Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Oriol Roch, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzedari nagusi berria

2014.eko abuztuak 05

Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak aurrerantzean Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusi izango dena aurkeztu du gaur goizez Donostian, Oriol Roch izard. Bartzelonarrak Iñigo Alberdi ordezkatuko du, Orkestra azken 8 urteetan kudeatu duena. Urte horietan, Orkestraren profesionaltasuna bermatu eta indartu du, gizartearekin elkartu du eta publikoen fideltasuna lortu du. Oriol Roch Galiziako Orkestra Filarmonikoaren zuzendari teknikoa izan da azken 10 urteetan. Bartzelonan  1964an jaioa, orkestren kudeaketan esperientzia handia du eta ilusioz ekingo dio aro berriari.

 

Aurkezpenean, Muñoz sailburuordea “pozik” azaldu da, eta “egun berezia” dela gaurkoa azaldu du. “Uste dut benetan asmatu dugula Oriol Rochen izendapenarekin, eta aro berri bati hasiera emateko pertsona egokia dela”. Profesionaltasuna eta eskarmentua aipatu ditu Muñozek, zuzendari nagusi berria deskribatzeko. “Profesionaltasuna eta eskarmentua bilatzen ari ginen zuzendari nagusi berria aukeratzerakoan. Orkestra bat kudeatzea zer den dakien pertsona bat, orkestra bat kudeatzeak berezitasun propioak baititu”.

Ezaugarri horiekin batera, konpromisoa ere nabarmendu du Joxean Muñozek. “Konpromisoa eskatu diogu Oriol Rochi. Konpromisoa Orkestrarekin, Euskal Herriarekin, eta Euskal Herriko musikazaleekin. Ezagutzen du Orkestra, badaki zeintzuk diren Orkestra honen berezitasunak, eta nola funtzionatzen duen hiri bat den Euskal Herri honetan”. Baina konpromisoa baita euskararekin ere, sailburuordeak gehitu duenez. “Euskara ikasi behar duela eskatu diogu”.

 

Euskararekiko konpromiso hori erakutsi nahian, bere lehen hitzak euskaraz egin ditu Oriol Rochek. “Ilusioz beteta etorri naiz. Eginkizun handia dugu. Etorkizun ederra dugu. Gogor ekingo diot lanari Orkestraren onerako, musikaren onerako eta Euskal Herriaren onerako”, azaldu du. Euskara ikasteko asmoa ere agertu du zuzendari nagusi berriak, eta laster euskaraz hitz egiteko gai izateko desioa erakutsi.

“Zuzendari nagusi zereginean, erronka handia da hau niretzat, aukera bat” esanez jarraitu du bartzelonarrak, eta Orkestra ezagutzen duela azaldu du. “Finkatutako proiektua da, proiektu serioa. Aukera ikaragarriak dituen orkestra on bat”. Espainiar estatuan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak lortu duen kokaleku ona azpimarratu du Oriol Rochek. “Baina uste dut nazioarteko proiekziorako aukera bikaina duela, Frantziako eta Europako merkatutik duen hurbiltasunari esker. Orkestra niretzako proiektu ilusionagarria da. Sortu diren itxaropenak asebetetzea espero dut, batik bat egitasmo honen atzean dagoen lan talde profesionala nolakoa den egiaztatu dudanean”.

 

 

Oriol Roch Izard (Bartzelona, 1964)      

2004. urtetik gaur egunera arte Galiziako Errege Filarmonikaren zuzendari teknikoa izan da. Erakunde hori Santiago de Compostelako Partzuergoaren mende dago, eta Estatuaren, Galiziako Xuntaren eta Santiagoko Udalaren arteko erakunde partaidetua da. Ardura tekniko gorena izanik, Galiziako Filarmonikari bultzada eman dio galiziar komunitatean sendotuz, bere presentzia Espainiako Estatuan eta atzerrian bermatzeaz gainera; denboraldi oso bat kudeatu du, ospe eta kalitate handiko artistekin, aurrekontuak beherakada handia izan zuen une batean; bere taldearekin hezkuntza laguntza eredu bat bermatu du Musika Ikasketen Goi Eskolako musikari gazteen trebatzaile gisa.

1990etik 2002ra arte Teatre Lliure Ganbera Orkestraren kudeatzaile izan zen, Josep Pons zuzendari duena. Teatre Lliuren egindako kudeaketari esker, konpainiak nazioarte eta estatu mailako presentzia eskuratu zuen, Bartzelonan egindako kontzertu denboralditik haratago. Tamaina handiagoko eta diziplinen arteko proiektuetara egindako aldaketa kudeatu zuen, eta horrek ospe handiagoa eman zion proiektuari. Harmonía Mundi (Frantzia) editorearekin akordio bat kudeatu zuen urtero bi disko salgai jartzeko; gaur egun ere nazioarteko arrakasta dute.

Lehenago, Bartzelonako 1992ko Joko Olinpikoetako Batzorde Antolatzailean eta Bartzelonako Azokan lan egin zuen, kultura dinamizazio lanetan. Gainera, Orfeón Leridanok antolatutako Orkestra Sinfonikoari buruzko ikastaroaren arduraduna izan zen hiru ediziotan.

Egindako ikasketei dagokienez, Enpresa Kudeaketan egindako graduondokoa (Universitat Ramon Llull) izateaz eta hizkuntza maila altua (ingelesa eta frantsesa) izateaz gainera, Historia Garaikidean lizentziaduna da (Bartzelonako Unibertsitatea).

 

 

 

Donostian, 2014ko abuztuaren 5ean

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Oriol Roch