Berriak Segurtasuna
Eu

Bostehun ertzainek baino gehiagok hartuko dute parte Munduko Saskibaloi Txapelketaren segurtasun-dispositiboan

2014.eko abuztuak 24

Polizia-operatiboa bihar astelehenean jarriko da martxan lehen selekzioa iristean

Mila erdi agentek hartuko dute parte Ertzaintzak biharko astelehenetik aurrera 2014ko Munduko Saskibaloi Txapelketaren C taldeko partiduengatik abiaraziko dituen segurtasun-eginkizunetan. Dispositiboa bi arlo orokorretan egituratuta dago (inteligentzia eta herritarren babesa), eta horren barruan sartzen dira saskibaloi-taldeak, langile teknikoak eta jarraitzaileak Loiura iristeko unetik aurrera zaintzea zein  partiduen, entrenamenduen, joan-etorrien eta zaleen segurtasun-neurriak. Taldeek alde egin arte iraungo du segurtasun-dispositiboak.

Zeelanda Berriko selekzioa Bilbora iristean, bihar astelehenean, hilaren 25ean jarriko da martxan, 2014ko Munduko Saskibaloi Txapelketaren fasea normaltasunez egin dadin Ertzaintzak prestatu duen segurtasun-dispositiboa. Aipatutako fasea Bilbon egingo da abuztuaren 30etik irailaren 4ra arte. Nolanahi ere, Ertzaintzak hilabeteak daramatza segurtasun-neurriok planifikatzeko eta prestatzeko aurre-lanak egiten. Barneko koordinaziorako-batzorde bat ari da aipatutako lanak egiten eta batzorde horren ardura da ekitaldiaren segurtasunarekin zerikusia duten xehetasun guzti-guztiak aztertzea eta aurreikustea.

Prestatzeko lan horien barruan hainbat bilera egin dituzte Bilbon dauden kontsulatu eta enbaxadekin (Estatu Batuak, Finlandia, Zeelanda Berria, Dominikar Errepublika, Turkia eta Ukrainia), baita polizia-kidegoekin eta haien segurtasunaz arduratzen diren erakundeekin zein Barne Ministerioaren mendekoekin ere, munduko txapelketaren segurtasunaren esparru orokorrean Ertzaintzaren hedapena koordinatzeko. Bilboko eta Barakaldoko Udaltzaingoekin ere egin dituzte bilerak, bi udalerri horietan egingo baitira partiduak zein entrenamenduak eta horietan hartuko baitute ostatu parte-hartzaileek.

Bi jarduera-esparru

Ertzaintzak aurreikusitako dispositiboa bi arlotan dago egituratuta (inteligentzia eta herritarren babesa). Bilboko eta Sestaoko ertzain-etxeetako agenteek (kide gehiagorekin indartuko dira) zein beste unitate eta zerbitzuetakoek (Brigada Mugikorra, Trafikoa, Esku-hartzea, Lur Azpiko Unitatea...) hartuko dute parte horretan. Halaber, bostehun ertzain inguru egongo dira mobilizatuta txapelketak irauten duen egun guztietan eta egun osoz; hortaz, hiru mila lanalditik gora zuzenduko dira segurtasun-zereginetara espresuki.

Ezarritako neurrien artean zuzeneko segurtasuna emango zaie FIBAko eta Espainiako Saskibaloi Federazioko taldeen kideei zein langileei Loiuko aireportura iristen direnetik aurrera, baita egindako joan-etorri guztietan ere, hala entrenamendu eta partiduetara joateko (lehenak Miribillan eta bigarrenak BECeko Bizkaia Arenan), nola Bilbon eta inguruan egindako aisialdi-irteeretan.

Ordezkarien segurtasuna

Segurtasuna ere emango da ordezkariek, langile teknikoek eta hedabideek ostatu hartuko duten hoteletan, baita entrenamenduetan eta, jakina, BECen partiduak jokatzean ere. Horrelakoetan bideozaintza bidezko kontrolerako edo esparruen ingurua, lurpea barne, aztertzeko neurriak ezarriko dira, besteak beste.

 Herritarrak babesteko unitateak are gehiago zabalduko dira, bereziki Bilbon eta ezkerraldean, herritarren segurtasuna oro har zaintzeko eta Bilbora etortzea aurreikusi duten milaka jarraitzaileen zein taldeetako langileen lasaitasuna zaintzeko. Azken horietako batzuekin batera beren herrialdeetako poliziako eta segurtasun-erakundeetako langileak ere egongo dira, eta Ertzaintzarekin lankidetzan ari dira horiek jada antolamendu-lanetan.

Laguntza zaleei

Horrez gain, segurtasun-dispositibo berezi bat jarriko da abian Areatzako zaleen gunean, eta areagotu egingo da arazoren bat duten zaleentzako laguntza; hala, bulego bat jarriko da salaketak BECen bertan aurkeztu ahal izateko eta egun osoz egongo da irekita María Díaz de Haro kalean dagoen era horretako bulegoa.

Atzerriko bisitariei segurtasun-kontseiluak beren hizkuntzetan emango zaizkie, orobat, milaka liburuxka zabalduz hotelen, informazio-bulegoen, aterpetxeen... bitartez. Ildo horretatik, bestalde, indartu egingo da ertzainek atzerritarrei edozer hizkuntzan kasu egiteko erabiltzen duten aldi bereko online itzulpen-sistema; hortaz, egun horietan gehiago izango dira ingeles, finlandiera, turkiera eta ukrainerako itzultzaileak.

Erandioko Basean kokatutako koordinazio-mahai batek zuzenduko du segurtasun-dispositiboa, eta martxan egongo da hilaren 25etik (astelehena) selekzioek Euskaditik alde egiten duten arte (irailaren 5ean aurreikusitakoaren arabera).

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau