Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erabakia, "euskadi.net" atari komuna "euskadi.eus", Interneteko presentziaren eredu, bihurtzeko (2014-07-29(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko uztailak 29

LABURPENA

2015EKO URTARRILETIK AURRERA, EUSKADI.NET BEHARREAN EUSKADI.EUS IZATEA ONARTU DU GOBERNU KONTSEILUAK

Aldaketak ez du kanpoko inbertsiorik eskatuko, Administrazioko langileek egingo baitute, Gobernuaren informatikarako EJIE sozietate publikoak lagunduta.

Gobernuaren iritzian, domeinua aldatzean, Internet eta teknologia berriak gehiago gizarteratuko dira, Euskadiren kanpo-irudia bultzatuko da, eta euskara gehiago zabalduko eta modernizatuko da.

Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren webgune ofizialaren domeinua aldatzea erabaki du gaur; hortaz, 2015eko urtarriletik aurrera, euskadi.net beharrean, euskadi.eus izango da helbidea. Ordurako, gainera, Eusko Jaurlaritzak beste 200 domeinu izango ditu.

Berehala martxan jarriko diren lehenengo sei domeinuei aitzindariak izena jarri zaie, eta hauek izango dira: basquecountry.eus, eitb.eus, etxepare.eus, hazi.eus, spri.eus eta ejie.eus.

Hasiera batean, euskadi.net euskadi.eus bihurtzeko aldaketak ez du kanpo-inbertsiorik eskatuko, Gobernuaren baliabide propioak erabilita egingo baita. Konkretuki, hamaika pertsona ari dira transformazio-proiektu horretan lan egiten; Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako langileak dira, eta Gobernuaren informatikarako EJIE sozietate publikoarekin ari dira elkarlanean.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak Interneten duen irudi korporatiboak diseinu berria izango du. Hori ere, Gobernuaren web zerbitzuan lan egiten duten funtzionarioek egingo dute.

Gobernu Kontseiluak gaur hartutako akordioaren arabera, domeinua aldatzeak hiru helburu betetzeko aukera emango dio Euskadiri:

Internet eta teknologia berriak gizarteratzea.
Euskadiren kanpo-irudia bultzatzea.
Euskara zabaltzea eta modernizatzea.

"PUNTUEUS" PROIEKTUA

"PuntuEus" proiektua 2007an sortu zen, hizkuntza-normalkuntzarako eta euskara mundu-mailan bultzatzeko tresna eraginkorra izateko helburuaz. Proiektu horrek Eusko Jaurlaritzaren eta beste hirurogei erakunderen konpromiso politiko, instituzional eta ekonomikoa du.

Domeinu berrirako bilakaera-programak hiru fase ditu:

Aitzindarien programa: Lehenengo fase horretan, jadanik zehaztuta dauden 90 euskal elkarte, enpresa eta instituzio publikoen webguneek domeinu berrirako aldaketa egingo dute.
Irteera fasea: Bigarren fasean, euskararen hizkuntza-normalkuntzarekin eta bultzadarekin harreman zuzena duten elkarte, enpresa eta instituzioak gehituko dira.
Fase irekia: Azkenik, .eus domeinua publiko osoaren esku jarriko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau