Berriak
Eu

Aurrekontuak eta generoan Eusko Jaurlaritzak duen esperientzia azaltzera gonbidatu dute Emakundek Turinera

2014.eko irailak 11

Izaskun Landaida buru duen Emakundeko ordezkaritza bat Turinen (Italia) dago egunotan (irailaren 10etik 12ra) generoa kontuan duten aurrekontuei buruzko mundu mailako mintegian parte hartzen. Gai honetan duen ibilbideagatik gonbidatu dute Emakunde Nazio Batuek, Lanaren Nazioarteko Erakundeak eta Europako Batzordeak.. Munduko gobernu ezberdinen ministerio eta sailetako plan eta aurrekontuetan berdintasuna txertatzeko bultzatu diren esperientzia trukatzea da mintegiaren helburua, emakumeen egoera hobetu eta administrazioa beraren eraginkortasuna hobetzeko asmoarekin.

Testuinguru honetan, Izaskun Landaidak “Genero ikuspegia Euskal Herriko aurrekontuetan” izenburuko ponentzia aurkeztu du. Landaidak 1999tik gaur arte Emakundek eta beste erakunde publikoek alor honetan egindako lana azaldu du: gauzatu diren esperientziak, erabili diren metodologia eta tresnak, gauzatu diren lorpenak eta oraindik lortu ez diren helburuak baita ere. Beste gai batzuen artean, Landaidak Ogasun sailak, beste sailen laguntzarekin, urtero egiten duen txostenaren berri eman du, zeinetan EAEko aurrekontu orokorren genero eragina aztertzen den.

Zuzendariak azaldutakoaren arabera, “urte hauetako esperientzia ikusita, esan dezakegu eman diren aurrerapausuak honako faktoreek eragin dutela: legeak agintzen dituen obligazioak egotea; emakume talde, talde feminista, eta beste talde sozial, politiko eta erakunde mailakoek egindako eskaera esplizitua; eta inplikaturik dagoen langileria politiko eta teknikoa izatea sail ezberdinetan.

“Legegintzaldi honetan dugun helburua da Ogasun eta Finantza sailarekin batera anbizio handiko proiektu integral bat garatzea, genero ikuspegia aurrekontuak lantzeko dauden fase guztietan kontuan izateko, zeinetan gobernuko sail guztiek parte hartzen duten”, esan du Landaidak.

Mintegian Emakundek izan duen parte hartzea Nazio Batuekin eta nazioarteko mailan berdintasunean lan egiten duten beste erakunde batzuekin batera duen kolaborazio lanaren testuinguruan kokatzen da. Mintegi honetan parte hartzeko, bestetik, Emakundek Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzaren eta New Yorkeko Euskadiko ordezkaritzaren laguntza izan du, bertan baitago Nazio Batuen egoitza nagusia.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @anamarti4
    2014.eko irailak 11

    Comentario de Twitter:
    Emakunde explica en Turín la experiencia del Gobierno Vasco en presupuestos y género http://t.co/osPf1tgdlT

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)