Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadin klima aldaketa arintzen lagun dezaketen karbono hustutegiak identifikatu ditu

2014.eko irailak 09
  • Lurzoruan bildutako karbono kantitatea guztira 75 milioi tonakoa da.

 

Euskadiko basoetako zoruek CO2 kantitate bikoitza gorde dezakete, behar bezala kudeatzen badira. Hori da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak argitaratu duen Euskal Autonomia Erkidegoko karbono-hustutegiak: bahitzeko ahalmena eta horiek sustatzeko neurriak txostenaren ondorioetako bat. Euskadiko karbono-hustutegi nagusiak identifikatzen ditu eta karbonoa biltzeko duten gaitasuna azaltzen du, berotegi-efektuko gasen isurpenak eragiten duen klima-aldaketa arintzeko neurriak hartzeko. Gaur egun, Euskadiko lurzoruko karbono-hustutegi naturaletan 75 milioi tona karbono daude bilduta.

«Atmosferako CO2-a bahitzeko edo finkatzeko gaitasuna dutenez, karbono-hustutegiak, baso-biomasa edo lurzoruak kasu, ezinbestekoak dira klima-aldaketari aurre egiteko», adierazi du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariak.

 Landaredia CO2 hustutegien eginkizuna du, fotosintesiaren bidez atmosferatik ateratzen duelako eta finkatutakoa ehunetan metatzen duelako. Biomasako karbonoaren zati bat atmosferara askatzen da landareen arnasketa- eta deskonposatze-prozesuen bidez, eta gainerakoa egurrean eta lurzoruko materia organikoan biltzen da.

 CO2-a bahitzeko duten ahalmenagatik, baso-masa eta lurzorua klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko estrategiak ezartzeko elementu garrantzitsu bihurtu dira. Gainera, behar bezala antolatu eta kudeatuz gero, karbono gehiago bahitu ahalko dute eta onura handiagoa egingo diote ingurumenari.

 EAEko hustutegiak eta CO2-a xurgatzeko haien ahalmena zehazki ezagutzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko karbono-hustutegiak: bahitzeko ahalmena eta horiek sustatzeko neurriak txostenak lurzoruaren erabilera ezberdinen ondorioz EAEn dauden berotegi-efektuko gasen isurpenak eta fintzeak kontabilizatzen ditu.

 «1990. eta 2008. urteetan prestatutako berotegi-efektuko gasen inbentarioen bidez jakin izan dugu CO2-a isurtzeko edo finkatzeko duten ahalmenagatik bi biltegi nagusi daudela: baso-biomasa eta lurzoruak», gehitu du Barredok.

  Egindako azterlanei esker estimatu da basoak behar bezala antolatuz eta kudeatuz gero, EAEn egungoa baino % 52 karbono gehiago finka daitekeela. Halaber, basoak, larreak eta nekazaritzako lurrak kudeatzeko jardunbide egokien bidez, lurzoruko karbono organikoa galtzea saihesteaz gain, lurzoruan karbono organikoa biltzen lagundu eta horren kantitatea handitu daiteke, estimazioen arabera, EAEko basoetan % 70, larreetan % 40 eta belarki- eta zur-laboreetan % 50.

 Azterlanerako Klima Aldaketaren Nazioarteko Panelaren (IPCC) metodologia eta jarraibideak erabili dira, tokiko ezaugarrietara egokituta. Horretarako, lurzoruaren mila lagin baino gehiagotako karbono-edukia aztertu da. Gainera, laginetako landare motak, zoruaren osaera (buztina, lohia...) eta tokiko ezaugarri litologikoak hartu dira kontuan karbono-potentziala estimatzeko.

  Baso-biomasak eta zoruak CO2-a finkatzeko duten gaitasuna mugatua izan arren, eta berez klima-aldaketaren arazoa konpondu ez arren, beharrezkoa da gaitasun hori erabiltzea, berotegi-efektuko gasen isuriak txikitzeko eginkizunean denbora irabazteko. Halaber, arintze-neurriek beste onura batzuk dituzte ingurumenaren ikuspuntutik: nekazaritzako lurrak, larreak eta basoak jasangarri kudeatzeko moduak dira eta, ondorioz, uraren eta zoruaren kalitatea hobetzen laguntzen dute eta, oro har, ingurune naturalarena.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)