Berriak Herri Administrazioa eta Justizia

Jaurlaritzak 30era igo du karrera judizialerako, fiskaltzarako eta idazkaritza judizialerako sarbidea bultzatzeko beken kopurua (2014-09-02(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014-09-02

LABURPENA

  • 198.000 euro bideratuko dira 2015erako deialdira.
  • Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusia Euskadiko Justizia Administrazioko giza baliabideen ordezkapena eta egonkortasuna lortzea da, eraginkortasuna eta kalitatea zein herritarren gogobetetze-maila areagotzeko.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2015eko ekitaldirako deialdia. 30 beka eskainiko dira, karrera judizialerako, fiskaltzarako eta idazkaritza judizialerako oposizioak prestatzeko. Deialdiaren diru-hornidura 198.000 eurokoa izango da. Aurreko ekitaldian baino 10 beka gehiago eskainiko dira; alegia, 30. Bekako 6.600 euro emango dira; hau da, onuradunek hilean 550 euro jasoko dituzte.

Eskatzaile bakoitzak karrera judizialeko, fiskaltzako eta idazkaritza judizialeko prestatzaile profesional bat izan beharko du, hiru hilean behin bilakaerari buruzko txostena osatu beharko duena.

Beken iraunaldia urtebetekoa izango da. Hala ere, onuradunak epea amaitu baino lehen gaindituko balu bere hautaketa-prozesua, Espainiako Aldizkari Ofizialean izendapena argitaratzen den datan amaituko da beka. Eskola judizialean sartzen deneko datan amaituko da beka, aldiz, izendapena baino lehenago gertatzen bada.

Eskaerak egiteko epea hilabete batekoa izango da deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Aurreikuspenen arabera, irailean argitaratuko da. Interesdunek Eusko Jaurlaritzak hiru hiriburuetan dituen ZUZENEAN bulegoetan bertan egin dezakete eskaera. Halaber, justizia kudeatzeko unitateetan (EAT) eta Jaurlaritzaren webgunean ere egin ahalko dute eskaera: www.euskadi.net.

EGONKORTASUNA JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAN

Diru-laguntzen deialdi horren bidez, Eusko Jaurlaritzak Zuzenbide tituludunek beren ibilbide profesionala karrera judizialera, fiskaltzara eta idazkaritza judizialera bideratzea lortu nahi du. Hala, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Justizia Administrazioko giza baliabideen ordezkapena eta egonkortasuna lortuko ditu, eraginkortasuna eta kalitatea zein herritarren gogobetetze-maila areagotzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan