Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Euskadiko herritarrek 70.195 tona ontzi birziklatu zituzten etxeetan 2013an

2014.eko abuztuak 01
  • Galera sailburuodea: “Hondakina baliabide gisa ikusten duen Euskadi lortzeko arduratuta gaudela erakusten du horrek. Euskadik jasangarritasunarekin daukan konpromisoari esker, Europako adibide onenetako bat da”.
  • Pertsona bakoitzak batez beste 15,5 kilo plastikozko ontzi, lata eta brik birziklatu zituen, iaz baino kilo bat gehiago, Euskadin diren 10.366 edukiontzi horietan. Batez beste, 31,2 kilo paper eta kartoi utzi ziren Euskadiko 8.784 edukiontzi urdinetan, Estatuan baino % 50 gehiago.
  • Euskadin 1.972 lanpostu baino gehiago sortu dira Ecoembes jarduearekin loturik, 421 zuzenekoak dira.

 

Euskal herritarrek gero eta konpromiso handiagoa daukate birziklatzearekin eta ingurunea babestearekin. Izan ere, Ecoembesek (Estatuan ingurumena zaintzen duen erakundea, ontziak birziklatzearen eta ekodiseinatzearen bitartez) eman dituen azken datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 70.195 tona ontzi birziklatu ziren etxeetan 2013an.

 

Emaitza horiek Eusko Jaurlaritzaren zein herritarren inplikazioari esker lortu dira. Hala, iaz, pertsona bakoitzak 15,5 kilo ontzi arin utzi zituen edukiontzi horian (plastikozkoak, metalezkoak eta brikak), aurreko urtean baino kilo bat gehiago. Edukiontzi urdineko kartoiei eta paperei dagokienez, berriz, biztanle bakoitzak 31,2 utzi zituen, Estatuko batez bestekoa baino % 50 gehiago.

 

Edukiontzi horian gaizki utzitako hondakinei dagokienez, % 18,6 izan zen ehunekoa, Espainiako batez bestekoa baino askoz ere gutxiago (% 30). Horrek esan nahi du Euskadiko herritarrak oso kontzientziaturik daudela ingurumena zaintzearekin, ontziak birziklatuta. Ecoembes etxeak herritarren ohiturei eta jarrerei buruz egindako azken azterketaren arabera, Euskadiko hamar herritarretatik bederatzik dio egunero bereizten dituztela ontziak ondoren birziklatzeko.

 

Eusko Jaurlaritzaren eta Ecoembesen arteko lankidetzari esker, Euskal Autonomia Erkidegoak 10.366 edukiontzi hori eta 8.784 urdin ditu eguneko 24 orduetan, urteko egun guztietan, ontziak bertan uzteko. Bi erakundeek elkarrekin lan egiten dute azkeneko hamar urteetan baino gehiagotan etxeko ontziak biltzeko eta birziklatzeko, baita alor honetan herritarren kontzientziazioa lortzeko ere.

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuorde Josean Galeraren arabera, datuek erakusten dute Euskadiko herritarrak buru direla Estatuan hondakinak birziklatzeko eta berreskuratzeko lanetan. “Ederki erakusten du horrek zer-nolako ardura daukagun Euskadin hondakinak baliabide gisa kontuan hartzeko. Gure herriak jasangarritasunarekin daukan konpromisoari esker, Europako adibiderik onenetako bat gara alor honetan.”

 

“Euskadiko herritarrek gero eta kontzientzia handiagoa daukate ontziak bereizteko eta edukiontzi egokian uzteko, eta ederki dakite horrelako keinu txiki batek zer-nolako garrantzia daukan ingurumena zaintzeko. Eusko Jaurlaritzaren eta herritar guztien konpromisoari esker, ontziak birziklatzea errealitatea da Euskadin”, adierazi du Antonio Barrónek, Ecoembes etxeko Komunikazio Korporatiboko eta Marketineko zuzendariak.

 

Ontziak birziklatzeak ingurumen-onura ugari dauzka: atmosferara CO2 gutxiago isurtzea, edota ura, energia eta lehengaiak aurreztea. Era berean, gizartea garatzen ere laguntzen du, enplegua eta enpresa-ehundura indartuz. Euskadin bakarrik 1.972 lanpostu baino gehiago sortu dira Ecoembesekin lotutako jardueretan, horietako 421 zuzenekoak, gainera.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CyberEuskadi
    2014.eko abuztuak 01

    Comentario de Twitter:
    "La ciudadanía vasca recicló 70.195 toneladas de envases domésticos en 2013" http://t.co/tm3LnOjHmh

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Antonio Barron