Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskadik gidatzen du, seihileko honetan, Autonomia Erkidegoen parte-hartzea Europar Batasuneko Ministro Kontseiluaren gazteriaren alorrean

2014.eko abuztuak 06

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburu Cristina Uriarte euskaraz arituko da EBren abenduko Kontseiluan, Autonomia Erkidegoen jarrera bateratua defendatuz gazteriaren alorrean.

2004an lortutako Akordioak oinarritzat hartuta, parte-hartze eta ordezkaritza autonomikoaren sistemak bidea ematen die Autonomia Erkidegoei Kontseiluaren Lan Taldeetan parte hartzeko, eta baita Autonomia Erkidegoen jarrera koordinatzeko ere, Ministro Kontseiluan zuzenean esku hartuz.

Aurtengo ekainetik abendura bitartean, Euskadiri egotzi zaio Autonomia Erkidegoek gazteriaren alorrean duten parte-hartzearen koordinazioa, Europar Batasuneko Hezkuntza, Gazteria eta Kultura Ministroen Kontseiluaren baitan. 2007az geroztik, Euskadik ez du izan formazio horretako koordinazioaren ardura. Bigarren seihileko honetan, Euskadi enpleguaren alorreko koordinazioaz ere arduratuko da.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak, Europako Gaietarako Zuzendaritzak eta Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzak elkarrekin lan egiten dute, seihileko honetan, Europako Erkidegoekin zerikusia duten Gaietarako Konferentziak (CARCE) eta Autonomia Erkidegoak Europar Batasuneko Kontseiluaren Formazioetan ordezkatzeko sistemak  hartutako akordioak aplikatzeko. Gaur egun, EBren bost Ministro Kontseilu soilik daude irekita Autonomia Erkidegoen parte-hartzeari: Enplegua, Gizarte Politika, Osasuna, eta Kontsumitzaileak; Nekazaritza eta Arrantza; Ingurumena; Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Kirola; eta Joko eta apustuen alorra, Lehiakortasunaren Kontseiluan, eta fiskalitatearen zati bat. 

            EBko Ministro Kontseilua Europar Batasuneko berezko erabakitze-organo gorena denez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburu Cristina  Uriarte euskaraz arituko da Autonomia Erkidegoek gazteriaren alorrean duten jarrera bateratua aurkezteko, Ministro Kontseiluak abenduan izango duen bileran, Autonomia Erkidegoen  ahotsa eta iritzia defendatuz.

Seihileko hau bereziki garrantzitsua da gazteriari buruzko europar politikan, zeren Kontseiluak lankidetzarako europar esparru berri bat bultzatuko baitu gazteriaren alorrean, aurreikusitako eztabaidaren puntu nagusia hauxe izanik: “gazteriaren ahalduntzea: emantzipazioa/autonomia, eskubideak, eta gazteriaren parte-hartzea”. Euskadik bere esperientzia ekarriko du eztabaidara, bere jarrera defendatzeaz batera.

Autonomia Erkidegoen parte-hartze sistema Europar Batasuneko Ministro Kontseiluaren formazio irekietan

Autonomia Erkidegoek Kontseiluan parte hartzeko eta hor  ordezkatuta egoteko duten sistemak bidea ematen die beren interesak defendatzeko eta eragina izateko Kontseiluaren negoziazio-prozesuan, jorratu beharreko gaien inguruko jarrera bateratua hartu eta gero, Ministro Kontseiluan zuzenean esku hartuz. Ministro Kontseiluan parte hartu eta zuzenean esku hartu baino lehenagoko fasean, bileren aurretik egiten diren Lan Taldeetan  parte hartzen da. Jarrera bateratu hori adostera zuzendutako koordinazio lanean, Euskadiri dagokionez, gaiarekin zerikusia duten Sailek parte hartzen dute, eta baita Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak ere, Eusko Jaurlaritzaren EBko  ordezkaritzarekin batera.

 

Bruselan, 2014ko abuztuaren 6an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)