Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskaltegien 2014/15 ikasturte hasierako ekitaldia Donostian

2014.eko irailak 12

Ikasturte honetako helburuak dira ikasle kopurua handitzea eta elebakarrak euskarara gehiago hurbiltzea A1 eta A2 maila berriei esker

Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak, eta HABEko zuzendari nagusia den Joseba Erkiziak, euskaltegien ikasturte hasierako ekitaldi akademikoa burutu dute gaur Donostiako Miramar Jauregian. Ekitaldian, Karmele Loinazek, euskaltegi pribatu homologatuen ordezkariak, eta Maria Paz Martinek, udal-euskaltegien ordezkariak ere parte hartu dute. Ekitaldiak beste protagonista berezi bat izan du: Julia Marin Arteaga. Bera izan da hizlari gonbidatua.

Iazko datuen berri eta aurtengo erronkak zeintzuk diren aipatu aurretik, duela aste bete aurkeztu zen Poziktibity-ren 3. bideoa erakutsi da. Spot honen protagonistak Anne Igartiburu eta Reyes Prados aurkezleak dira eta bideoan heldutan hizkuntzak ikastearen garrantziaz hitz egiten digute. Inoiz ez da berandu euskara ikasteko eta honen adibide paregabea da Reyes Prados sevillarra. Spotak, euskaltegietan izena emateko epea dagoeneko zabalik dagoela gogorarazten digu.

Euskaltegietan adin, jatorri eta ezaugarri anitzeko pertsonak aritzen dira euskara ikasten. Zenbat eta zer motatakoak diren jakiteko hona hemen Joseba Erkiziak, HABEko zuzendariak, azaldutako datu batzuk (2013/14 ikasturtea):

2013-2014 ikasturtean 32 217 pertsona aritu dira euskaltegietan euskara ikasten.

Ikasleen % 66,6 emakumezkoak dira, eta % 33,4 gizonezkoak. Kopuru honekin, 2012/13 ikasturteko antzeko zifretan bukatu da aurtengo ikasturtea (2013/14), matrikula kopuruari eutsiz.

Ikasleen batez besteko adinari dagokionez, 37 urtekoa dela aipatu behar da. Ikasleen % 54,7, 25-50 urte bitartekoak dira. Bost urtetako segmentutan, 36-40 adina da ugariena.

Jaioterriari dagokionez, gehien-gehienak, jakina, Euskal Autonomia Erkidegoan jaioak dira (% 82,9); % 5,8 atzerrian jaioak dira, % 11,3 Nafarroan, Ipar Euskal Herrian edo estatuko beste lurraldeetan. Bizilekuari dagokionez, %, 15,8 Araban bizi dira, % 51,8 Bizkaian eta % 30 Gipuzkoan.

Formazio akademikoaren aldetik, %45,5 unibertsitate ikasketak dituzte, % 26,5 Batxillerra edo Lanbide Heziketa eta gainerakoak, %27,9 derrigorrezko hezkuntza edo beste.

Lanbideen aldetik, % 25,1 langile espezializatuak edo teknikariak dira, %20,9 ikasleak, % 15,2 administrazioko langileak eta gainerakoak lan arlo desberdinetakoak.

Ikasten ari diren mailari dagokionez, 1. mailan %45,6 aritu dira, 2. mailan % 24,5, 3. mailan % 26,4 eta 4. mailan % 1,8.

2013-2014 ikasturtean HABEren agiri ofizialen bat eskuratu dutenak 4.353  dira.

Hogeita hamar milatik gora ikasle horien ikasprozesua gidatzen, guztira, 1.263 irakasle aritu dira iaz, HABEk homologatutako sarean diren 103 euskaltegietan. Euskaltegi publikoen sarea udal euskaltegiek osatzen dute, udalen titularitatekoak dira eta, guztira, 39 dira. Sare pribatuan edo ekimen sozialekoan, HABEk homologatutako 64 euskaltegi edo barnetegi daude, horietako hainbat azpisaretan antolatuta: AEK, BATUZ, ELKARLAN, IKA…

Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak honako hau aipatu du goizeko agerraldian: “hiru ideia nagusi eta gogo bat plazaratu nahi ditut gaur, euskaltegien ikasturte hasierako ekitaldiaren atarian:

1-    Helduen euskalduntzea da Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren ardatzetako bat.

