Berriak Segurtasuna
Eu

Ibilgailuen dentsitate handia eta istripu gutxi euskal errepideetan izandako Irteera Operazioko astebururik zailenean

2014.eko abuztuak 04

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak 2014ko Udako Operazioa aurkezteko, ekainean, egindako aurreikuspenak betetzen ari dira. Euskal errepide-sarean zirkulazio-dentsitate handienekoa izan da azken asteburua, bereziki luzea Bizkaian eta Gipuzkoan ostegunean, hilak 31, San Ignazio ospatzen zelako. Gehienbat, penintsula hegoalderantz abiatutako nazioarteko zirkulazioa handitu eta iristeak eragin ditu auto-ilarak Irungo ordainlekuan, Bilborako noranzkoan, N-622 eta A-1 errepideek bat egiten duten gunean, eta Armiñongo lotunean, Araban, ostiralean, abuztuaren 1ean, goizeko lehen ordutik.

Eusko Jaurlaritzaren Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez  Molinuevok azaldu duen moduan, «aurreikusitakoaren arabera garatzen ari da operazioa. Nazioarteko zirkulazioak auto-ilarak eragin ditu aurreikusitako puntuetan, baina ez da arazo handirik egon. Operatiboa bide onetik doa. Istripuei dagokienez, biktimak eragin dituzten istripuak gutxiago izan dira iaz baino, eta gutxiago izan dira, halaber, hildakoak eragin dituztenak. Pertsona bat hil da Euskadiko errepideetan ekainaren 28tik gaur arte, eta lau izan ziren iaz hildakoak. Gidariei begirunea, zuhurtzia eta pazientzia eskatu nahi diegu. Ez dugu ahaztu behar helburura iristea dela garrantzitsuena, pixka bat berandu iritsi arren».

Auto-pilaketak hiru toki hauetan gertatu dira:

1.- Bizkaian, A-8 errepidean, Muskiz parean, Kantabriarako noranzkoan, bost kilometroko auto-ilarak izan ziren 19:00etatik 21:00etara bitartean uztailaren 24 ostegunean, jaiegun bezperan. Uztailaren 27an, igandea, Bilbora itzultzen ziren ibilgailu ugariek ilarak eragin zituzten, baina Kantabria aldean. Eta uztailaren 31n, osteguna, berriro ere, Bilbotik Kantabriarantz atera ziren ibilgailuak zirela-eta, 8 km arteko auto-ilarak izan ziren.

2.- Araban, auto-ilarak izan ziren N-622 eta A-1 errepidean lortzen diren puntuan uztailaren 25ean, ostiralean, 11:20etik 14:30era. Dena dela, Trafiko Zuzendaritzak Ertzaintzarekin, Miñoiekin, Gasteizko Udaltzaingoarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin batera jarritako seinale-operatiboak behar bezala funtzionatu zuen, eta horri esker, ilarak ez ziren hiru kilometro baino luzeagoak izan. Auto-ilara handiagoak nazioarteko ibilgailuen joan-etorri handieneko egunetan izan ziren, abuztuko lehen asteburuan zehar, eta ostiralean, hilaren 1ean, 6 kilometroak izatera iritsi ziren 11:00etan.

Armiñongo lotunean, Madrilera bidean, dentsitaterik handieneko eguna abuztuaren 1a izan zen; izan ere 8 kilometro baino gehiagoko auto-ilarak erregistratu ziren A-1 errepidean, Armiñonen, Madrilera bidean, 19:55ean. Adar horren ahalmena dela-eta, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak ezin du seinale-dispositiborik abiarazi; nolanahi ere, Ertzaintzaren Trafiko Unitateak eta Miñoiek zirkulazioa kudeatzeko lanak egin dituzte uneoro.

3.- Gipuzkoan, Frantziatik datorren nazioarteko trafikoa uztailaren 26an hasi zen igartzen; 3 kilometroko auto-ilarak izan ziren Irungo ordainlekuan, Bilbora bidean. Nolanahi ere, asteburuan handitu da nabarmen penintsularen hegoaldera bidean hemendik igarotzen diren ibilgailuen dentsitatea, eta auto-ilarak izan dira abuztuaren 1ean, ostiralean, Irungo ordainlekuan (7 kilometrokoak 8:00etan) eta Zarauzko ordainlekuan (4 kilometrokoak).

Jaitsi egin da biktima-kopurua

Auto-ilarek gidariei sor dakizkiekeen eragozpenak gorabehera, nabarmendu behar da ibilgailuen dentsitate handiak ez dakarrela kalte handirik; izan ere, biktimak izan dituzten istripuen kopuruak behera egin baitu ekainaren 28tik abuztuaren 3ra bitartean aurreko urtearekin alderatuta. Orotara, 235 biktima izan dira aldi horretan (joan den udan 246 izan ziren) eta hildako bat izan da, Bizkaian. 2013an, aldiz, lau lagun zendu ziren aldi horretan; bi Bizkaian eta bat Gipuzkoan.

«Ezbehar-kopuruaren datuak positiboak dira uda erdian –nabarmendu du Garbiñe Sáez Molinuevo Trafikoko zuzendariak–. Nolanahi ere, datu hori ez da behin betikoa izango abuztuaren 31ra arte, eta hilabete konplikatua dugu aurretik. Gidariek erantzukizunez eta kontziente jokatzea eskatzen dugu, uda hau iazkoak baino lesio-zifra hobeekin bukatu ahal izan dezagun.

Istripuak saihesten lagun dezaketen aholkuak

Eusko Jaurlaritzaren Trafikoko Zuzendaritzak zera gomendatzen du: ahal dela, zirkulazio handieneko egunak eta orduak saihestea. Abiatu baino lehen, komeni da errepideen egoerari buruzko informazioa eskatzea 011 telefono-zenbakian, edo www.trafikoa.net Trafiko Zuzendaritzaren webgunean, @TrafikoaEJGV Twitter kontuan edo TrafikoaEJGV mugikorretarako aplikazioan kontsultatzea.

Ziurtatu ibilgailua baldintza onetan dagoela; alegia, egiaztatu pneumatikoen, argien, frenoen, beira-garbigailuaren, ispiluen eta abarren egoera.

Ez da komeni bidaia baten aurretik asko jatea, gidatzerakoan logura eragin baitezake. Jakina, ez edan alkoholik eta ez hartu inolako drogarik. Eta botikaren bat hartzen ari bazara, ziurtatu ez duela eraginik izango gidatzerakoan.

Behin abiatuta, egokitu abiadura gorabeheretara eta bidera, eta egin kasu begi zirkulazioa arautzeaz arduratzen diren Ertzaintzako agenteek emandako jarraibideei.

Gorde segurtasun-tartea eta egin atsedenaldiak bi orduz behin. Horrela, istripuak pairatzeko arriskua murriztuko duzu. 

Gainera, funtsezkoa da errepideko gainerakoekin errespetuz jokatzea, gidatzerakoan zuhurrak izatea, zirkulazio-arauak jarraituz, eta pazientzia izatea; izan ere, garrantzitsuena helmugara osasuntsu eta bizirik iristea da.

 


OHARRA: Aipatu, mesedez, informazio-iturria: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritza.

HARTU GOGOAN: APP TRAFIKOAEJGV mugikorretarako aplikazioak euskal errepideetako trafikoaren gaineko alderdi garrantzitsuenen gaineko informazioa eskaintzen du.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2014.eko abuztuak 04

    Comentario de Twitter:
    Garbiñe Sáez Molinuevo, Directora de Tráfico: Alta densidad de vehículos y baja siniestralidad en el fin de... http://t.co/Oie0sBibkO

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)