Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Iriarte: «Lurraldearen Antolamendurako Artezpideetan bizilekuen kuantifikazioa aldatuz, Eusko Jaurlaritzak lurraren artifizializazioa saihestu nahi du etxebizitza parkea eta hiri-lurzorua benetako beharretara mugatuz»

2014.eko uztailak 29
  • Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikako Sailburuordea: «Proposatutako bizilekuen kuantifikazioaren aldaketak lurraren alferrikako artifizilizazioa saihestea eta dagoeneko urbanizatuta dagoen lurzoruaren erabilpena ahalik eta gehien sustatzea du helburu»
  • «Dagoeneko eraikitako lurzoru zaharren berrerabilpena eta zaharkituta geratu diren edo jada erabiltzen ez diren espazioen berritzea ezinbesteko faktore bihurtu behar dira bai ikerketetan bai hirigintzako udal planeamenduetan»
  •  «Hutsik dauden etxebizitzen balioa kontuan izan behar dugu gure udalerrietan behar diren etxebizitza kopuruen estimazioak egiterako orduan. Datuok udalerrien esku izango dira eta bakoitzak erabakiko du horien aplikazio zehatza»
  • Bizilekuen kuantifikazioaren aldaketa Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen moldaketa puntuala da, behin onartuta, baina, artezpideon berraztertze prozesu integral bat jarriko da abian.
  •  Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan bizilekuen kuantifikazioa aldatzeko proposamena eskuragarri dago jada Irekia eta Euskadi.net atarietan, eta  helegiteak aurkezteko epea irailaren 30era arte izango da zabalik.

 

Izaskun Iriarte Lurralde Politikako sailburuordeak nabarmendu duenez, «Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan bizilekuen kuantifikazioa aldatuz, Eusko Jaurlaritzak lurraren artifizializazioa saihestu nahi du etxebizitza parkea eta hiri-lurzorua benetako beharretara mugatuz». Gaineratu duenez, «dagoeneko eraikitako lurzoru zaharren berrerabilpena eta zaharkituta geratu diren edo jada erabiltzen ez diren espazioen berritzea ezinbesteko faktore bihurtu behar dira bai ikerketetan bai hirigintzako udal planeamenduetan».

 

Are urrunago joan da sailburuordea: «Gauzak asko aldatzen ari dira, eta, horrenbestez, beharrezkoa da lurralde antolamenduak zer izan behar duen dioten orain dela hamabost edo hogei urteko definizioak egungo testuinguru ekonomiko eta sozialera egokitzea. Izan ere, gizarteak jada ez ditu hiri eta herrien hazkunde mugagabe zahar horiek gogoan. Oraingoa bizi garen udalerria nolakoa izatea nahi dugun definitzeko garaia da: ondo planifikatutako udalerria, hurbileko zerbitzuak dituena, erosoa, bizilekuen kuantifikazio egokia egiten duena, lurzoruaren gehiegizko kontsumoa jasan duten bizitegi zonen birdentsifikazioa bultzatuko duena auzoen birgaitzea sustatuz».

 

Iriarteren arabera, «Euskadin, Europako gainontzeko lekuetan bezala, urbanizatutako espazioen hazkunde izugarria eman da azken urteetan, biztanle kopuruak gora egin ez duen arren denbora tarte berean. Artifizializatutako edo ingurune naturaletan finkatutako azalera, gainera, % 20 haziko da Europan hurrengo 30 urteetan. Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen bidez urbanizatutako espazioen gainean egindako kontrol lanari esker, eraikuntza prozesuak mugatu ahal izan ditugu ingurune fisikoa antolatzeko kategoriak baliatuz.  Udal plangintzek eta lurralde plan partzialek egindako lurzoru urbanizaezinen sailkapenei esker, uneotan Euskadiko lurzoru osoaren % 65 inguru gutxi gorabehera ezin da urbanistikoki okupatu lurralde babesarekin eta jasangarritasunarekin lotutako arrazoiak tarteko».

 

Sailburuordearen iritziz, «dibertsitateak paisaia babesten du, natur baliabideen kudeaketa eraginkorragoa egiteaz gain. Ondo banatu eta multzokatutako etxebizitza bolumenek zerbitzu publikoak hobetu eta garraio sistemak optimizatzen dituzte, eguneroko joan-etorriak murrizten dituzte eta gizarte harremanak bultzatzen dituzte. Kalitatezko espazioak dira, erakargarriak, bilgune diren tokiekin ondo komunikatuak. Jada ez da ezer orain dela zortzi urte bezala izango. Krisi ekonomikoak hirigintzako esku-hartzeak denboran luzatuko ditu, eta, horregatik, orain bereziki, espazioak berreskuratzeko egitasmoak zehatz-mehatz aztertzea beharrezkoa da. Lehen etxebizitzen, bigarren etxebizitzen edo hutsik dauden etxebizitzen gainean bultzatutako irizpide berriek bizileku gaitasun zorrotzagoak ezartzen dituzte. Lan handia dago aurretik, eta udal bakoitzak izango du hori aurrera eramateko aukera Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen berrikuspenarekin». 

