Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Oka Iruñako Bigarren Hezkuntzako ikasleek eraikin berrian hasiko dute ikasturtea

2014.eko irailak 05

Eusko Jaurlaritzak 3,8 milioi baino gehiago bideratu ditu Langraiz Okan Badaia institutu berria eraikitzeko

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek eraikin berria estreinatuz ekingo diote 2014-2015 ikasturteari Iruña Okan datorren astelehenean: Bigarren Hezkuntzako Badaia Institutuaren (Badaia BHI) eraikin berrian hasiko dituzte eskolak. Eskualdeko ia 200 ikasle hartuko ditu ikastetxe berriak bere instalazioetan, eta 33 irakasle arduratuko dira horien heziketaz Joan den ikasturtera arte Bigarren Hezkuntzako ikasketak Jose Migel Barandiaran ikastetxean burutzen ari ziren ikasle hauek. Badaia BHI berria eraiki eta martxan jarrita, eraikin propioa eskaintzen zaio DBHri Langraizen, eta onura nabarmena honela Añanako Eskualdeko eskola-maparentzat. Lehen Hezkuntza Jose Migel Barandiaran (Langraiz Okan), Unamunzaga (Erribera Beitian) eta Gobea ikastetxeetan (Gaubean) amaitu duten ikasleei euren eskola-ibilbidean jarraipena eskainiko die Badaia institutuak. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak  3.806.648,71 euro bideratu ditu eraikin berria jasotzeko.

Ikasturtea hasteko egun gutxi gelditzen den honetan, Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak, eta Blanca Guerrero Arabako Hezkuntza Lurralde ordezkariak (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailekoak) bisita egin dute gaur goizez zentro berriaren instalazioetara, ikastetxeko bertako zuzendaria gidari zutela. Bisitaldian zehar, sailburuordeak “satisfazio” hitza erabili du gaurko bista deskribatzeko. “Bisita pozgarria izan da benetan. Satisfazio handia da ikastetxe berri bat, Bigarren Hezkuntzako institutu bat, ikasturte berria hasteko prest eta amaituta ikustea. Eta poza handiagoa da gainera kasu honetan:  udalerri honek azpiegitura honen benetako beharra zeukala kontuan izanda, eta Añanako Eskualde honetan Bigarren Hezkuntzako institutu publiko bakarra hauxe dela kontuan izanda”, azaldu du.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 2014-2018 aldirako abian daukan Azpiegiturak Hobetzeko Planaz ere hitz egin du Garamendik.“  Plan horren emaitza bat da eraikin hau, dagoeneko begien aurrean ikusi dezakegun eta erabilgarri daukagun emaitza erreala. Azpiegituren Hobekuntza Plan honek, ez dut datu hau azpimarratu gabe utzi nahi, 1000 euroko inbertsioa aurreikusten du Euskadiko ikasle bakoitzeko. Baina eraikuntza eta azpiegitura handiez gain, planak arreta berezia ipintzen die ikastetxeetan irisgarritasuna lortzeko egin beharreko lanei ere. Eta irisgarritasuna hobetzeko burutzen diren lan horiek, beste guztiak bezain inportanteak dira, eskola inklusiborako bidean”. 

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak plan horrek Arabarako jasotzen dituen beste lehentasun batzuk ere izan ditu hizpide. Hala nola, Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako Mariturri Ikastetxea –lanak abuztuan hasi dira-, Zabalganako institutu berriaren proiektua, eta  Salburuako Errekabarri ikastetxea.

Badaia BHIren instalazioak

Badaia Bigarren Hezkuntzako Institutu berria Langraiz Okan dago (Iruñako Okako udalerrian), eta eraikitako 3.500 m² baino gehiago ditu. Horiei, kanpoko bi jolastoki gehitu behar zaizkie: 1.056 m²-koa bata, estalia, eta 2.335 m²-koa bestea.  Ikasturte berriarekin, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hiru lerro hartuko ditu eraikinak.

Ikastetxearen instalazio guztiak behe solairuan eta haren gainean eraikitako bi solairuetan banatzen dira. Behe solairuan, zuzendaritza eta administrazio guneez gain, gimnasioa, aldagelak, liburutegia, jangela eta erabilera anitzeko gela daude. Lehen eta bigarren solairuetan berriz, 12 gela arruntak, plastika gela, teknologia tailerra, informatika gela, zientzia laborategia, musika tailerra eta hezkuntza bereziko gela daude, mintegiekin eta banaketa-gelekin batera. Azkenik, kanpoan, Badaia BHIk bi jolastoki ditu, horietako bat estalia.

BADAIA BHI BERRIAREN EZAUGARRI NAGUSIAK:

•           Badaia BHI: DBHko ikastetxe berria, hiru lerrokoa (12-16 urte)

•           Eraikitako azalera:  3.559,1 m² + 2.391 m² kanpoko jolastokietan

•           Aurrekontua: 3.806.648,71 euro (BEZ barne)

•           Solairuak: behe solairua + 2 solairu gainean

•           Instalazioak:

                        12 ikasgela (61 m² bakoitzak)

                         Teknologia tailerra (101 m²)

                         Musika, antzerki eta audio tailerra (52 m²)

                         Informatika gela (50 m²)

                         Plastika eta ikusizko hezkuntzarako gela (55 m²)

                         Hezkuntza berezirako gela (25 m²)

                         3 banaketa-gela (28 m² bakoitzak)

                         Zientzia laborategia (50 m²)

                         Liburutegia (90 m²)

                         Gimnasioa eta aldagelak  (468 m²)

                         Jantokia   (100 m²)

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Blanca Guerrero