Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Euskadiko trenbideen historia grafikoa: mugikortasun jasangarriaren eta trenen 150 urteko garapena iruditan

2014.eko abuztuak 04

Hilaren 15ean 150 urte beteko dituzte bai lehenengo trenbide-sareak bai Donostiara iritsi zen (1864) Madril/Irun/Paris aurreneko trenbideak ere. Horregatik, gaur goizean aurkeztu da Euskadiko trenbideen historia grafikoa izeneko liburua, Juan José Olaizolak idatzita eta Maquetren aldizkariak editatua.

 

“Trenbideak Euskadira pixka bat atzeratuta iritsi ziren Europako beste herrialde batzuekin alderatuz gero; izan ere, hogeita hamar urtetik gora igaro ziren munduko lehenengo trenbide modernoa (Liverpool eta Manchester artekoa) inauguratu zenetik, eta hamabost Bartzelona eta Mataró arteko burdinazko lehenengo bidea martxan jarri zenez geroztik. Lehenengo euskal trenbide-sarea nazioarteko Madriletik Parisera arteko arteria handiak eratzen zuen, eta arteria horri Bilbotik Tuterarako zeharkako igarobidea lotzen zitzaion, Zaragozaraino eta Bartzelonaraino jarraitzen zuena. Horrela, Kantauri aldearen eta Mediterraneoaren arteko lotura sendotu zen”, aipatu du Juanjo Olaizolak aurkezpenean.

 

Egileak zehaztu duenaren arabera, “Bigarren Karlistaldiak une batez euskal trenbide-sarea gehiago handitzea geldiarazi zuen. Baina, gatazka honen ondoren, trena azkar garatu zen trenbide estuaren bidez. Hainbeste garatu zen trenbidea non Euskal Herrian izan zen hasierako atzerapena berreskuratu baitzen, eta Espainian tren gehien ibiltzen zen sare ere bihurtu zen, baita Europako garrantzitsuenetakoa ere. Meatzetako trenbideek eta hirietako nahiz hiriarteko tranbiek garraiobide-sare bat osatu zuten, eta horrek berebiziko garrantzia izan zuen Euskadik urte haietan izan zuen industria- eta ekonomia-garapen guztiz azkarrerako”.

 

Euskadiko trenbideen historia grafikoa liburuan, zaleek Euskal Herrian trenaren historian izan diren une garrantzitsuenen irudiak ikusi ahal izango dituzte. Hala nola, lehenengo trenbide-sareen eraikuntza, meatzetako trenen garapena, trenbide estuko burdinbideen ezarpena eta tranbien goraldia. Berrikuntza teknologikoak ere ikusi ahal izango dituzte; eta arlo horretan, askotan, euskal trenbideak aitzindariak izan ziren Estatuan.

 

Gutxi gorabehera 200 argazki historiko daude, gehienak formatu handian eta orain arte ezezagunak izan direnak. Horiek guztiek Maquetren aldizkariak argitaratutako lan berri hau irudiz hornitzen dute, eta Euskotrenek, Metro Bilbaok, ETSk eta Eusko Jaurlaritzak laguntzen dute lan berri honetan. Irudi hauekin batera testuak daude, eta horietan Euskadiko trenbideen garapena ulertzeko giltza izan ziren datuak, datak eta gertaerak. Bertan daude Euskadiko lehenengo trenbide-proiektuak baita gaur egungoak ere, esaterako, Bilboko metroa, tranbia berriak edo Y izeneko trenbidea. Irakurleak liburu hau Euskadiko trenbideen jatorri, eboluzio eta etorkizunari buruzko erreferentzia-lan bat dela ikusiko du.

 

“Gaur egun trenbideak hasieran zuen ezaugarria berreskuratu du, hau da, garraiobide jasangarria izatea, beste sistema batzuekin (hegazkinarekin edo errepidearekin) modu ezin hobean bateratua dagoena. Europak trenbidearen aldeko apustu garbia egin du, bai pertsonen garraiobide gisa distantzia laburretan, esaterako, metro, tranbia eta eskualdeko ibilbideak ezarrita, bai abiadura handiko trenen alde, Europar Batasuna eta hainbat herrialde batuko baititu. Hori da Euskadiren kasua, baita Europako Atlantikoko ardatzeko herrialde eta eskualde bakoitzarena ere”, esan du aurkezpenean Gorka Ugaldek, Euskotreneko zuzendari albokoak.

 

Ugaldek nabarmendu du “tren bidezko salgaien garraiobideari datorkion etorkizuna handia” dela; “izan ere, atmosferara isurtzen diren milioika CO2 tona saihesten ditu. Frantzia orain salgaietarako Calais/Baiona autobidea ari da eraikitzen, eta autobide horrek Euskadin jarraituko du Erriberabeitiaraino (Araba). Bertan baitaude Arasur, Jundiz eta Foronda; baina, lehenago Zaisa eta Pasaian lotura izango du”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko