean, Bizkaiko Herri Lanen Buruzagitzak Ascensores de Solocoeche, SAri baimena eman zion «zerbitzu publikoko bi igogailu elektriko eraiki eta ustiatzeko. Igogailuak Bilboko Esperantza kaleko 6. zenbakiaren paretik bertikalki igoko dira dorre baten bidez Mallonako hilerri zaharraren ate nagusiraino, 50 metroko altuera gaindituz». 1944ko urtarrilaren 19ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialak argitaratu zuen aipatutako ebazpena. 1953an, berriz, emakidaren titulartasuna eskualdatu zen; Ascensores a Begoña, SAren esku geratu zen.

 

 Zegozkion ikuskaritza-txostenak eginda, Eusko Jaurlaritzak egiaztatu zuen emakidadunak zerbitzua eten eta instalazioak itxi zituela 2014ko uztailaren 9an.  Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Zerbitzu zuzendariak etete-espedientea abiarazteko ebazpen bat eman zuen 2014ko uztailaren 22an, Begoñarako igogailuaren emakidadunak emakida bera bertan behera utzi, eta, ondorioz, emakida-kontratua ez betetzeagatik. Izan ere, Ascensores a Begoña, SAk aldebakarreko zerbitzu-etena erabaki, eta instalazioak itxi zituen.

 

«Metro Bilbaok Alde Zaharreko metro-geltokia eta Begoñako Mallona ingurua lotzen dituen eta bakarrik garraio-zerbitzua erabiltzeko baliozko txartela duten Metro Bilbaoren bidaiariek erabili ditzaketen bi igogailu paralelo dituela jakinda, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Bizkaiko Garraio Partzuergoari eskatu zion, abenduaren 30eko 44/1975 legean ezarritakoaren arabera, Bilboko hiri barneko tren zerbitzua ustiatzeko erakunde eskuduna den aldetik, Bilboko metroaren 1. linearen Alde Zaharreko geltokiko igogailua aldi baterako erabilgarri jartzea orain arte Begoñako igogailuen emakidadunak eskainitako zerbitzuaren ordezkoa eskaintzeko, aipatutako erakundearen zehaztapenen arabera», adierazi du Antonio Aizek.

 

Baimena

Metro Bilbao, SAk 2014ko irailaren 11n jakinarazi zizkion Eusko Jaurlaritzari aipatutako zehaztapenak; alegia, erabiliko den igogailuaren deskribapena, ordutegiak, bidaia-txartel erabilgarriak eta balidatzeko arauak eta aseguru eta tarifa aplikagarrien gaineko alderdiak.

 

Ascensores a Begoña, SAk zerbitzua eteteko eta instalazioa ixteko aldebakarreko erabakia hartuta, igogailuaren erabiltzaileak zerbitzua erabili ezinik geratu dira. Hala, erabiltzaile horien mugikortasuna bermatzeko, bidezkoa da ordezko zerbitzua aldi baterako gaitzea.

 

Ordezko zerbitzua aldi baterako eskainiko da, harik eta Begoñako igogailuen emakida-kontratua baliogabetzeko espedientea ebatzi, emakidako ondasunak Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazio orokorrari itzuli, eta igogailu-zerbitzu berria ezartzen den arte, indarreko legediaren arabera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)