Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Euskal Enplegu Publikoaren Lege berriaren zirriborroari dagokion herri-galdeketako eta alegazioetako faseari ekin dio Eusko Jaurlaritzak (2014-09-09(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko irailak 09

 

LABURPENA

  • EAEko hiru maila instituzionaletan lan egiten duten 110.000 laguni baino gehiagori eragiten die Aurreproiektuak eta, hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta EUDELek elkar hartuta egindako lana du oinarri. Orain sindikatuekiko negoziazioari ekingo zaio.
  • Herri Administrazio bakoitzak jardun profesionala eta errendimendua ebaluatzeko eta baloratzeko bere sistema sortu ahal izango du, hartara langile orok karreran gora egin ahal izan dezan.
  • Lanbide Publikoko Zuzendaritza sortuko da, ekonomikoki lagundua, funtzionarioek eta langileek bertara jo ahal izan dezaten.
  • Euskal Enplegu Publikoaren Legearen Aurreproiektuaren testua Eusko Jaurlaritzaren www.euskadi.net webgunean dago ikusgai, eta gaurtik aurrera egongo da Irekian jendaurrean ipinita, herritarrek parte har dezaten.

Euskal Enplegu Publikoaren Legea aztertu du gaur Gobernu Kontseiluak, eta gaurtik aurrera egongo da abian hari dagokion herri-galdeketa eta alegazio-fasea. Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta EUDELek elkar hartuta egindako lanaren fruitua da testua, eta enpleguko sistema publikoa eguneratzea du helburu, orain dela 25 urtez geroztik -1989z geroztik- Euskal Funtzio Publikoaren Legeak araututa baitago.

Halaber, sindikatuekin eta, oro har, sektore publikoko langileekin batera aztertu nahi du Jaurlaritzak zirriborroa; hori dela eta, aste honetan bertan egin du Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorraren deialdia, lege berriari buruzko saio monografiko bat egitearren. Horrekin batera, langile publikoentzako hainbat saio informatibo ere egingo dira hiru Lurralde Historikoetako Aldundien egoitzetan.

110.000 LANGILE

Euskal Administrazio Publikoen zerbitzuan lan egiten duten 110.000 pertsonei eragingo die Euskal Enplegu Publikoaren Lege berriak. Zehazki,

  • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko langileei, haren Administrazio Instituzionala zein berezko izaera juridikoa duten haren mendeko erakundeak barne.
  • Lurralde Historikoetako Foru Administrazioetako langileei, haien Administrazio Instituzionalak zein berezko izaera juridikoa duten haien mendeko erakundeak barne.
  • Toki Administrazioetako langileei, haien Administrazio Instituzionalak zein berezko izaera juridikoa duten haien mendeko erakundeak barne.
  • Euskal Herriko Unibertsitateko langileak, Administrazio eta Zerbitzuetakoak bakarrik.
  • Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko langileak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordekoak, Lan Harremanen Kontseilukoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegikoak, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilukoak, Datuak Babesteko Euskal Bulegokoak eta Kontratuen Inguruko Errekurtsuen gaineko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Organokoak. Halaber, aipatutako Administrazioen mendeko parte-hartzeko, kontsultako, aholkuko nahiz kontroleko beste organo orotakoak, jarduteko unean horien sortze-legeek independentzia aitortu badiete.

KARRERA PROFESIONALAREN AINTZATESPENA

Eusko Jaurlaritzak uste du giza baliabideak direla euskal herri-administrazioen aktibo nagusia; hori dela eta, lehen aldikoz zabaldu die langile publiko guztiei -lan-itunpekoei zein funtzionarioei- karrera profesionala egiteko aukera, hartara beren jardun profesionalak hala merezi izanez gero, aintzatespen profesionala jaso ahal izan dezaten.

Jardun profesionala eta errendimendua edo emaitzen lorpena ebaluatzeko eta baloratzeko sistemak ezarriko dira langileek beren karreran gora egin ahal izan dezaten eta ordain-kondizioak hobetu, lanpostuz aldatu beharrik izan gabe. Garapen profesionalaren hainbat gradu definituko dira, eta horiek gainditu ahala gora egingo dute langileek.

Maila instituzional bakoitzak (EAE, Lurralde Historikoak, Udalak) bere ebaluazio-sistema eta ordain-kondizioak hobetzeko bere eskala finkatu ahalko ditu; haatik, aurreproiektuaren testuak dio nolabaiteko homogeneotasuna gorde beharko dela oro har erakunde guztietan.

Horrez gain, bada beste berritasun bat ere: langile publikoek zuzendaritza mailako lanpostuetara sartzeko aukera izango dute meritua eta gaitasuna aintzat hartuko dituen prozedura publiko baten bitartez. Zuzendaritza Publiko Profesionala sortuko da.
Lanpostu publiko horiei ordain aldagarriko sistema bat aplikatuko zaie, helburuak betetzearen araberako osagarri baten bidez.

NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA

Testuak dakarren beste berritasun bat da Euskal Administrazio Publikoen Negoziazio Mahaia sortzeko aukera, sindikatuak eta EAEko hiru maila instituzionaletako ordezkariak bilduko dituen negoziazio kolektiboko organoa, hain zuzen ere.

Halaber zainduko da bereziki, Euskadiko Enplegu Publikoa Koordinatzeko Batzordearen bidez, administrazioen arteko koordinazioa; besteak beste, langileak administrazio batetik beste batera igarotzeko gidalerroak eta administrazioen artean elkarlan-hitzarmenak sinatzekoak prestatzeko zeregina izango du organo horrek.

Euskal Enplegu Publikoaren Legearen

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau