Berriak
Eu

Gazteei zuzendutako ikus-entzunezko lehiaketak irekiko du 2014ko Beldur Barik programa

2014.eko irailak 11

Bihar ostirala, irailak 12, Beldur Barik programaren edizio berri bati hasiera ematen zaio. Programa hau urtero egiten da gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko asmoarekin. 2009an sortu zen berdintasunaren aldeko euskal udalen Berdinsarea sarearen barruan. Emakundek antolatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDEL-en babesa eta beste erakunde batzuen laguntza jasotzen du: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saila, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta EITB.

Irailaren 13an Beldur Barik programaren aurkezpena egingo da Legazpin, goizeko 12:00etan. Izan ere, aurten, Beldur Barik Topaketa Urola-Garaiko Mankomunitatean (Ezkio-Itsaso, Lepazpi, Urretxu, Zumarraga) ospatuko da. Programaren aurtengo xehetasun guztiak azaltzeko ekintza burutuko da “ Geltoki Hiribidea” kalean dagoen tunelean: bailarako gazteek Beldur Barik murala osotuko dute. Aurkezpena lehiaketako aurreko urteetako partaideek egingo dute, programaren diseinuan parte-hartzen duten berdintasun teknikariekin batera.

Beldur Barik lehiaketa programaren ekintza nagusienetako bat da. 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek erakutsi behar dute nola neska eta mutilek ezberdintasun egoerei aurre egiten dieten Beldur Barik jarrerarekin. Alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin.

Lanak aurkezteko epea irailaren 12an irekitzen da eta azaroaren 12an itxiko da. Parte-hartzeko bi kategoria daude: batetik, 12-17 urte bitartekoak, eta, bestetik, 18-26 bitartekoak. Lehiaketan parte hartu daiteke bakarka edo taldeka (ikastetxe bat, gela bat, elkarte bat). Iazko edizioan 151 lan eta 1066 gazte aurkeztu ziren. Datuek erakusten dute,beraz, urtean-urtean lehiaketaren harrera ona handitzen doala. Programak, gainera, Beldur Barik jarrera garatzeko gazteekin batera, www.beldurbarik.org web-a eta hainbat sare sozialetan (facebook, twitter eta tuenti) perfil propioa ditu. Sortutako eduki eta interaktuazioarekin, hausnarketa eta eztabaida prozesuak ireki nahi dira. Helburua da jarrera eta jokabide sexisten eraldaketarako espazio positibo eta erreferentea sortzea, non kultura matxistarekin hausten duten pertsona eta ekimenak ezagutzera ematen diren.

Beldur Barik jarrera

Beldur Barik ez da bakarrik ikus-entzunezko lehiaketa bat, aurkeztutako lanek Beldur Barik jarrera azaldu behar baitute. Hau da, kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen desberdinak eraldatzeko norbanako zein taldekako konpromisoa islatu behar dute. Beraz, kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, nesken jabekuntzatik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen matxismoaren aurkako konpromisoa erakusten dutenak.

Adierazpen artistiko mota oro onartuko da, baldin eta ikus-entzunezko formatuan aurkezten bada. Kategoria bakoitzeko 500 euroko lehen sari eta 300 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko herriaren saria emango da. Aurten, gainera, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratzeko saria emango da: 300 euroko saria jaso eta 3 lurraldeetako festibal artistikoen zirkuito batetan (oraindik zehaztu gabe) hedatua izateko aukera izango du.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute: proiektua bultzatzen duten instituzioetako ordezkariak; sorkuntza, kultura eta hezkuntza arloekin lotutako emakume feministak; eta aurreko urteetako lehiaketako partaideak. Epaimahaiak kategoria bakoitzeko sariak eta sari artistikoa aukeratuko ditu, eta herriaren saria, berriz, Beldur Bariken You tube kanalean egindako herri bozketak erabakiko du. Proposamenak jarrera@beldurbarik.org helbidera bidali behar dira.

Urola-Garaiko Mankomunitatea, Beldur Barik Herria

Aurten, saritutako lanak azaroaren 29an ezagutuko dira, Beldur Barik Topaketan. Urtero antolatzen den topaketa da, zeinetan jai giroan eztabaidak, prestakuntza tailerrak eta bestelako ekintzak antolatzen diren. Topaketa, aurten, Urola-Garaian ospatuko da: tailerrak Zumarragan izango dira eta sari-banaketa Urretxun.

Informazio gehiago: www.beldurbarik.org

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @anamarti4
    2014.eko irailak 11

    Comentario de Twitter:
    Arraca una nueva edición de Beldur Barik con un concurso audiovisual para chicas y chicos http://t.co/wMePTTOIIC

Komunikabideek behera kargatzeko