Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuaren bilerako buru izan da

2010.eko maiatzak 28

Patronatuaren eta Zuzendaritza Kontseiluaren bilkuran Institutuaren zuzendari nor izango den jakinarazi da, besteak beste

Patxi López lehendakaria Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuak gaur goizean Lehendakaritzaren egoitzan eduki duen bilerako buru izan da. Bertan jakinarazi da, besteak beste, nor izango den erakunde horren zuzendaria. Patronatuaren bileraren ondoren Institutuaren Zuzendaritza Kontseilua ere bildu da, zeren Etxepare Euskal Institutua/Basque Institute sortu eta arautzen duen apirilaren 20ko 3/2007 Legean xedatzen denez, Zuzendaritza Kontseiluaren eginkizuna baita «Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izendatzeko proposamena ezagutzea eta horri buruzko iritzia ematea».

Patxi López lehendakariaren gidaritzapean egin den Etxepare Euskal Institutuaren lehenengo bileran, lehendakariak zera esan du: "Euskadik munduari irekirik egon behar du, presentzia iraunkor eta eragingarri bat eduki behar du eta irudi positibo bat adierazi. Orain arte, toki askotan, bakarrik terroristengatik ezagutu gaituzte. Badirudi garaia dela egiazko irudi bat emateko, euskal herritarrok garena eta egiten duguna hobeki adieraziko duena. Horixe saiatzen ari gara ekonomian. Arlo horretan ekoizpen, berrikuntza eta jakintzaren aurrerapenek toki egoki batean kokatu gaituzte mundu globalizatu honetan. Eta salbuespenezko bi enbaxadoreren bidez ere saiatu behar dugu, gure hizkuntzaren eta gure kulturaren bidez, hain zuzen ere. Izan ere, nahi dugu beste pertsona eta mundu batzuek ezagutu eta partekatu dezatela gure hizkuntza eta kulturaren ondarea."

Patronatua osatzen duten kide berriak aurkeztu eta gero, Blanca Urgell Kulturako sailburuak jakinarazi du nor proposatuko duten Institutuaren zuzendari izateko datorren Gobernu Kontseiluan. Hori guztia Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluaren nahitaezko txostenaren ondotik, zeinak goizean bertan ere bere bilera izan duen. Bileta bukatu denean, Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendari berria Lehendakaritzara hurbildu da, Patronatuko kideak agurtzera.

Bileran Etxepare Institutuak gau egun duen egoeraren berri ere eman da, bai eta azken urteotan egin diren ekintza garrantzitsuenen eta aurreikusitako ekintza-ildoen berri ere. Zuzendaritza berriak garatu beharko ditu Institutuaren jarduna datozen urteetan arautuko duten ekintza-ildo horiek, eta lehenbailehen egiteko konpromisoa hartu beharko du gainera.

Aizpea Goenaga Mendiola

(Donostia, 1959)

Irakasle Eskolan eta Arte Dramatikoan -Antzerkirekin- diplomaduna; interpretazio eta zuzendari ikasketak egin ditu, bai eta dramaturgiakoak ere (New Yorkeko H.B. Studio eta New School University). Aktore moduan hainbat lanetan parte hartu du, besteak beste, Arlequino, servidor de dos amos, Pekata minuta, Dakota, Nacidos culpables, Hau paraderoa eta Arrain ontzia /La pecera. Zineman ere badu esperientziarik aktore gisa, esaterako El invierno en Lisboa eta Santa Cruz, el cura guerrillero filmetan -azken horrengatik "Paco Rabal" emakumezko aktore errebelazio onenaren saria jaso zuen Murtziako Zinemaldian-, bai eta La gente de la Universal edo Pecata Minuta filmetan ere.

Zuzendaritza alorrean New Yorkeko Antzerkiaren Espainiako Errepertorioan hasi zen zuzendaritza-laguntzaile moduan, eta geroztik lan ugari zuzendu ditu.  1995. urtean Donostia saria irabazi zuen, Zu(t)gabe lanagatik. Gainera, 2003ko Serantes Antzerki saria eskuratu zuen Agur Betiko lanarekin, eta 2005 Toribio Altzaga-Euskaltzaindia Saria Santxa antzezlanagatik.

Idazle moduan, haurrentzako zenbait ipuin eta antzezlan egin ditu, bai eta helduentzako antzezlan batzuk ere.

Telebistako gidoilari eta zuzendari ere izan da hainbat telesailetan; Bernardo Atxagaren eleberrian oinarritutako Zeru horiek (Esos cielos) filma zuzendu zuen. Sukalde Kontuak film luzea ere zuzendu zuen.

Ohiko kolaboratzailea izan da hainbat euskal hedabidetan

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari