Berriak Herri Administrazioa eta Justizia

Jaurlaritzak eta EHU-K zuzenbide eta kriminologiako ikasleak Justizia Administrazioan trebatzeko hitzarmena sinatu dute (2014-09-02(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014-09-02

LABURPENA

Erabakia, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzako hitzarmen bat sinatzeko baimena emateko dena, Zuzenbidea eta Kriminologia titulazioko ikasleek kanpo-praktika akademikoak egin ditzaten.

  • Zuzenbide eta Kriminologiako ikasleek aukera izango dute beren prestakuntza teorikoa osatzeko, besteak beste, epaitegietan, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan, espetxeetan eta adingabeen zentroetan.
  • Era horretan, ikasleen prestakuntza integralari bultzada eman diote Jaurlaritzak eta EHUk, ikasketak amaitu berritan ikasleek enplegagarritasun handiagoa eta laneratzeko aukera gehiago izan ditzaten.

 

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko Hezkuntza Lankidetzarako hitzarmena, Zuzenbide eta Kriminologiako tituluko ikasleek Herri Administrazio eta Justizia Sailean kanpo-praktika akademikoak egiteko.

Hitzarmen horri esker, EHUren Zuzenbide eta Kriminologiako fakultateetako ikasleek beren prestakuntza teorikoa Eusko Jaurlaritzak kudeatzen eta finantzatzen dituen Euskadiko Justizia Administrazioari loturiko zerbitzu publikoetan tutorepeko praktika ez-ordainduak eginez osatu ahalko dute. Besteak beste, honako hauetan egingo dituzte praktikak: Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren laborategietan, biktimei laguntzen epaitegietan, gizarteratzeko eta laneratzeko programetan parte hartzen espetxeetan eta esku-hartzeak gauzatzen adingabeen zentroetan.

Praktikok behar bezala gauzatzeko, Herri Administrazio eta Justizia Sailak bere instalazioak eta beharrezko baliabide materialak erabili ahal izatea bermatuko du. Gainera, ikasle bakoitzari tutore bat esleituko dio, egin beharreko prestakuntza-jarduerak praktika-programaren arduradunarekin eta ikaslearen tutore akademikoarekin elkarlanean antolatzeko ardura izango duena.

Hitzarmena indarraldi mugagabekoa da, eta ez du aurrekontu ekonomikorik; izan ere, hezkuntza-praktikak direnez, eduki akademiko hutsekoak, aldeetako batek ere ez du kontraprestazio ekonomikorik xedatu.

ENPLEGAGARRITASUNA HOBETZEKO NEURRIAK

Horrela, Eusko Jaurlaritzaren eta EHUren ekarpenari esker, unibertsitateko ikasleek beren ezagutza teorikoei praktikoak gehitu ahalko dizkiote. Ondorioz, gaitasun gehiago eta trebetasun handiagoa eskuratuta, laneratzeko aukera hobeak izango dituzte ikasketak amaitu berritan.

Aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren iritzian, hitzarmen honek zuzenbideko eta kriminologiako profesionalen gaikuntza egokia bermatzen du, Justizia Administrazioan zerbitzu publiko profesional eta kalitatezkoa eskaini ahal izateari dagokionez.

 

Iruzkin bat
  • @E_Aguirrezabal
    2014-09-03

    Comentario de Twitter:
    http://t.co/6jAbnPFddi @Irekia

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan