Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

300 pertsona inguru joango dira bihar BEC-en egingo den berrikuntzari, teknologiari eta sustapenari buruzko Innovattur biltzarrera

2010.eko ekainak 01

Eusko Jaurlaritzaren Turismo Zuzendaritzak, Segittur sozietateak eta Fundetec fundazioak antolatu dute ekitaldi hori

300 pertsonak berretsi dute bihar joango direla turismoaren, berrikuntzaren eta teknologia berrien alorreko elkargune izango den Innovatur Biltzarrera. Barakaldoko Bilbao Exhibition Center-en egingo den foro hori Eusko Jaurlaritzaren Turismo Zuzendaritzak, Segittur Turismo Berrikuntza eta Teknologiak Kudeatzeko Estatuko Sozietateak eta Fundetec fundazioak antolatu dute.

Innovattur Biltzarrak sektorean berrikuntzaren kultura sustatzeko xedea du, baita produktuen, zerbitzuen eta helmugen esparruan teknologia berrien artean berritzaileenak direnak ezagutzera ematea ere.

Horretaz gain, berrikuntzaren eta teknologiaren esparruan erabakigarriak diren ideiak, esperientziak eta joerak, negozioei eta turismo-enpresari aplikatutako Internet barne, labur-labur azaltzeko eta horietan sakontzeko jomuga ere badu Innovattur Biltzarrak.

Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrilla andreak, Segittur-eko lehendakari Javier Bustamante jaunak, Fundetec-eko zuzendari nagusi Alfonso Arbaiza jaunak eta ITH-ko zuzendari nagusi Álvaro Carrillo jaunak inauguratuko duten elkargune hori. Horretaz gain, hiru mahai-inguru eta Basque Culinary Center-eko zuzendariak egingo duen inaugurazio-hitzaldi bat izango ditu biharko jardunaldiak.

Mahai-inguruak hiru gairi buruzkoak izango dira. Lehenengoan negozioak berrasmatzeko berrikuntzak duen garrantziaren gaiari helduko zaio, eta hainbat enpresak, esate baterako, Rusticae-k edo Respiro-k, gai horretan nola diharduten ezagutzera emango da.

Bigarren mahai-inguruari "teknologia berriak turismoaren zerbitzura" deritzo, eta bertan, Red.es, Tradyso, Ferrovial, El Corte Inglés eta Telefónica konpainietako hainbat ordezkarik azalduko dute teknologia berriek nola sortzen duten gauzak egiteko modua erabat eraldatzeko aukera.

Azkenik, bidaiari berrientzako sustapen modu berriei buruz hitz egingo da, eta horretarako, online sustapeneko kanal desberdinetako -gizarte-sareetako, atari bertikaletako, bilatzaileetako, edota bideo eta mugikorreko kanaletako- hainbat ordezkari garrantzitsuk parte hartuko dute; horretaz gain, Espainiaren kasu praktikoa aurkeztuko da turismo-helmuga gisa.

Foro hori turismo-sektoreko profesional publiko nahiz pribatuei zuzenduta dago, beren erakundeetan berrikuntza-prozesuak ezartzeko ahalmena dutenentzat, hain zuzen ere (jatetxeak, alojamenduak, bidaia-agentziak, garraio-konpainiak, turismo-jarduerak eta -baliabideak, helmuga-kudeatzaileak, eta abar).

www.segittur.es webgunea 

Informazio gehiago izateko:

Segittur: Nuria Muñoz. Tel.: 91 443 07 07 nuria.munoz@segittur.es

Fundetec: María Rodríguez. Tel.: 91 598 36 97 mrodriguez@fundetec.es                                               

Vitoria-Gasteiz, 2010eko ekainaren 1a

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrilla andreak