Berriak Osasuna

Osakidetzak enplegu publikoaren alde egiten jarraituko du eta 25.816 egiturazko langileen lanpostuak bermatuko ditu

2014.eko irailak 03

Osakidetzak 2013 urtean 1.481 aldi baterako lanpostu suntsitu izanari buruz gaur ELA sindikatuak igorritako adierazpenari erantzunez, Zuzendaritza Nagusiak honako zehaztapen hauek jakinarazi nahi ditu:

1-    Osakidetzak enplegu publikoarekiko konpromisoari sendo eusten dio eta Euskal Osasun Zerbitzuko 25.816 egiturazko lanpostuei eutsiko diela bermatzen du, ahal dela, langile gehiago kontratatuz, beste askotan esan duen legez. Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiak beti egon da lan-baldintza onen eta enplegu egonkorrak sortzearen alde.

2-    Osakidetzak bere kudeaketa ohi bezain gardena izatearen mesedetan agindu eta ordaindutako Deloitteren kontu-ikuskapenak argi uzten duenez, eta ELA sindikatuak berak aitortzen duenez, zentzuzkoa da Osakidetzan aldi baterako kontratu-kopurua murriztea, 25.816 pertsonen lan-ordutegia 1.592 ordukoa izatetik 1.614koa izatera igaroz gero. ELA sindikatuak berak dio: «1.481 (aldi baterako) lanpostuko murrizketa ESKLUSIBOKI lanaldia handitu izanari zor zaio». Igoerak Estatuko enplegatu publiko guztiei erasan die, baina osasuneko euskal profesionalen kasuan 1.614 ordukoa izatera igaro den bitartean, Estatuan lanaldia 1.650 ordukoa izatera igaro da.

3-    Halaber, jakitera eman nahi ditugu Osakidetzaren goi-zuzendaritzako langileei bideratutako soldaten kontu-saila 2013an % 18 igo izanaren arrazoiak:

a)    Osakidetzaren gainerako langile eta zuzendaritza-kide guztiei legez, 2013an, legezko bi aparteko ordainsariak ordaindu zitzaizkien (2012an bakarra ordaindu zen). Jakina, horrek 2013ko gastua igotzea ekarri zuen 2012koaren aldean; izan ere, lau pertsona horien soldatak berdintsuak izan ziren bi ekitaldiotan.

b)    2013ko kontu-sailean sartu dira Osakidetzaren goi-zuzendari ohien kargugabetzeengatiko kalte-ordainen gastuak. Kargudunak ordezkatzea ekarri zuen Jaurlaritza agintariz aldatzeak, baina gastuak, berez, 2012 urteari egotzi behar zaizkio.

c)    Are gehiago, 2012 urtearekiko desberdintasun bakar bat dakar 2013ko ekitaldiak, soldata-gastuari dagokionez: goi-zuzendariei pizgarriak kendu zaizkie.

Azkenik, ELAk aipatutako Deloitteren txostenak, hain zuzen, Osakidetzaren web gunean kontsultagai dagoenak, ez du inolako akatsik hauteman Osakidetzaren 2013ko kudeaketan eta 2013ko ekitaldi ekonomikoaren itxiera berretsi du. Ekitaldi horretan, finantza-orekari eta asistentzia-jarduerari eutsi zitzaien, 59.055 euroko superabit txikia jasoz.

3 iruzkin
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @DJacomeNorato
    2014.eko irailak 08

    Comentario de Twitter:
    RT @NOTICIAS_OPOS: #Sanidad #Osakidetza seguirá apostando por el #empleo_público y garantizará los puestos de trabajo http://t.co/dn4vvbZY

  • @NOTICIAS_OPOS
    2014.eko irailak 04

    Comentario de Twitter:
    #Sanidad #Osakidetza seguirá apostando por el #empleo_público y garantizará los puestos de trabajo http://t.co/dn4vvbZYqD

  • @OPOSICIONESNOTI
    2014.eko irailak 04

    Comentario de Twitter:
    #Sanidad #Osakidetza seguirá apostando por el #empleo_público y garantizará los puestos de trabajo http://t.co/sDYXc03ixJ