Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Tapia: «Nahi genuen bezalako turismoa daukagu»

2014.eko abuztuak 29

Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak adierazi du aurtengo oporraldiko turismo-datuak «oso onak» direla. Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, azaldu du bisitarien kopurua ugaritu egin dela, batez ere atzerritarrak, eta egindako gastua ere handitu egin dela.  «Jende gehiago etorri da eta gehiago gastatu du, horixe nahi genuen», nabarmendu du Tapiak.

Sailburuak adierazi du Euskadik turismo kulturalagoa bilatu behar duela negu-partean, esaterako, kongresuekin lotutako turismoa. Hala, esan du industriak gora egin ahala turismoak ere halaxe egiten duela, eta harekin batera merkataritzak eta lehen sektoreak ere baietz. Alde horretatik, sailburuak beste behin ere adierazi du Euskadiko industria berregokitzeko beharra dagoela, teknologia berrietara egokituta eta balio erantsia emanda.

Bestalde, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak Fagor Etxetresnak enpresari egin dio erreferentzia, eta esan du egoera bideratuta dagoela. «Cata enpresa plan zorrotz batekin iritsi da, eta Fagor urrian jarriko du berriro martxan.» Edesari dagokionez, Tapiak azaldu du Fagorrerako planaren barruan dagoela, eta Cata harremanetan jarriko dela Bizkaiko Foru Aldundiarekin.

Arantza Tapiak, halaber, Arcelor enpresaren «lehiakortasun-arazoari» ere egin dio erreferentzia. Eusko Jaurlaritzak eskatzen die enpresariei eta langileei «malguak» izateko konponbideak topatzeko garaian.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)