Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eusko Jaurlaritzak 3,27 milioi euro bideratu ditu gizarte ekonomia sustatzera (2014-07-29(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko uztailak 29

LABURPENA

Gaur, Gobernu Kontseiluak gizarte-ekonomia sustatzeko zazpi diru-laguntza lerro onartu ditu. Guztira 3,27 milioi euro emango ditu horretarako. Aurreko urteekin alderatuta, bi programa berri gehitu dira gizarte-ekonomiaren esparruan lerro berriak irekitzeko: enpresen gizarte-erantzukizuna eta elkar-lankidetza.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan María Aburtok hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak gizarte-ekonomiari lotutako ekintzailetza indartzeko eta lurraldean sektore horretako enpresak modu planifikatuan sustatzeko lehenengo diru-laguntzen lerroa onartu du. Bi helburu horiek erdiesteko, gobernuak 1.537.600 euro bideratuko ditu. Lehenengo lerro horrek ondokoetarako diru-laguntzak hartzen ditu baitan:

1. Gizarte-ekonomiako enpresak eratzea, bai eta jada sortutako enpresak gizarte-ekonomiako enpresa bihurtzea.
2. Gizarte-ekonomiako enpresa baten eraketarekin zuzenean lotuta dauden sustapen-ekintzak egitea.
3. Bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa zehazteko ikerketak egitea.

Atal horren barruan, halaber, gizarte-ekonomiako enpresak lurraldean modu planifikatu batez sustatzeko ekintza-plan bat eta aberastasuna modu ekitatiboan sortzea eta banatzea ere diruz lagunduko dira, baita eskualdean enplegua sortzea ere.

Bigarren lerroak beste xede bat izango du, EAEn garatzen diren gizarte-ekonomiaren alderdi jakinei buruzko prestakuntza- eta hedapen-ekintzak finantzatzea, alegia. Unibertsitatearen eta/edo elkarteen esparruan kooperatibismoari edo lan-sozietateei buruzko jakintza hasteko, hobetzeko edo, oro har, kualifikatzeko laguntzak. Horretarako 402.000 euro bideratuko ditu gobernuak.

Gainera, 250.000 euro ere jarriko ditu enpresetan kudeaketa-tresnak ezar ditzaten, laguntza tekniko moduan, etengabe hobekuntzari begira eta kooperatiba eta lan-sozietate hasiberrietan kalitate handiko planifikatzeko eta kudeatzeko tresnak ezar ditzaten.

Horren barruan sartzen da, halaber, kidetutako entitateei bermeak eman ahal izateko gizarte-ekonomiaren entitate gorenek aurrez gauzatu behar duten ikerketa ekonomiko finantzarioa egitea.

Laugarren lerroaren zenbatekoa 610.000 euro izango dira, eta EAEko gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeen elkartze-egiturak sendotzea izango du helburu.

1995an martxan jarri zirenetik, laguntzok oso garrantzitsuak izan dira gizarte-ekonomiako entitate eta horien bitartekari diren erakundeentzat. Izan ere, euren kanpoko harremanetan eragiteko ahalmena bermatzen eta beren sektorea erakunde mailan eraginkortasunez ordezkatzen lagundu diete, eta, orokorrean, kidetuen eskubide legitimoak hobeto babesteko ekintzak sustatzeko laguntza eman diete.

Jaurlaritzak gizarte-ekonomiako enpresa-kideak hartzeko laguntza-programa mantentzea onartu, eta 200.000 euro zuzenduko ditu.

Azken 5 urteetan 600 lagunek baino gehiagok jaso dute Eusko Jaurlaritzaren laguntza gizarte-ekonomiako enpresetako bazkide bihurtzeko.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak -haren esku dago era honetako laguntzen kudeaketa- bi lerro berri gehitu ditu aurten Gizarte Ekonomiaren esparruan jarduera-ildo berriak irekitzeko:

Batetik, 100.000 euroko programa bat enpresen gizarte-erantzukizuna hedatzeko EAEko erakundeen artean. Funts horren bidez jardunaldiak eta mintegiak diruz lagunduko dira erakundeetan EGE ezartzearen garrantzia nabarmentzeko.

Bestetik, 171.750 euroko programa bat enpresen elkar-lankidetzarako ekintzak egitea laguntzeko gizarte-ekonomiako enpresen elkarteek kidetutako enpresentzat egiten dituzten proiektuen bitartez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau