Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak 37 milioitik gora bideratuko ditu datorren ikasturtean Hezkuntza-Laguntzako Espezialistak ordaintzeko

2014.eko abuztuak 14

2014-2015 ikasturterako %2,4 handitu da diru-kopurua, eta Hezkuntza-Laguntzako Espezialisten (HLE) 38 plaza gehiago izango dira

Premia bereziak dituzten ikasleen autonomia eta irisgarritasuna hobetzeaz arduratzen dira espezialista hauek

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 37 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu datorren 2014-2015 ikasturtean Hezkuntza Laguntzako Espezialistak (HLE) ordaintzeko. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen autonomia eta irisgarritasunarekin loturiko beharrak artatzeaz arduratzen dira langile hauek. Diru-kopuru horrek hezkuntza publikoa eta itunpekoa hartzen ditu barne, eta iazkoarekin alderatuta %2,4ko igoera izan du (883.000 euro gehiago). Datorren ikasturterako, gainera, aipaturiko HLE langileak esleitzeko irizpideak mantendu egiten dira.

Diru-kopuru horri esker, Euskadiko ikastetxeek Hezkuntza-Laguntzarako 1.246 espezialista izango dituzte 2014-2015 ikasturtean. Hauetatik 770 plaza ikastetxe publikoetan izango dira, aurreko ikasturtean baino 38 plaza gehiago: 624 plaza lanaldi osokoak, eta 146 plaza lanaldi erdikoak.

Hezkuntza Laguntzako Espezialisten zeregin nagusia honako hau da: ikastetxeko jardueretarako autonomia eta irisgarritasuna lortzeko zenbait ikaslek dituzten premia bereziei erantzuna ematea. Baina irisgarritasunaz ari garela, ez gara soilik ari mugitzeko desgaitasuna duten ikasleek izan ditzaketen traba fisikoez edo joan-etorrietarako zailtasunez. Bereziki, desgaitasun intelektuala edo jokabide-nahasmendu larria duten ikasleek eskola-bizitzan parte hartzeko eta txertatzeko dituzten zailtasunez ari gara irisgarritasuna aipatzean.

Itunpeko ikastetxeentzako deialdia

Itunpeko ikastetxeei zuzendurik, irailaren hasieran argitaratuko da hauek 2014-2015 ikasturterako beharrezko dituzten HLE-ak kontratatzeko deialdia. 10.367.640 euroko diru kopurua (iaz baino 7.644 euro gehiago) izango du, eta diru-laguntzak banatzeko irizpideak mantendu egiten dira. Aurrekontu honekin Euskadiko itunpeko ikastetxeek Hezkuntza Laguntzako Espezialisten 11.900 ordu kontratatu ahal izango dituzte. Astean 25 orduko 476 plaza lirateke horiek. Kopuru horri 2,5 milioi baino gehiago gehitu behar zaizkio, gela egonkorren itunpeko moduluetan dauden Hezkuntza Laguntzako Espezialistei dagozkienak. 2014-2015 ikasturtean itunpeko 100 gela egonkor izango dira Euskadiko ikastetxeetan.

Gela egonkorrak ezohiko baliabidea dira ikastetxeetan, eta premia berezi egonkorrak dituzten ikasle talde txikientzat (bost lagun inguru) testuinguru egokia eskaintzen dute. Premia horiek desgaitasun intelektual batek, espektro autistaren nahasmenduek, mugitzeko desgaitasunek edo zentzumen-desgaitasunek sortuak izan daitezke. Banakako arreta eta curriculum berezitua eskaintzen dituzte gela hauek.

Aurrez aipaturiko HLEz gain Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak baliabide materialez eta irakaslez ere hornitzen ditu ikastetxeak. Irakasleen artean, aipatzekoak dira Pedagogia Terapeutikoan espezializatutako 1.075 irakasleak (1.050 ikastetxe publikoetan eta 655 itunpekoetan). Hezkuntza-laguntza behar duten ikasleen hezkuntza-eskakizunetan parte hartuko dute hauek. Gainera, ikastetxeek entzumen eta hizkuntza arloetan espezializatutako irakasleak ere izango dituzte, edo ikusmen-desgaitasuna duten ikasleen premiei erantzuten dien irakasleak ere izango dira. Horiei fisioterapeutak, terapeuta okupazionalak eta zeinu-hizkuntzako interpreteak gehitu behar zaizkie.

14.700 ikasle

2014-2015 ikasturtean hezkuntza-laguntza espezifikoa behar duten 14.700 ikasle egongo dira euskal hezkuntza sisteman eskolatuak, 2013-2014 ikasturtean baino %5 gehiago. Horietatik 6.400 ikaslek desgaitasun motaren bati edo portaeraren nahasmendu larriren bati loturiko hezkuntza premia bereziak izango dituzte (joan zen ikasturtean baino %1,3 gehiago).

Hezkuntza Premia Berezien aholkulariek ebatzi dutenez, desgaitasunen bat edo portaeraren nahasmendu larriren bat duten ikasle horien %60ak Hezkuntza-Laguntzako Espezialista beharko du 2014-2015 ikasturtean. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak aipaturiko espezialista horiek ipiniko dizkie beharra duten ikasle guztiei, horretarako irizpideetan aldaketarik egin gabe.

 

 

Gasteizen, 2014ko abuztuaren 14an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau