Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eusko Jaurlaritzak pizgarri ekonomikoak eskainiko dizkie gazte tituludunak kontratatzen dituzten enpresei (2014-07-29(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko uztailak 29

LABURPENA

Unibertsitateko edo lanbide heziketako ikasketak amaitu berri dituzten eta Lanbiden izena emana duten gazteei zuzendutako Lehen Aukera programara bost milioi euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak.

Krisiak gogor jotako gazteek hezkuntza mundutik lan merkatura igarotzeko aukera izan dezaten, Eusko Jaurlaritzak aurrekontu-sail bat onartu du gaur Lanbidek Lehen Aukera programako laguntzak dei ditzan. Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016 Enplegu Planaren baitan hartutako erabakiaren xedea gazte tituludunek euren lehen lan esperientzia izatea da. Lizentziaturak, diplomaturak, graduko ikasketak edo erdi zein goi mailako lanbide heziketako zikloak egin dituzten gazteek dute parte hartzeko aukera.

Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean, Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak berak azaldu ditu Lanbidek bere erakunde kolaboratzaileen sarearen bitartez kudeatuko duen anbizio handiko plan honen xehetasunak. Eusko Jaurlaritzaren helburua, 2014an gutxien-gutxienez 16 eta 24 urteko 1.800 gazteren lan aukerak hobetzea da.

Jakina den bezala, sarri gazteek gurpil zoro batean murgilduta ikusten dute euren burua lan merkatura gerturatzen direnean. Izan ere, enpresek esperientzia duten gazteak kontratatu nahi dituzte, eta, gazteei, berriz, ezinezkoa zaie lana aurkitzea aldez aurreko esperientzia eskatzen zaielako. Jaurlaritzaren helburua, horrenbestez, gurpil zoro horrekin apurtzea da, eta, horretarako, ez du beka programa baten alde egin, laneko praktikak bultzatuko dituen programa baten alde baizik.

Gaur onartutako laguntza deialdiak iaz abian jarritako plan pilotuak hobetu eta egonkortzen ditu. Iazkoan, unibertsitate eta heziketa profesionalaren mundutik bultzatutako planek 1.200 gazte ingururi eman zieten lan egiteko aukera.

Bost milioi euro

Euskal gazteei lehen lan aukera izatea errazteko, ekimenarekin bat egiten duten enpresa pribatu, ondasun erkidego, sozietate zibil, elkarte eta fundazioei bost milioi euro bideratuko dizkie guztira Eusko Jaurlaritzak. Diru horrekin, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lan zentroetan jarduteko kontratuak finantzatuko dira, gutxienez sei hilabetekoak.

Kontratuok 2014ko azaroaren 21a baino lehen jarri beharko dira abian, eta enpresak jasoko duen hobaria kontratatutako gazteak jasoko duen soldata gordinaren araberakoa izango da (2.450 euroko hobaria soldata baxuenentzat, hau da, 872 eta 1.050 euro arteko soldatentzat).

Diru laguntzak jasotzeko aukera izango duten kontratuak lanaldi osokoak zein lanaldi partzialekoak izan daitezke, eta, betiere, kontratutako pertsonaren heziketa mailarekin bat egin beharko dute kontratuok. Kontratazioek enplegu sorrera garbia eragin beharko dute, betiere langile berria lanean hasi aurreko sei hilabeteetan enpresak batez beste zuen langile kopurua erreferentziatzat hartuta.

Kontratatua izateko baldintzak

Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea.
Langabezian egotea eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
Ondoko taldeotan sartutako titulazioetako bat edukitzea:
1. taldea:
- Lizentziatua edo unibertsitateko gradua, ingeniaria, arkitektoa.
- Unibertsitateko diplomatua, ingeniari teknikoa, arkitekto teknikoa.

2. taldea:
- Araututako lanbide heziketako edo berariazko lanbide heziketako goi edo erdi mailako teknikaria, honako bi tituluak ere aurrekoen baliokideak direlarik: teknikari laguntzailea (LH1) eta teknikari espezialista (LH2).

- Aurrekoen baliokide gisa ofizialki aitortutako beste titulazio batzuk.

- Profesionaltasun ziurtagiria.

Praktiketako kontratua hasi aurreko 30 egun naturaletan lanik egin ez izana egiaztatu beharko da lan bizitzako ziurtagiriaren bidez.

Diru-laguntzaren zenbatekoa
Diruz lagundutako zenbatekoa kontratu bakoitzaren soldata gordinaren arabera zehaztuko da, honako taularen arabera:

HILEKO SOLDATA SEI HILABETEKO SOLDATA DIRU-LAGUNTZA
1. tartea 872 eta 1.050 euro artean 6.104 eta 7.350 euro artean 2.450,00 euro
2. tartea 1.051 euro eta lanbide arteko gutxieneko soldataren bikoitza bitartean 7.357 eta 9.034,20 euro artean 2.950,00 euro
3. tartea Lanbide arteko gutxieneko soldataren bikoitza baino gehiago 9.034,20 euro baino gehiago 3.620,00 euro

Emandako diru-laguntza lanaldiaren iraupenarekiko proportzionala izango da.
Laguntzaren zenbatekoak % 10 handituko dira gutxienez hamabi hilabete irauten duten kontratuetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau