Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak herri administrazioei beren egiturak gardentasuna eta parte-hartzea “oinarri" gisa hartuz “antolatu” eta “arrazionalizatzera” animatu ditu

2010.eko maiatzak 28

Lehendakariak Bilboko Arte Eder Museoan egin diren etxebizitza, ebaluazio eta parte-hartze politiketako Gardentasunaren jardunaldiei amaiera eman die

Legebiltzarrean gastua geldiarazteko eta gehiago aurrezteko neurri multzo bat iragarri ondoren, lehendakariak gaur erakunde publikoen egiturak “berrantolatzea”ren alde egin du apustu. Helburua, egungo krisialdi egoera larrian, “aurkezten ari diren murrizketa eta egokitzapenez gain, enpresa publikoak arrazionalizatzeko eta beharrezkoak ez diren bikoiztasunak eta deskoordinazioak saihesteko ahalegin bat” egitea da "gaur egungo sistema gehiegi segmentatuta baitago eta adarrek talka egiten dute eta gainjarri egiten dira”. Testuinguru horretan, gardentasun eta parte-hartze “baloreei” eta teknologia berrien aurrerapenei esker, berrantolaketa hori “paradigma berri bat”en arabera egiten ari da, gizartearekiko “bi noranzkoko elkarrizketa”n oinarrituz, hain zuzen, eta horrela, gizarteak erabaki publikoak hartzeko ekarpenak egiteko “erantzukidetasuna” bere gain hartzen du.

Patxi López lehendakariak herri administrazioei Euskadiko gizarte eta erakundeen egituren inguruko “hausnarketa serio" bat egiteko eskatu die. Krisia larria dela ikusirik, “egungo egoeran aurkezten ari diren murrizketa eta egokitzapenez gain”, lehendakariak “gobernu mota berri bat”en alde egin du apustu, hots, herritarrekin bi noranzkoko komunikazioan oinarritutako gobernuaren alde, eta horren “oinarriak” gardentasunak eta parte-hartzea dira. Testuinguru horretan, teknologia berriak eta, batik bat, Internet, funtsezkoak dira. “Paradigma berri” horren adibide gisa Irekia aipatu du. Atari horretan Eusko Jaurlaritza herritarrekin “elkarrekintzan” aritzen da, denbora errealean eskaintzen ditu Gobernuaren “jarduera, plan eta asmoen” inguruko datuak, eta Gizartearekin Etxebizitzari buruz egindako Itunak eta Etxebizitzaren Behatokia, Iñaki Arriola sailburuak sustatua.

Bilboko Arte Eder Museoan azken egunotan etxebizitzari, ebaluazioari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Gardentasun jardunaldiak egin dira. Jardunaldi horietan, etxebizitzaren inguruko politika publikoen arloko hainbat aditu, analista eta arduradunek egungo egoera aztertu dute. Patxi López lehendakariak jardunaldiei bukaera eman die Iñaki Arriola Etxebizitza, Herrilan eta Garraio sailburuarekin batera.

Bere esku-hartzean, lehendakariak erakundeen eta beren sozietateen egungo egituraren inguruko “hausnarketa serio” bat egitea proposatu du, izan ere, egungo “krisi egoera larri”an botere publikoek “gogor ahalegindu behar dute beren dimentsioa benetako beharretara egokitzeko”. “Gobernatzeko modu berrirantz aurrera egin behar dugu”, adierazi du lehendakariak eta “gardentasunak eta parte-hartzeak Eusko Jaurlaritzaren ekintza eta jardueraren oinarri” izan behar dutela azpimarratu du. “Etorkizuneko gobernuak irekia izan behar du eta herritarrekin hitz egin behar du etengabe. Gobernuak hitz egin eta entzun egin behar die eta, batez ere, herritarren iritziak kontuan hartu eta ondorioztatu behar ditu”, erantsi du.

Ildo horretatik, lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren ‘Irekia’ atariaren balioa azpimarratu du, izan ere, horren bidez, herritarrekin "elkarrekintzan" dihardu, Gobernuaren “jarduera, plan eta asmoen” inguruko datuak denbora errealean ematen ditu, baita gizarte erakundeei “lankidetzan aritzeko tresnak eta lan-metodoak” eskaini ere. Lópezek Etxebizitza saila Etxebizitzaren inguruko Gizarte Ituna eta Etxebizitzaren Behatokiaren bidez egiten ari den lana ere azpimarratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria, Iñaki Arriola sailburua