
Cristina Uriartek 2014-2015 ikasturteari hasiera eman dio Mungian
- 2014-2015 ikasturtea aurrematrikulatutako ikasleen %0,99ko igoerarekin hasi da (3.612 gehiago), iazkorekin alderatuta.
- D ereduak gora egin du hiru Lurralde Historikoetan eta hezkuntza ziklo guztietan, Lanbide Heziketan bereziki, %12,5eko igoerarekin.
- Sare publiko eta pribatuaren arteko orekak Euskal hezkuntza Sistemaren ezaugarri izaten jarraitzen du.
- Gelako ikasle ratioetan eta irakasleen eskola-ordutegietan ez dago aldaketarik.
Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak 2014-2015 ikasturteari hasiera eman dio gaur, Mungiako (Bizkaia) Haur eta Lehen Hezkuntzako Legarda Ikastetxera egin duen bisitarekin. Ikasturtea 368.516 ikasle aurrematrikulatu dituela hasten da aurten (0-2 urte, Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Hezkiketa), aurreko ikasturtean baino %0,99 gehiago. Hala ere, iazko ikasturtean antzematen hasi zen eran, Haur Hezkuntzako aurrematrikuletan jaitsiera ikusten da. Zehatzago, 0-2 urteko zikloan %2,89 egin du behera, eta %0,68 jaitsi da 3 urtetik 5era bitartekoan. Beherakada hauek, ziurrenik, Euskadin gertatu den jaiotza tasaren jaitsierak eragindakoak izan daitezke, beste zenbait arrazoiren artean.
Hezkuntza sareei dagokienez, Euskal Hezkuntza Sistemak sare publikoaren eta pribatuaren arteko oreka mantentzen jarraitzen du. Portzentaje hau hamarreko batean besterik ez da aldatu iaztik, sare publikoaren alde. Ikasturte honetan, ikasleen %50,3 sare publikoan dago, eta gainerako %49,7 pribatuan. Datu hauei Lanbide Heziketak ematen dituen portzentajeak gehitzen badizkiegu, sare publikoa Euskal Hezkuntza Sistemaren %51,1 da. Ikasleek hautatzen dituzten hizkuntza ereduak aztertzen hasita, azken urteetan nagusi den joerak jarraitzen du. D eredua gora doa, A eta B ereduen kalteko. D ereduak ia puntu eta erdiko gorakada izan du aurreko ikasturtearekiko: %67,3-tik %68,8-ra. Ikasleen %21,2k B eredua hautatu dute (8 hamarreneko jaitsiera), eta gainerako %10 berriz, A ereduan daude (7 hamarreneko jaitsierarekin). D ereduaren igoera Lanbide Heziketan izan da bereziki nabarmentzekoa. Matrikula datuak eskuan ditugula, %12,5eko igoera ikus daiteke aurten Lanbide Heziketako zikloren bat euskaraz burutuko duten neska-mutilen artean, iazkoarekiko alderatuta.
Lanbide Heziketan matrikulatutako ikasleen kopuruak ere gora egiten jarraitzen du: 2013-2014 ikasturtean baino %8,5 gehiago. 34.104 ikaslek hautatu dute aurten Euskadin eskaintzen diren 107 heziketa-zikloetakoren bat ikastea. Gainera, horietatik 410 ikaslek parte hartuko dute ikasturte honetan Ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa dualean. Aurreko urtearekiko %72ko igoera esan nahi du kopuru horrek. Formazio dual honetan –ikastetxeetan eta enpresetan jasotzen du ikasleak formazioa- parte hartuko duten enpresen kopurua ere handitu egin da. 326 enpresa izango dira orotara aurten, joan zen ikasturtean baino %85 gehiago.
Lehen eta Bigarren Hezkuntzan 79 unitate edo talde gehiago sortu dira, ikasle kopuruak gora egin baitu. Horregatik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 190 irakasle gehiago gehitu ditu, horiei erantzun emateko. Era berean, irakasleen eskola-ordutegian, eta geletako ratioetan ez da inolako aldaketarik izan.
2014-2015 ikasturte honetan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak premia bereziak dituzten ikasleei erantzun ematen jarraitzen du. Hezkuntza-Premia Berezietara bideratutako baliabideak ugaritu egin dira, batez ere hezkuntza-laguntza emateaz arduratzen diren profesionalen kopurua.
Prest_gara programa martxan jarriko da aurten, prestakuntzara ikuspegi berria dakarren programa. Hezkuntza-komunitate guztiari zuzendutako prestakuntza-plana da, ez soilik irakasleentzakoa. Ikasleen ikasketa-prozesuan zeresanik duten pertsona guztiengana zabalduko du formazioa, ikastetxearen beharrei erantzuna ematea helburu hartuta. Era berean, 2014-2015 ikasturte honetan Hamaika esku programa ere jarriko da abian. Emaitza akademiko hobeak lor ditzaten arreta eta ardura berezia behar duten ikasleei zuzenduriko programa da hau. Bestalde, iazko ikasturtean abiatutako Hauspoa plan pilotuak ere jarraituko du. Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei autonomia handiagoa emateko sortutako planak, honako helburu hau du: ikasleak oinarrizko ikasketak amaitzean, pertsona bezala hazi eta garatzeko behar dituen oinarrizko konpetentziak hobeto eskuratzea.
Ikasturte honetan, proiektu eleaniztunak aurkezteko deialdiei esker, ugaritu egingo da hizkuntzen formazioa bultzatzen duten ikastetxeen kopurua, ikasleek atzerriko hizkuntzen bidez eduki gehiago jasotzea ahalbidetuz horrela. Ikastetxe berri hauek, Hizkuntza Hirueledun Markoan parte hartu dutenekin batera, eta lehendik ikastetxeko proiektu eleaniztunak bultzatzen ari direnekin, laguntzak izango dituzte: laguntza ekonomikoak eta ordu-kredituak.
Lehen Hezkuntzako 1, 3. eta 5. mailetan LOMCE ezartzeari dagokionez, beronen eragina oharkabean pasatuko da ikasgeletako egunerokoan, bai ikasleentzat eta bai familientzat, alde gutxi baitago aurreko ikasturtearekiko maila horietan. Bitartean, Heziberri 2020ren bidez, Eusko Jaurlaritzak dekretu curricularrak zehazteko lanean jarraituko du, hezkuntza-komunitatearekin elkarlanean, hezkuntza-sistema sendo eta goranahiko baten oinarriak ezartzea helburu hartuta.
-
2014-09-10
Comentario de Twitter:
RT: "@IkaslanEuskadi: Cristina Uriarte da inicio del curso 2014-2015 en Mungia: interesantes datos de @FPeuskadi http://t.co/rT1fue1mTY" -
2014-09-09
Comentario de Twitter:
Cristina Uriarte da inicio del curso 2014-2015 en Mungia: interesantes datos de @FPeuskadi http://t.co/FZW1HyVT0V