Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Donibane Lohizuneko Udalak harrera egingo dio bihar (osteguna) Saltillo eskola-ontziari

2014-08-27
  • EKPren kirol-portuak sustatzeko kanpainan
  • Itsas azoka eta merkatua asteburu honetan Hondarribian

 

Donibane Lohizuneko Udalak protokolo-harrera egingo dio bihar 18:00etan EHUren Saltillo eskola-ontziari, udaletxean. Saltillo zenbait ekintza egiten ari da egunotan euskal kirol-portuak sustatzeko, EKPren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta hau ekintza horietako bat da. Peiuko Duhart alkatea izango da ekitaldiaren buru. Atzotik, Donostiako portuan dago Saltillo, eta nautikazale direnek eta egunotan Euskadiko kostaldean turismoa egiten ari direnek bisitatzeko aukera izan dute. Bihar, Sokoako badiarantz abiatuko da, eta Donibane Lohizuneko kaian amarratu, udaletxetik hogeita hamar metro eskasera.

Gainera, asteburu honetan, Saltillo bertan dela, IV. Itsas Azoka egingo da Hondarribian, EKPk antolatuta. EKPren zuzendari Edurne Egañaren arabera, «itsas azoka honen helburua asko ezagutzen ez duten pertsonak portura erakartzea da.Portua publiko orokorrari irekitako espazio bat da, eta pertsona hauek –normalean ez dute kirol nautikorik egiten– etortzen direla baliatzen da ontzirik eduki gabe edo portuaren ohiko erabiltzaile izan gabe espazio honetan egin daitezkeen jarduerak ezagutarazteko. Horretarako, aisialdiko jarduera nautikoetan diharduten enpresa eta profesionalek eskaintzen dutena ezagutarazten dute doan. Horri deitzen diogu, bada, ate irekien jardunaldi».

Aurreko hiru edizioetan, jende ugari gerturatu zen itsas merkatura, eta jarduera nautikoetarako plaza guztiak bete ziren. IV. Itsas Merkatua abuztuaren 29an, 30ean eta 31n egingo da, Hondarribiko kirol-portuko merkataritza-inguruan. Ordutegia honakoa izango da: ostiralean, 18:00etatik (inaugurazioa) 21:30era arte; eta larunbatean eta igandean, 11:00etatik 14:30era eta 17:30etik 21:30era.

Itsas Azoka itsas motiboekin girotutako merkatu bat da. Artisautzako, produktu gastronomikoetako eta tailerretako 60 postu baino gehiago. Eta horrez gain, komikoak, kalejirak, kale-antzerkiak, malabarismoa eta patinete-akrobaziak. Edizio honetan, «Bitxiart» Txingudiko artisauen elkarteak eta «Pincela eta abar» Hondarribiko margolarien elkarteak parte hartuko dute.

Bai eta honako enpresa hauek ere: Jolaski, SL (motor-ontzi pasealdiak Hondarribiko badia eta itsasadarretik), Navegavela, SL (lehen bela-nabigazioak, bizitzeko egokia den belaontzian); Estatxa, SL; Hondarribiko Klub Nautikoa (Bela arineko lehen nabigazioak. Belaontzi txikia); Buceo Hondarribia (urpean igeri egiteko lehen saioak eskafandra autonomoarekin);  Hs2 (SUPeko –paddle surf edo stand up– lehen saioak). Patinete-akrobazien erakustaldia larunbatean, 18:00etan. DNK-k itsas korapiloen tailerrak antolatu ditu haurrentzat. Saltillo portuan amarratuta egongo da, eta bisitatu ahal izango da. Jardueretarako plazak mugatuak dira. Interesa dutenek hots egin dezatela 608 05 69 48 telefono-zenbakira ostegunetik, hilaren 28tik, aurrera. 

 

Jarduerei buruzko informazio gehiago:

Oriol Ruiz Cabestany, EKP Hondarribiko Kirol Portua Kapitaintza. Minatera kalea, z.g. Hondarribia  34 943 64 17 11 eta  656 70 36 96

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko