Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskal Teatroak bi ekoizpen eramango ditu Tarregako kaleko antzerki azokara

2014.eko irailak 10

Markeliñe eta Kukai konpainiek euren ekoizpenak aurkeztuko dituzte Fira Tàrregan

Euskal antzerki eta dantza taldeen parte hartzea aurten ere ziurtatuta egongo da Tarregako (Lleida) Kaleko Antzerki Azokan, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Teatroa ekimenaren bitartez. Markeliñe eta Kukai taldeek euren ikuskizunak emango dituzte aste honetan –irailaren 12tik 14ra bitartean- Tarregako kaleetan, Europako antzerki azokarik garrantzitsuenetakoa den Fira Tàrrega azokan.

Euskal antzerki taldeen ibilbide profesionalari bultzada ematea du helburu Euskal Teatroa ekimenak, bai Tàrregan eta baita bisitatu ohi dituen gainerako jaialdietan ere. Euskal taldeen presentzia nazioarteko jaialdirik garrantzitsuenetan ziurtatzen du ekimenak, eta ondorioz, kontratu berriak lortzeko aukerak ugaritu egiten zaizkie euskal konpainiei. Mundu guztiko programatzaileen topaleku den azokan, gainera, standa izango du Euskal Teatroak. Aurkezten diren ekoizpenen inguruko informazioa emango zaio bertan interesa erakusten duen orori.

Tarregako azoka, 34. ediziora iritsita, ezinbesteko bitarteko bilakatu da euskal taldeek nazioarteko merkatu berrietarako jauzia egin dezaten, eta emaitzak urtez urte ikusten dira. Aurten, 19. urtea du jarraian Euskal Teatroak Fira Tàrrega azokan, eta bi euskal talderen presentzia ziurtatuko du.

Markeliñek “Andante…” lana aurkeztuko du Tarregako kaleetan. Maskara-antzerkia da, ahaztu beharko ez genituzkeen istorioak poetikoki, hitzik gabe eta umore-sen zainduarekin kontatzen dituena. Gerra-istorioak. Andante oinetako ibiltarien ilara luze bat da. Ibilian, babesgabetasunaren eta suntsiketaren arrastoak uzten dituzten oinetakoak. Etorkizun hobe baten itxaropenarekin estropezu egiten dute, eta porrot kolektibo batean pilatzen dira.

Kukai dantza taldeko dantzariak berriz “Gelajauziak” ikuskizunarekin joango dira Tarregara. Jon Maya eta Cesc Gelabert koreografoaren harremanaren eta gogoetaren ondorio da proiektu hau. Bi dantza sozial daude proiektuaren oinarrian: Gipuzkoako soinu-zaharrak eta Lapurdiko dantza-jauziak. Mugaren bi aldeetara garatu diren bi dantza sozial, belaunaldiz belaunaldi transmititu diren bi multzo koreografiko aberats, beraz,

Atxikitako prentsa dossierrean, Tarregan parte hartuko duten euskal ekoizpen hauen gaineko informazio xeheagoa eskura daiteke, bai eta ikuskizunen argazkiak ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko