Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

BERRIZ-Enpresa, Merkataritza/Turismoan enpresa-transmisioaren prozesu osoa laguntzeko programa berria, Euskadi osoko 24 enpresekin hasten da

2014.eko irailak 10

 

  • Hiru eskualde: Tolosaldea (Gipuzkoa), Eskuinaldea (Bizkaia) eta Gasteiz (Araba); horietan 24 enpresak enpresa-eskuordetze  eraginkorra egiten hasi dira 2014ean, eta etorkizunean beste eskualde batzuetara ere zabalduko da.
  • Eusko Jaurlaritzak zuzentzen du programa Eusko Ganberekin batera, uneoro tutoretzapeko babesa egon dadin, eta behar diren erakunde guztiak barne hartuta: aldundiak, udalak, enpresa-erakundeak, unibertsitateak, banku-erakundeak, Garapen Agentziak, Lanbidek eta ekintzaileak

 DONOSTIA. Merkataritza eta Turismoko sailburu Itziar Epalzak BERRIZ-Enpresa proiektua aurkeztu du gaur Donostian Eusko Ganberen presidente José Ángel Corres eta Tolosako Aralar Kirolak saltokiaren jabearekin batera.

 Merkataritza eta Turismo sektorerako enpresa-transmisio planak jartzen ditu abian lehen aldiz programa horrek. Laguntza ematera mugatu ordez, prozesuaren tutoretza osoa ahalbidetzen dute, era horretan negozioaren jarraitutasuna eta enpleguei eustea bermatzeko.

 Hiru eskualdetan abiaraziko da programa, hiru lurraldetan bana, eta eremu berrietara zabalduko da datozen urteetan. Gipuzkoako Tolosaldean 11 enpresa ari dira lanean transmisio eraginkorra lortzeko; horiez gain, beste 6 daude Eskuinaldean (Bizkaia) eta 7 Gasteizen (Araba).

 Transmisio-prozesu bati ezin diotelako arretarik eman enpresa itxi behar izatea saihestea da helburua, horiekin batera inguruan jarduera ekonomikoa eta kalitateko enplegu asko gal ez daitezen.

 Enpresa baten transmisioaren bidez bere jabetza beste pertsona fisiko edo juridiko bati eskualdatzen zaio, horren jarraipena eta jarduera bermatzeko. Transmisio hori familia-esparruan edo enpresatik kanpoko hirugarrenei salduz gerta daiteke.

 «BERRIZ-Enpresa sortu dugu, kasuaren arabera enpresak eskuordetzen laguntzeko mekanismoak ziurtatzeko», adierazi du Epalzak. «Eskaintzaren eta eskariaren arteko korrespondentzia erraztuko dugu, lehendik diren enpresen jarraipena eta hazkundea bermatuz, berriak sustatzea bezain garrantzitsua baita alderdi hori».

 Jabeen adina aintzat hartuta, Euskadiko txikizkako 26.000 saltokien eta turismo-enpresen % 20/25a egon daitezke interesaturik transmisioa egitean. Nolanahi ere, programa jardueraz aldatu nahi duten guztientzat ere aktibatu da, arrazoiak edozein izanik ere.

 Eusko Jaurlaritza eta Eusko Ganberak elkarrekin lan egiten ari dira programa honekin emaitzak erdiesteko. Euskadiko enpresa-transmisioko proiektu horretan eragile hauek esku hartzen dute: udalek, aldundiek, enpresa-erakundeek, unibertsitateek, enpresek, ekintzaile berriek, Garapen Agentziek, Lanbidek eta banku-erakundeek.

 BERRIZ-Enpresa

 BERRIZ-Enpresa abiarazi da erretiro-adinera hurbiltzen ari diren enpresaburuei zein enpresaburu berriei arreta emateko, baita jarduera aldatu nahi dutenei ere. Helburu zehatzak izango ditu:

 Sentsibilizazioa. Planifikazioa berandu hastea da transmisioari lotutako arazoen eragileetako bat. Aurrerapen handiz prestatu beharraren gainean sentsibilizatzea ezinbestekoa da trantsizioa arrakastatsua izan dadin.

 Enpresa-aholkularitzako zerbitzuak sortzea. Enpresen transmisioak arazo konplexuak sortzen ditu –hala nola oinordetzari buruzko legedia, fiskalitatea, enpresa saltzeko prestatu beharra, prezioaren balorazioa...–, eta horregatik, espezialisten aholkularitza jartzen da interesdunen eskura.

 Merkatu gardenak antolatzea enpresak eskualdatzeko. Gero eta enpresa gehiago hirugarrenei eskualdatzen zaizkie. Horregatik, erosleen eta saltzaileen arteko bitartekari inpartzial modura jokatzen duten egiturak abiarazi behar dira, enpresen transmisiorako merkatu gardenak antolatu ahal izan daitezen.

 Enpresa-transmisioen finantzaketa. Eskuratzen diren enpresak handiagoak izaten dira eskuratzeko momentuan enpresa berriak sortzeko momentuan baino. Hori dela-eta, lehendik dagoen enpresa bat erosteak, sarritan, kapital handiagoa eskatzen du berri bat sortzeak baino. Lagundutako maileguek (interes-tasa lehenetsiak dituzte), bermeak emateak eta kapital sozialaren era ezberdinek, aldi mugatuan, enpresa bat eskuratzea errazten diete askori.

 Informazio gehiago: www.berrizenpresa.com

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CyberEuskadi
    2014.eko irailak 10

    Comentario de Twitter:
    "BERRIZ-Enpresa, nuevo programa para tutelar el proceso completo de transmisión empresarial en Comercio/Turismo http://t.co/9PBMFKqxhp