Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

FAMILIA BITARTEKARITZAKO ZERBITZU PUBLIKOEN JARDUERA % 20 HANDITU ZEN 2013AN

2014.eko abuztuak 18
  • Guztira, 10.443 lagun artatu zituzten hiru laguntza-mailatan (aurrebitartekaritza, bitartekaritza eta segimendua)
  • Zerbitzua erabili zuten hamar familiatatik zortzik planteatutako egoerari buruzko adostasuna lortu zuten

 

Urtero, gero eta pertsona gehiagok jotzen dute Familia Bitartekaritzako Zerbitzuetara, modu librean eta boluntarioan, gatazkak konpontzeko irtenbide bat adosteko.

 

Eusko Jaurlaritzak 1996an abiarazi zuen familia-bitartekaritzako lehen zerbitzua Bilbon –azkena, Gasteizkoa, 2012ko urtarrilean-, eta orduz geroztik, gero eta jende gehiagok egiten du dialogoaren aldeko apustua, familiako gatazkak konpontzeko. 2013an, Eusko Jaurlaritzaren hiru zerbitzuen jarduera % 20 handitu zen, erabiltzaileen poztasun maila handiarengatik, hein handi batean.

Familia Bitartekaritzako Zerbitzua Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren doako zerbitzu publiko eta boluntarioa da, eta familia-gatazkak dituzten pertsonei eskaintzen zaie, bai bikotekidearekin harremana hautsi dutelako (ezkonduen edo izatezko bikoteen kasuan) edota familian sortutako bestelako arazoak dituztelako.

Arlo sozialeko, psikologikoko eta juridikoko adituek osatzen dute, eta aldeei bere kabuz gatazkak adiskidetasunez konpontzeko irtenbideak aurkitzen laguntzea dute helburu. Oro har, hiru hiriburuetan dauden zerbitzuetara jotzeko, bi aldeek edo batek eskatu behar du idatziz, baina  gizarte-zerbitzuek edo osasun-sistematik ere deribatzen dituzte erabiltzaileak zenbait kasutan.

2013an, Familia Bitartekaritzako Zerbitzuek 10.443 lagun artatu zituzten hiru laguntza mailatan (aurrebitartekaritza, bitartekaritza eta segimendua). Hala, 14.096 esku-hartze izan ziren, gehienak (kasuen % 95,7) hautsitako bikoteekin lotutakoak. Kasuen gainerako % 4,3 familiako bizikidetzarekin lotuta zeuden (mendekotasun egoeran dauden pertsonak, ilobekiko harremanak eta herentziek, negozioek edota bizikidetzak sortutako gatazkak).

Bitartekaritzak auziek eragiten duten higadura emozionala saihesten du. Horregatik, askotan, hartutako erabakiek hitzarmen judizialek baino luzaroago irauten dute eta hobeto errespetatzen dira. Iaz, Eusko Jaurlaritzako Familia Bitartekaritzako Zerbitzuetara jo zuten hamar familiatatik zortzik planteatutako gatazkari buruzko erabakia adostu zuten; beraz, ez zuten auzitara jo behar izan.

«Bitartekaritzak banaketak seme-alabengan duen eragina minimizatzen du, kide guztien beharrak hartzen direlako aintzat eta banaketaraino familiak zituen bizimoduari eta antolaketari eusten saiatzen delako», nabarmendu du Juan Maria Aburto sailburu eta Familia Bitartekaritzako Aholkularitza Kontseiluko presidenteak.

 

Bikotea haustea eta zaintza

 

2013an, Familia Bitartekaritzako Zerbitzuek hautsitako bikoteen arteko 854 bitartekaritza zuzendu zituzten guztira, aurreko urtean baino % 23 gehiago. Erabakiren bat lortzeko, bikote bakoitzak 4 saio behar izan zituen batez beste; adibidez, hitzarmen erregulatzailea, familiaren antolaketa gurasoak elkarrekin bizi ez direnean, bikoteentzako terapia jasotzea edota bikote-harremanari berriz heltzea.

Bitartekaritza-espediente gehienak seme-alaba adingabeak dituzten bikoteen banaketarekin lotuta daude. Horrenbestez, bitartekaritza-prozesuen erabakirik ohikoenetako bat zaintza-denboren banaketarekin lotutakoa da. Prozesu horietan, zaintza guztiak gurasoek adosten dituzte eta familiaren egoera berria antolatzeko modua eztabaidatzeko jotzen dute bitartekaritzara.

 

 

HAUTSITAKO BIKOTEEN BITARTEKARITZA

 

Ildo horretatik, zaintza partekatua gero eta bikote gehiagok hautatu arren, oraindik bitartekaritza-kasu gehienetan zaintza esklusiboa ematen da, batez ere, amari (316 kasutan amari eta 7 kasutan aitari). 2013an, halaber, zaintza partekatuko 93 akordio lortu ziren.

 

Jarraipenak

Baina FBJ ez da hitzarmena sinatutakoan bukatzen. Jarraipen-fasea funtsezkoa da gatazkan diren aldeen arteko bitartekaritza-lanetarako; izan ere, hari esker, posible da jakitea pertsonek zer bilakabide izan duten akordioetan jasotakoari dagokionez, baita jarraitutako prozedurarekin zer satisfazio-maila duten ere. Jarraipena bitartekaritza-prozesua amaitu eta sei hilabete edota urtebete igaro ostean egiten da; era berean, bitartekaritza-prozesuan parte hartzen duten pertsonen ekimenez ere eskaintzen da.

2013an 461 jarraipen-espediente egin zituzten, aurreko urtean baino % 26 gehiago.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @SerMediador
    2015.eko martxoak 16

    Comentario de Twitter:
    Los servicios de #mediación familiar públicos incrementaron su actividad un 20% en 2013 http://t.co/uWnYqesXSz