Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

5,48 milioi euro langabetuentzako prestakuntza ikastaroak finantzatzeko (2014-09-02(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko irailak 02

LABURPENA

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzekoa. Gastuak finantzatuko duena: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari egindako kudeaketa-gomendioa, lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei zuzendutako prestakuntza-programazioa gauzatzekoa.

Eusko Jaurlaritzak 5,48 milioi euro bideratuko ditu langabetuak prestatzeko ikastaroak antolatzeko sare publikoko Lanbide Heziketako zentroetan. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren zentroek 131 ikastaro emango dituzte aurten, eta 1.900 ikasle inguruk hartuko dute parte horietan.

Jaurlaritzak gaur onetsi duen partida langabetuen prestakuntza sustatzeko programa sorta baten barruan dago jasota; Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen ditu programa horiek guztiak. Zehazki, Jaurlaritzak beste partida bat, 36 milioi eurokoa, onartu zuen ekainean zentro pribatuetan lanerako prestakuntzako ikastaroak finantzatzeko.

Lanerako prestakuntza-ekintzak dira lanik gabeko langileei enplegagarritasuna bultzatzeko eskaini ahal zaizkien zerbitzu nagusiak, horrelakoei esker beren kualifikazioa hobetzen eta arlo profesional jakin baten ezagutza sendotzen baitute.

Ikastaroak prestakuntza-defizita duten langabetuei zuzenduta daude bereziki. Horiek kualifikazio-maila ertainak eskuratu behar dituzte sektore ekonomiko eta lanbide-arlo guztietan, industrian bereziki (fabrikazio mekanikoa, mantentze industriala, automatismoak, automozioa...), baina baita mendeko pertsonentzako Arreta Soziosanitarioan ere.

Eusko Jaurlaritzak urte hasieran onartutako 2014-2016 aldiko Enplegu Planaren barruan daude jasota lanerako prestakuntzari buruzko neurri guztiak. Hain zuzen, xede hauek ditu aipatutako planak: Euskadin dauden enpleguak sendotzea, enpresa- eta produkzio-sarearen aldetik lanpostuak sortzea eta populazio aktiboaren enplegagarritasuna areagotzea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau