Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen ituna egin dute eta ez dute Konstituzio Auzitegira joko

2014.eko irailak 04

 

• Itunaren bidez, hainbat artikuluren interpretazioa argitu dute, Euskadik ingurumenaren arloan duen eskumenari eusteko.

• Euskadi-Estatua Bitariko Batzordean sei hilabetez negoziatzen aritu ondoren lortu dute ituna, eta Espainiako Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dute.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak eta Espainiako Ogasun eta Herri Administrazioetako ministro Cristóbal Montorok abenduaren 9ko Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen aurkako inkonstituzionaltasun-helegitea ez aurkeztea ekarriko duen hitzarmen bat sinatu dute.

Ituna laster argitaratuko dute Espainiako Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Bi gobernuek Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Bitariko Lankidetza Batzordean izandako negoziazioaren emaitza izan da.

Lehenik, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak 49. eta 50. artikuluen interpretazioa adostu dute. Hala, Euskadik parte hartuko du Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioak egiten dituen mugaz gaindiko kontsultetan, baldin eta Euskadik gauzatutako jarduera batek hirugarren estatu bati eragiten badio edo hirugarren estatu baten ekintza batek Euskadin eragina baldin badu. Ingurumena Ebaluatzeari buruzko Legearen jatorrizko testuan, autonomia erkidegoen partaidetza mugatua zen kasu hauetan. Akordioaren ondorioz, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioak lankidetzan aritu beharko du, Euskadiri esleitutako eskumenei ez eragiteko.

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren arabera, garrantzitsua da Espainiako Gobernuak, Legearen 4. artikuluan, zehaztu dezala Ingurumen Gaietarako Biltzarra kontsultarako, lankidetzarako eta informazioa trukatzeko erakundea dela. Izan ere, Espainiako legearen helburua autonomia erkidegoetan legedia aldaketak egiteko gaitasuna ematea zen.

Azkenik, argi utzi dute urtebeteko epean beren araudia Espainiakora egokitzen ez duten autonomia-erkidegoei ezingo zaiela lehentasun-klausula aplikatu. Espainiako Gobernuak Ingurumena Ebaluatzeari buruzko Legea indarrean jarri eta urtebeteko epean autonomiaren legedia estatukora egokitzen ez zuten erkidegoetan Espainiakoa aplikatzea nahi zuen.

BEDERATZI AKORDIO LEGEALDIAN

Itun honetaz gain, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak beste zortzi sinatu dituzte, osoak edo partzialak, eskumenak zapaltzeagatik konstituzio-kontrakotasuneko helegiterik aurkeztu behar ez izateko:

• Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko 14/2012 Errege Lege Dekretua. (Akordio partziala).
• Osasunari buruzko 16/2012 Errege Lege Dekretua. (Akordio partziala).
• Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Euskadiko Legea.
• Kiroleko dopinaren aurkako Euskadiko Legea.
• Euskadiko Aurrezki Kutxen Legea.
• 2/2013 Legea, maiatzaren 29koa, itsasbazterraren babes eta erabilera jasangarriari buruzkoa eta uztailaren 28ko Kostaldeei buruzko 22/1988 Legea aldatzen duena.
• 8/2013 Legea, ekainaren 26koa, hirien birgaitze, biziberritze eta berrikuntzari buruzkoa.
• 20/2013 Legea, abenduaren 9koa, Merkatu Batasuna bermatzekoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)