 

Udal plangintzen berrikuspen prozesuen oinarrian bizilekuen kuantifikazioarekin lotutako datu oso garrantzitsu bat izaten da: udalerri bateko etxebizitza parkea plangintza indarraldian den bitartean zenbat etxebizitzetan haz daitekeen zehazten duen hazkunde ahalmena. Plangintzaren indarraldia 14 edo 16 urte bitartekoa izatera ere irits daiteke. Hori kontuan izanik, erraz asko ulertzen da Eusko Jaurlaritzatik zergatik bultzatu dugun hurrengo urteetan garatutako diren egitasmoetan bizilekuen kuantifikazioa arautzeko direktiba hau.  Hori da, hain zuzen ere, egindakoa: bizilekuen kuantifikaziorako gutxieneko eta gehieneko kopuruak zehaztea, udalerrietako etxebizitza kopuruaren hazkundea zer parametroren artean egingo den ezarriz.

 

Bizitokien kuantifikazioko zuzentaraua egokitzeko prozesuak eredu aldaketa bat proposatzen du, betiere lurraldea modu jasangarriagoan erabiltzea bultzatu asmoz.  Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen aldaketak jasotako zuzenketen artean eremu jakin bateko lurralde eredua zuzentzeko aukera jasoko du; hain zuzen ere, hasiera batean aurreikusitako hazkundea eta eremu batek errealitatean dituen beharrak bat ez datozela egiaztatzen den kasuetan bultzatuko da eredu aldaketa.

 

Zuzenketak

Bizilekuen kuantifikazioa kalkulatzeko ereduan egindako zuzenketen artean, hazkunde neurritsu eta zentzuzkoagoak planteatzeko neurriak daude. Horretarako, harrotze koefizienteak murriztu egin dira 2,4 eta 3,5 arteko tarte batetik 2,3 eta 3 arteko beste batera.

 

Eusko Jaurlaritzak, era berean, udalerrien esku bitarteko berriak jarri ditu erabili gabe edo zaharkituta eraikitako ondarearen zer zati dagoen zenbatzeko. Horretarako, bizilekuen kuantifikazioaren baitan, aurrerantzean derrigorrezkoa izango da udalerri bakoitzeko etxebizitza hutsen parte bat kontuan izatea. Hain zuzen ere, gutxienez etxebizitza huts horien % 2 zenbatu beharko dira bizilekuen kuantifikazioaren barnean.

 

Udalerriek, gainera, bizitokien kuantifikazioaren zuzentarauaren baitan etxebizitza hutsen % 50 arte sartzeko aukera izango dute. Helburua argi dago: udalerriek euren beharretara egokitutako hazkunde jasangarria diseinatu ahal izatea.  Era berean, etorkizunean birdentsifikazio, hiri-berrenoratze eta birgaitze egitasmoak bizilekuen kuantifikazioaren baitan zenbatu ahal izango dira.

 

«Hazkunde desoreken zuzenketekin, hazkunde planteamendu neurritsuagoekin eta bizitokien kuantifikazioan kontuan hartuak izan daitezen aurreikusitako elementu berri guztiekin, honakoa esan dezakegu: Euskadiko etxebizitza kopuru osoa 186.462 etxebizitzetan haz daiteke uneotan, hasiera batean lanerako genuen agiriak hazkunde gaitasuna 238.417 etxebizitzetan ezartzen zuen bitartean.  Lurralde antolakuntzaren eremuan ere garapen eredu berri bat bultzatzeko unea da honakoa, eta hori da Eusko Jaurlaritzak proposatzen duena Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan bizilekuen kuantifikazioa berrikusteko bultzatutako aldaketa honekin», azaldu du Izaskun Iriartek.

 

 

Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak

Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak 1997an onartu zirenetik, Euskadiko lurralde antolamendua artezpideok zuzendu dute. Hori bai, lurralde antolamenduko maila goreneko bitarteko hori osatzeko lurralde planak eta plan sektorialak ere onartu dira. «Izandako emaitzak on samartzat jo ditzakegu. Besteak beste, azken urteotan lurralde antolamendua errespetatzeko beharraren inguruan sortu den kultura nabarmendu nahiko nuke, lurralde antolamenduaren arloan lan egiten duten administrazio guztien elkarlan estuari esker posible bihurtu dena», nabarmendu du Iriartek.

 

Sailburuordearen ustez, «abian jarritako berrikuspen prozesuaren helburua bizitokien kuantifikazioa eraldatzeko beharrari erantzutea da. Dagoeneko eraikitako lurzoru zaharren berrerabilpena eta zaharkituta geratu diren edo jada erabiltzen ez diren espazioen berritzea udalerri mailako kudeaketa orok kontuan hartu beharreko funtsezko aukerak dira. Era berean, ezinbestekoa da hirigintzako planeamenduetan malgutasun handiagoz jokatzea, eraikuntzako erabilpenak, tipologiak eta dentsitateak uztartuz eta hazkunde urbanistikoen eta garraio kolektiboko sistemen arteko lotura bultzatuz».

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)