Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

III. Unibasq Sinposioak kalitateko unibertsitate sistemak zabaltzen dituen nazioartekotze aukerak aztertuko ditu

2014.eko uztailak 30
  • Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak nazioartekotzearen beharraz kontzientziatu nahi du komunitate unibersitarioa

 

  • Jardunaldia urriaren 23an egingo da Euskalduna Jauregian, nazioarteko adituen eta Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateekin lotutako pertsonen parte-hartzeaz

 

Bilbon, 2014ko uztailak 30.-Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak nazioarteko adituak eta Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateekin lotutako pertsonak bilduko ditu urrian, komunitate unibertsitarioa nazioartekotzearen beharraz kontzientziatzeko asmoz. Jardunaldia urriaren 23an egingo da Euskalduna Jauregian, Agentziak “Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea: Nazioartekotzearen aukerak” izenburupean antolatutako III. Sinposioaren barruan.

Unibasq-ek mugikortasun unibertsitarioaren kontzeptua gainditu eta nazioartekotzearen kontzeptura iristeko asmoz eratu du gogoeta-jardunaldi hau. Honela, topaketaren hasierako hitzaldietan, nazioartekotze unibertsitarioaren “zertarako” eta “norentzat”, eskatutako gaitasunak, eta ikasle eta irakasleak prozesu honetara biltzeko behar diren pizgarriak aztertuko dira, baita Kalitatearen nazioarteko aitorpenak goi-mailako irakaskuntzan duen garrantzia ere.

Jardunaldiaren bigarren zatian, mahai-inguru batean irakasle batek, ikasle batek eta enpresari batek horren inguruan dituzten ikuspuntuak bilduko dira. Era berean, Txileko Akredita Q.A. Akreditazio-Agentziako zuzendaritza batzordeko presidenteak agentzien ikuspuntua azalduko du, bertaratutakoek egindako ekarpenak bilduz. Jardunaldiaren itxieran, Unibasq-eko zuzendari Juan Andres Legarretak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriartek parte hartuko dute.

Nazioartekotzearen beharra eta honek planteatzen dituen erronkak

Unibertsitatea nazioartekotzea behar-beharrezkoa da, baita ikasleek gaitasunak hartzea ere, esparru horretara molda daitezen. Orain arte, Euskadin, helburu horri begira, etorkizunari aurre egiteko ondo egituratutako estrategia behar duten zenbait ekimen abiarazi dira. Nazioarteko egungo testuinguru aldakorrean, gero eta handiagoa da ikasleen mugikortasuna, baita unibertsitateen arteko lankidetza ere, baina lehiakortasuna, prestakuntzaren merkaturatzea eta irabazi-asmoa duen ezagutza ere areagotu dira.

Nazioartekotzea zeharkako prozesua eta oinarrizko kalitate-faktorea da. Ikasleen kasuan, nazioartekotzea zeharkako gaitasunak, talde-laneko ohiturak eta beste leku eta errealitate batzuen inguruko ezagutza, enpatia eta harremana bereganatzean oinarritzen da. Unibertsitateen arteko eta enpresa-ehunarekiko lankidetza-premia ere sortzen da. Helburua, munduko leku desberdinetako unibertsitateen arteko interes-sinergiak bilatzea da, irakasle eta ikertzailerik onenak erakartzeko estrategiak ezarriz.

Unibasq-en Jarduera: 2013ko Balantzea

Unibasq, Eusko Jaurlaritzan unibertsitate arloko eskumenak dituen Sailari atxikitako erakunde publikoa da, Euskal Unibertsitate Sistemaren esparruan kalitatea ebaluatu, akreditatu eta ziurtatzea helburu duena, ikaskuntza eta irakaskuntzan nahiz ikerketan eta kudeaketan. Erakundea 2004an sortu zen, eta 2009an, bere gisako erakundeetarako europar zuzentarauetara egokitzeko prozesua abiarazi zuen, estatutuak aldatuz eta oraingo izendapena hartuz.

Agentzia programa propioez nahiz Espainia eta Europako beste agentzia batzuekiko lankidetzaz baliatu ohi da ebaluazio, akreditazio eta ziurtapen arloetako jarduerak aurrera ateratzeko.

2013. urtean, gogoan hartzeko moduko aurrerapausoak eman dira Unibasq-en esparruan. Horietako nabarmenena, Euskal Agentzia ENQA Goi-Mailako Irakaskuntzan Kalitatea Bermatzeko Europar Elkartean sartzeko derrigorrezko Auto-ebaluazio Txostenaren elaborazioa izan da. Txostena 2013ko azaroan aurkeztu zen, Unibasq aipatutako europar elkartean sartzeko eskaera egin ondoren egiten ari den ebaluazio prozesuaren barruan.

Horretarako egin den gogoeta-prozesuak 2013-2016ko Plan Estrategikoa lantzen ere lagundu du. Planak epealdi horretarako jarduera-ildoak zehazten ditu, eta iazko ekitaldiari dagokion beste gertaera garrantzitsu bat izan da.

Hauek dira 2013ko beste gertaera azpimarragarri batzuk: Unibasq-ek Goi-Mailako Irakaskuntzako Ebaluazio Agentzien Nazioarteko Sarearekin (INQAAHE) bat egin izana, euskal agentzia nazioartekotzeko lehendabiziko pausoa; ikasleek Unibasq-eko organoetan eta unibertsitate mailako titulazioen ebaluazio-prozesuetan duten parte-hartze aktiboa, edota Etika Batzordearen sorrera.

Gainera, 2013an, Unbasq-ek harreman estuan jarraitu du Estatuko gainerako agentziekin REACU Unibertsitateen Kalitate-Agentzien Espainiar Sarean duen parte-hartzearen bitartez, bereziki unibertsitate mailako titulu ofizialen akreditazioa berritzeko abiaraziko diren prozesuei begira.

Unibasq-i buruz

Agentziak ebaluazio-taldeetan txertatuta dauzkan irakaskuntza arloko ehun bat profesionalen laguntza du. Iaz milioi bat euro inguruko aurrekontua izan zuen. Ebaluazioari, akreditazioari eta egiaztapenari dagokien jarduera osoa honako programa hauen bitartez gauzatzen du:

-       Irakasle eta ikertzaileen egiaztapena, Euskal Unibertsitate Sistemako lan-kontratuko plazetara eta unibertsitate pribatuko irakasle doktore lanpostura iristeko aukera izan dezaten.

-       UPV/EHUko irakaskuntza eta ikerketa arloetako langile iraunkorren ebaluazioa ikerketako ordainsari osagarriak (seiurtekoak) eskura ditzaten.

-       UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen ebaluazioa, Autonomia Erkidegoko ordainsari osagarriak eskura ditzaten.

-       Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetako gradu, master eta doktoregoko titulu-proposamenen ebaluazioa, Eusko Jaurlaritzak onarpenerako aldez aurreko txostena plazara dezan.

-       Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetako gradu, master eta doktoregoko titulazioen ezarpenari jarraipena egitea.

-       Unibertsitate arloko eskumenak dituen Sailaren eta Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateen arteko programa-kontratuen ebaluazioa Unibertsitate Plana garatzeko.

-       AUDIT – Euskal Unibertsitate Sistemako ikastetxeen kalitatearen barne berme-sistemak ebaluatu eta ziurtatzea.

-       DOCENTIA – unibertsitateei irakasleen jardueraren ebaluaziorako prozedura propioak diseinatzen laguntzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)