Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Inturia presa eraisteko bigarren fasea hasi da Leitzaran ibaiaren komunikazio naturaleko bideak berrezartzeko.

2014.eko abuztuak 04

Gaur goizean berrekin diete Inturia presa eraisteko lanei. Leitzaran ibaiaren 9. kilometroan dago presa, Elduain udalerrian.12 metroko altuera eta 60 metroko luzera duen eta gaur egun erabiltzen ez den oztopo artifizial hori kentzea da GURATRANS Europako proiektuaren ekintzetako bat. Aipatutako proiektua mugaz gaindiko lankidetzarako ekimena da eta mendebaldeko Pirinioetako ibaien kudeaketa hobetzea du xede.

"Leitzaran ibaian bizi diren arrain-espezie guztientzat oztopo gaindiezina da Inturia presa. Ibaiaren inguruan dauden zentral hidroelektrikoetako hartuneetarako presak eta presa txikiak ugaritu direnez, ibaiak eragin handia jasan du" azaldu du Uraren Euskal Agentziaren zuzendari Iñigo Ansolak

"Gaur egun- Zehaztu du Ansolak- Inturia ez da erabiltzen eta ibai horretako oztopo handiena da, ibaian gora eta behera dauden ibaiko zatien arteko lotura ekologikoa erabat eteten baitu. Presak sortzen duen urmael artifizial zabalak eremu horretan bizi ahal izateko ibaiko faunak behar dituen ur geldi txikien eta tarte bizkorren segida eteten du."

Oztopo hori eraitsita, ibai sarearen zati garrantzitsu bat askatuko da, eta horrek ibaiaren mugimendu naturalak berrezartzea ahalbidetuko du. Horrek guztiak Leitzaran eremu horretako habitatek (uretakoak nahiz lurrekoak) hobeto gordetzea ekarriko dute, presaren eraginak ibaian bizi daitezkeen espezieak mugatzen baititu azken batean, baita haien populazioen neurria ere.

Lan horiek Uraren Euskal Agentziaren (URA) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari (ekonomikoa eta teknikoa) esker ari dira egiten.

Eraispena faseka

Azpiegituraren neurria eta urtegian metatutako sedimentuen bolumen handia dela eta, Inturia presaren eraispena lau fasetan egingo da. Erabakia sedimentuak kentzeko, metaketak pilatzeko inguruko eremu alternatiboak bilatzeko edo arroilaz kanpo dagoen zabortegiren batera kamioi bidez garraiatzeko hainbat aukera aztertu ondoren hartu dute.

Fasekako eraispena da aukerarik naturalena, ur emari solidoen (sedimentuak) erregimena pixkanaka berrezarriko baita horri esker. Jarduketa bakoitzean altueran bizpahiru metro eraitsiko dira, eta horri esker, sedimentuen gehieneko bolumena ez da izango 60.000 metro kubiko baino handiagoa. Beste presa batzuk eraitsi izan direnean askatutako antzeko kantitatea da, eta egoera horietan ez da arazo handirik gertatu izan ibaian behera.

Eraisteko fase horietako lehenengoa iaz egin zuten eta, orain arte, ibaia pixkanaka egokitu da aldaketa horietara. GURATRANS proiektuak, bestalde, aldi horretan jarraipeneko lan zorrotzak garatu ditu uraren eta sedimentuen zirkulazioko, eta ibaiarekin lotutako habitatetan gertatutako aldaketek izandako eraginak baloratu ahal izateko. Ikerketa horiei esker, eraispeneko lehen fasearekin lotuta ibai ekosistemek izandako erantzuna positiboa izan dela ikusi dugu.

Oraingo eraispen fasea

Orain, udan ibaiak emari gutxiago daramanez, eraispenaren bigarren fasea hasi eta irailean amaituko da. Horren ondoren, presa segurtasun baldintzetan geratuko da 2015eko abuzturako aurrez ikusita dagoen hurrengo esku-hartzera arte. Orduan, presa handi horren altuera ia hiru metrotan (2,8 m) gutxituko dute. Hori dela eta, aurreko fasearekin batera, altuera sei metroan baino gehiagoan gutxituko da.

Lehen zereginetan, Bertxin presa, jarduera eremutik kilometro batera dagoena ibaian behera, askatutako sedimentuetatik babestu eta Inturiako ura bildutako eremuaren zati bat hustu beharko dituzte. Horri esker, arrainek sedimentuen karga eta oxigeno murrizketa detektatu ahal izango dute eta ibaiko beste eremu batzuetan babestu ahal izango dira. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko langileek egunotan eramango dituzte ibaiko tarte egokietara zonalde seguruetara mugitzerik izan ez duten arrainak.

Europako GURATRANS proiektuaren ekintza

Inturia presaren eraispena Europako 'GURATRANS’ proiektuan programatutako ekintzen barruan sartzen da. Ekimen horren helburua baliabide hidrikoak hobeto koordinatzeko eta kontrolatzeko mugaz eta eskualdez gaindiko kudeaketa egiturak txertatzea da. Horiek egiteko, HAZI Fundazioak, Nafarroako Ingurumen arloko Baliabideen Zentroak (CRANA), Nafarroako Gobernuak eta Agglomération Sud Pays Basque-k osatu duten lan taldea finkatu dute.

Inturia eraisteko lanek Uraren Euskal Agentziaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketa jaso dute. Erakunde horiek, gainera, GURATRANS proiektuaren partaideak dira.

Proiektua Espainia-Frantzia-Andorra Mugaz Gaindiko Lankidetza Programa Operatiboan (POCTEFA 2007-2013) sartuta dago eta Eskualdeko Garapeneko Europako Funtseko (FEDER) baliabideak ditu.

 

 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @RestauracionEco
    2014.eko irailak 08

    Comentario de Twitter:
    Comienza la segunda fase de demolición de la presa de Inturia para restablecer el tránsito natural de especies ... http://t.co/yxOeT44D2p

  • @uraEJGV
    2014.eko abuztuak 04

    Comentario de Twitter:
    Inturia presa eraisteko bigarren fasea hasi da http://t.co/QbMkdU7Yjf

  • @uraEJGV
    2014.eko abuztuak 04

    Comentario de Twitter:
    Comienza la segunda fase de demolición de la presa de Inturia http://t.co/yY6VEfcF6w

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)