2-    Heldutan euskara ikastea merezi du. Zergatik? Bi eratako arrazoiak daude: interes pertsonala edo indibiduala, eta interes soziala.

-       Interes pertsonala: euskara ikasiz, norbera aberasten da, norberak gizarteko beste parte baten –euskarazko munduen- bizipenak hobeto ezagutzen eta baloratzen ditu, eta, ondorioz, elkarrekin bizi garenon arteko errespetua areagotzen da.

-       Interes soziala: bi dira hemengo hizkuntzak, eta bi hizkuntzak bizirik nahi ditugu, elkarren ondoan eta elkarren parean. Benetan elebiduna den gizartea izatera iritsi nahi dugu. Bidean goaz. Bizikidetza dugu helburu, baita hizkuntza bien arteko bizikidetza ere.

3-    Posible da heldutan euskara ikastea, helburu lorgarria da.

“Horregatik guztiagatik, eta euskara ikastea merezi duelako, iragartzen dut Jaurlaritzaren gogoa dela aurtengo ikasturtean, 2014-2015ekoan, euskaltegietara bilduko den herritarren kopuruan gora egitea. Eta horretan lagunduko digu, besteak beste, HABEren curriculum berriak. Curriculum berriarekin Hizkuntzen Europako Markora egokituko gara zeharo, orain arte definituta izan ez ditugun bi hastapen edo oinarrizko maila ezarriz: A1 eta A2.”, aipatu du sailburuordeak.

Karmele Loinazek, euskaltegi pribatu homologatuen ordezkariak, hau aipatu du: “hizkuntza bera baino hiztuna izan behar dugu ardatz, norbanakoaren esku baitago euskara erabiltzea, egunerokoan tokia egitea. Arrazoia edozein dela ere, euskararekin harremana garatu nahi duen edonori, bere neurriko bizikleta eman behar diogu euskaltegiok”.

Azkenik, Maria Paz Martinek honakoa esan du goizean: “Asko dira eta izango dira aurten ere gure euskaltegietara hurbilduko direnak. Asko izango dira, beraz, euskara ikasi, aberastu, landu edota, agiriren bat lortu nahian, euskaltegietan arituko direnak, eta, beraz, euskararen munduan murgilduko direnak”.

 

 

Donostian, 2014ko irailaren 12an

 

7 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @juanmateozabala
    2014.eko irailak 12

    Comentario de Twitter:
    Euskaltegien 2014/15 ikasturte hasierako ekitaldia. @pxbaztarrika Heldutan euskara ikastea helburu lorgarria da. http://t.co/vEsxbX1mPy

  • @juanmateozabala
    2014.eko irailak 12

    Comentario de Twitter:
    @pxbaztarrika euskara ikasten duenak gizarteko beste parte baten bizipenak hobeto ezagutzen edo baloratzen ditu http://t.co/vEsxbX1mPy

  • @juanmateozabala
    2014.eko irailak 12

    Comentario de Twitter:
    Euskaltegien 2014/15 ikasturte hasierako ekitaldia Donostian. Inoiz ez da berandu euskara ikasteko http://t.co/vEsxbX1mPy

  • @Hernaniko_UE
    2014.eko irailak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @Poziktibity: [CAST] Acto de apertura del curso 2014/15 en los euskaltegis, http://t.co/Uw3JTnvenf vía @irekia

  • @Hernaniko_UE
    2014.eko irailak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @Poziktibity: [EUS] Euskaltegien 2014/15 ikasturte hasierako ekitaldia #Donostia-n, http://t.co/f3ej96ePyx

  • @Poziktibity
    2014.eko irailak 12

    Comentario de Twitter:
    [CAST] Acto de apertura del curso 2014/15 en los euskaltegis, http://t.co/Uw3JTnvenf vía @irekia

  • @Poziktibity
    2014.eko irailak 12

    Comentario de Twitter:
    [EUS] Euskaltegien 2014/15 ikasturte hasierako ekitaldia #Donostia-n, http://t.co/f3ej96ePyx

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Mari Paz Martin, Karmele Loinaz