Berriak Lehendakaritza
Eu

Bake eta Bizikidetza Planean aurreikusitako 18 ekimenetatik 17 abian daude jada

2014.eko abuztuak 13

«Eusko Jaurlaritzak uste du bake-prozesuan eta bizikidetza normalizatzeko prozesuan murgilduta gaudela dagoeneko; ez da iritsi behar den zerbait: hemen da. Atzera bueltarik gabeko prozesu bat da, gehiengoaren borondate sozialek bideraezin egiten baitute atzera buelta», ziurtatu du Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernándezek.

Eusko Jaurlaritzak iazko amaieran onartutako Bake eta Bizikidetza Planaren ekimen ia guztiak (18etatik 17) abian daude jada, urteko lehen seihilekoari dagokionez planaren kudeaketa eta gauzatze-maila jarraitzeko egindako txostenaren arabera; Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak egin du gaur aurkeztutako txosten hori.   Terrorismoaren Biktimen Memoriala sortzeko proiektua baino ez dago hasi gabe, eta Espainiako gobernuaren ardura da berau egitea.

Txostenean oso balantze positiboa egin dute Bake eta Bizikidetza Planak lehen sei hilabeteetan izandako betearazpen eta kudeaketari dagokionez, bai ikuspegi globala hartuta, bai bertan aurreikusitako jarduketa bakoitzari dagokionez.

Planaren edukia hiru esparrutan dago egituratuta: iragana, oraina eta etorkizuna. Garai horietako bakoitzak bere gogoeta teorikoa du, eta seina ekimen zehatz.

Egitura horren arabera eta iraganaren esparruari dagokionez, lehen hilabete hauetan argitzeko ekimenak bultzatu dira (argitu gabeko atentatuei buruzko txostenak agintzea, eta torturaren ikerketari buruzko azterlana); horrez gain, biktimak aitortzeko eta haiei ordainak emateko politika publikoak ere abiarazi dira (Gertu programa eta Memoriaren Mapa bultzatzea).

Orainarekin lotutako ekimenei dagokienez, hauek nabarmendu behar ditugu: euskal unibertsitateetan sinatutako lankidetza-hitzarmena, eta Ertzaintzaren esparruan aurreikusitako konpromisoak aktibatzea. Horrez gainera, lehen seihileko honetan lankidetza-espazioak prestatu dira bai Europan eta bai Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoarekin.

Etorkizunari dagokionez, jada abian dauden ekimen berritzaileak jasotzen ditu planak, hala nola Elkarrekin bonuak (bizikidetza-kultura berri baten aldeko lankidetza publiko-sozialeko proiektua), eta hezkuntza arloko aurreikuspen guztien aktibazioa (Adi-Adian programa adibidez), eta horri Gazteriaren Kontseiluarekin sinatutako hitzarmena gehitu behar zaio.

Urteko bigarren seihilekoari begira, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak jarduera hauetan jarriko du arreta: Memoriaren eta Bizikidetzaren Institutuaren proiektua prestatzea; biktimak aitortzeko eta haiei ordainak emateko politika publikoak berritzea; Hitzeman Programa garatzeko adostasun-oinarriak prestatzea; nazioartean lankidetza-proiektuak zehaztea, eta Bake eta Bizikidetza Planaren Aholku Batzordea sortzea (uztailaren 29ko Gobernu Kontseiluak onartu zuen azken hori).

(Informazio gehiago erantsitako dokumentuan)

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @NekaneGartzia95
    2014.eko abuztuak 13

    Comentario de Twitter:
    17 de las 18 iniciativas previstas en el Plan de Paz y Convivencia del Gobierno Vasco ya están en marcha http://t.co/niDQuJeCLK

  • @ianasagasti
    2014.eko abuztuak 13

    Comentario de Twitter:
    RT @pnvbarakaldo: 17 de las 18 iniciativas previstas en el Plan de Paz y Convivencia del Gobierno Vasco ya están en marcha http://t.co/Uf6B

  • @pnvbarakaldo
    2014.eko abuztuak 13

    Comentario de Twitter:
    17 de las 18 iniciativas previstas en el Plan de Paz y Convivencia del Gobierno Vasco ya están en marcha http://t.co/Uf6BYvzUNq