Berriak Segurtasuna
Eu

Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsa berriaren bidez aldi baterako 48 kontratazio-eskaerari erantzun zaie EAEko 13 udalerritan

2014.eko irailak 03

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian guztira 89 agentek jaso dute prestakuntza, hautatzeko prozesua gainditu zuten 247 pertsonetatik

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak legegintzaldi honetan abian jarri duen Udaltzaingoaren bitarteko agenteen poltsa berriari esker, EAEko 13 udalerriren beharrei erantzun zaie udako hilabeteetan. Hala, Udaltzaingoaren bitarteko 48 agente kontratu dira aldi baterako.

Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak ekainean irekitako lan-poltsara jotzen lehenak EAEko udalerri hauek izan dira: Sestao, Getxo, Eibar, Gorliz, Zarautz, Abadiño, Lekeitio, Plentzia, Elgoibar, Mungia, Zalla, Villabona eta Karrantza. Hautatzeko prozesuan 1.800 lagunek hartu zuten parte, eta 247 lagunek gainditu zituzten probak; azken horietatik 83 agente prestatu ditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, bi txandatan, lehena maiatzean eta bigarrena ekainean.

Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartziak adierazi duen moduan, «udal horiek herritarrei segurtasun-zerbitzu hobea eman ahal izatea ahalbidetu du hautatu diren eta aurretiko prestakuntza jaso duten bitarteko agenteen poltsa bat edukitzeak».

Lan-poltsa ekainean abiarazi zenetik, 48 kontratazio egin dituzte guztira aldez aurretik Segurtasun Sailarekin hitzarmen bat sinatu zuten udalek; horietatik 32 udarako dira, eta 16, berriz, iraupen luzekoak.

Erantzundako 48 eskaeretatik 40k 2. Hizkuntza Eskakizuna edukitzea eskatzen zuten.

Orain arte, EAEko 37 udalek sinatu dute kontratazio-tresna honekin bat egiteko hitzarmena, lan-poltsaren bidez aldi baterako bajak estaltzeko aukera izateko. 2015eko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.

Hamabostean behin, Udaltzaingoa izeneko webguneak eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webguneak informazio hori eguneratuko dute interesa duten pertsona guztiek horren berri izan dezaten.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)