Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Aurkari "mundialak" Euskadiko Saskibaloi Selekzioarentzat

2014.eko abuztuak 08

Abuztuaren 19an eta 20an Euskadiren kontra jokatuko dute Angolak eta Filipinek, FIBA 2014 Koparako prestaketa-biran 

Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendaria den Jon Redondok, Bizkaiko Foru Aldundiko Turismorako eta Kanpo Sustapenerako zuzendari nagusia den Gabino Martínez de Arenazak, Bilbao Ekintzako zuzendari nagusia den Nora Sarasolak eta Euskal Saskibaloi Federazioko lehendakaria den Arturo Aguadok “Basket Basque Tour" Txapelketa aurkeztu dute

Donostiako Joxean Gasca Kiroldegian jokatuko dira partidak, Euskadiko Emakumezkoen Selekzioaren eta NCAA 1 ligako Brigham Young Unibertsitatearen artekoa izan ezik. Azken hori Galdakaoko Urreta Kiroldegian jokatuko da, Bizkaian

Bilbo, 2014ko abuztuaren 8a. Angola eta Filipinak izango dira “Basket Basque Tour” txapelketan Euskadiren kontra jokatuko duten selekzio "mundialak". Aipatutako txapelketa abuztuaren 19tik 21era egingo da Donostiako Joxean Gasca Kiroldegian. Euskadik eta Filipinek irekiko dute txapelketa abuztuaren 19an eta hurrengo egunean Angolaren aurka jokatuko du euskal selekzioak, beste urte batez Pablo Laso entrenatzaile duela. Abuztuaren 21ean (osteguna) Filipinek eta Angolak hirugarrena eta aldi berean azkena den partida jokatuko dute. 19ko eta 20ko partidak 20:30ean izango dira eta 21ekoa 18:00etan.

Txapelketa honek FIBA 2014 Munduko Saskibaloi Txapelketarako prestatzeko balio du. Azken horretan, Filipinek eta Angolak Sevilla eta Kanaria Handiko egoitzetan jokatuko dute, hurrenez hurren. Filipinetako selekzioa B Taldearen barruan dago Argentina, Kroazia, Grezia, Puerto Rico eta Senegalekin batera. Angola, berriz, D Taldearen barruan dago eta bigarren fasean postu bat izateko lehiatuko da Australia, Korea, Lituania, Mexiko eta Esloveniarekin batera.

Euskadiko Emakumezkoen Selekzioa

Euskal Saskibaloi Federazioak munduko txapelketa Bilbao-Bizkaia-Euskadi egoitzan ospatzearen harira aurreikusitako jardueren artean beste bi partida daude. Horietan Euskadiko emakumezkoen selekzioa NCAA 1 ligako Brigham Young Unibertsitatearen aurka lehiatuko da. Lehen partida abuztuaren 21ean (osteguna) izango da Donostian, Angola eta Filipinen arteko partidaren ostean, eta bigarrena abuztuaren 22an (ostirala), Galdakaoko Urreta Kiroldegian. Bi partidak jokatuko dira 20:00etan.

FIBA 2014 Munduko Txapelketa

Euskadiko gizonezkoen selekzioak FIBA 2014 munduko txapelketan lehiatuko diren taldeen aurka jokatuko dituen partidak abuztuaren 30a eta irailaren 4a bitartean BEC!-en instalazioetan gozatu ahal izango den saskibaloi onenaren aurrerapen bat izango dira. Nazioarteko proiekzio handia izango duen kirol ekitaldia izango da. USA, Finlandia, Turkia, Dominikar Errepublika, Zeelanda Berria eta Ukraniako selekzioak bilduko ditu Bilbao-Bizkaia-Euskadi egoitzan eta 30 milioi euro inguruko eragin ekonomikoa izatea espero da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)