Berriak Herrizaingoa
Eu

Herrizaingo Sailak trebakuntza ikastaro bat eman die euskal hondatzetako segurtasunaren arduradunei

2010.eko maiatzak 27

Larrialdiei Aurregiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzak euskal hondartzen segurtasun koordinatzaileei bereziki zuzendutako trebakuntza ikastaro bat eman du. Kostalde eta hondartzetako salbamendu lanetan parte hartzen duten larrialdi zerbitzu guztien arteko elkarlana hobetzea eta sorosleen trebakuntza maila areagotzea izan dira lortu nahi ziren helburuak.

Bizkaia eta Gipuzkoako Gurutze Gorriko hogeitabat soroslek hartu dute parte gaur Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzako teknikariek Iurretako (Bizkaia) egoitzan eman duten trebakuntza ikastaroan.
Hondartzetako segurtasunean adituak diren sorosle hauen prestakuntza maila areagotzeko egin da batez ere ikastaroa. Horrez gain, larrialdi zerbitzu guztien arteko koordinazioa indartu nahi da eta Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman aurrikusten diren lan-taktikak (ingurune urtarra, metereologia eta ingurumenaren arloetan) adostu.
Gaur Iurretan izan diren Gurutze Gorriko kideek SOS Deiakek nola lan egiten duen ezagutzeko aukera izan dute. Besteak beste, itsasertz, kostalde, ibai edota zingiretan erreskate lanetarako jarraitzen dituzten pausuak; aurkako fenomeno metereorologikoei (galernak edo bero-boladak, esaterako) nola egiten dieten aurre eta kostaldeko uren kutsadura eta bestelakoen aurka nola jokatzen duten erakutsi diete.
Ikastaroaren alderdi teorikoarekin bukatzeko, Ertzaintzako erreskate talde ezberdinak zein diren eta eskura dituzten baliabide teknikoak (helikopteroak, urpean igeri egiteko ekipamenduak, e.a.) ezagutu dituzte; bakoitzak lan egiteko jarraitzen duen protokoloaren inguruan ere hitz egin diete.  

Hondartza-sasoia 2010

Foru Aldundia arduratzen da Bizkaiko hondartzetako salbamendu eta sorospen zerbitzuak finantzatu eta kudeatzeaz. Gipuzkoan, aldiz, kostaldeko herri bakoitzeko Udalaren esku daude lan eta gastu horiek. Gurutze Gorriak eskaintzen du zuzeneko zerbitzua eskualde bietan.
Bizkaian hondartza-sasoia datorren ekainaren 1ean hasiko da eta irailaren 30era arte luzatuko da. Gipuzkoan, aldiz, Udal bakoitzaren antolamenduaren arabera abiatuko dute, ekainaren 1etik 15era hasi eta irailaren 15etik 30era bukatuko delarik. Denboraldiak iraun bitartean, hondartza bakoitzeko larrialdi zerbitzuak SOS-Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekin harremanetan egongo dira une oro Herrizaingo Sailak emandako ordenagailu eramangarriek duten Tetra sarearen bidez. Honi esker, bestelako larrialdi zerbitzuen (anbulantziak, Ertzaintza, e.a.) laguntza eskaerak kudeatzeaz gain, uraren egoeraren inguruko informazioa eta antzeko datuak eskuratzea errazagoa izango da. SOS-Deiakekin harreman zuzena izatea ahalbidetuko duten Treta sistemadun 87 ordenagailu emango ditu guztira Herrizaingo Sailak. 

Meteorologiaren kontrola

Bestalde, Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritzak meteorologiaren egoeraren jarraipen zehatza egingo du Euskameten bitartez. Hondartzetako erabiltzaileen segurtasuna arriskuan jar dezaketen fenomenoak (galernak, bero-boladak...) aurrikustea izango da  zaintza honen helburu nagusia. Horrela, bainularien babeserako neurriak hartzea beharrezkoa denean, SOS-Deiakek berehala jakinaraziko die hondartza bakoitzeko salbamendu eta sorospen zerbitzuei zein diren egoera bakoitzean hartu beharreko segurtasun-neurriak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko