Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Tokiko erakundeentzako garapen jasangarriko diru-laguntzen agindua estreinakoz izapidetuko da modu elektronikoan

2014.eko uztailak 23
  • Ingurumen eta Lurralde Politika Saila

 

Udalentzako, mankomunitateentzako, tokiko garapen agentzientzako eta garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten bestelako tokiko erakundeentzako diru-laguntzen agindua ekainaren 30ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta aurten, nobedade gisa, agindua elektronikoki izapidetuko da.

 

Bada, sistema informatikoaren kolapsoa ekiditeko, Eusko Jaurlaritzak eskaera egiteko prozesua lehenbailehen hastea gomendatzen du. Ez da beharrezkoa espedientearen dokumentazio osoa eskuragarri izatea eskaera egiten den unean; izan ere, dokumentuak uztailaren 31ra arte atxiki ahalko dira, eta egun horretan bukatuko da eskabideak aurkezteko epea.

 

Aurten, diru-laguntzak Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren lehentasunezko ildoak jorratzen dituzten proiektuetara bideratuko dira, eta zehazki, lau arlo hauekin lotutako proiektuetara: lurzoru kutsatuak,tokiko jabetza publikoko lurzoruaren kalitatea berreskuratzeko eta ikertzeko lanetarako; atmosfera, airearen kalitatea hobetzeko, zaratarekin lotutako ekintzetarako eta berotegi-efektuko gasen jarioak arintzeko eta EAEn klima-aldaketaren eraginak minimizatzeko ekintzetarako; biodibertsitatea, EAEko biodibertsitatea babestu, berreskuratu edo hobetzeko; eta Eskolako Agenda 21, Tokiko Agenda 21 eta Eskola Agenda 21 ekimenen arteko koordinazio-ekintzetarako.

 

Diru-laguntza hauetara 1.810.000 euro bideratuko dira guztira, honela banatuta: lurzoru kutsatuak, 550.000 euro; atmosfera, 550.000 euro; biodibertsitatea, 550.000 euro; eta Eskolako Agenda 21 160.000 euro.

 

2007an diru-laguntzak emateko agindu hau martxan jarri zenetik, mila tokiko proiektu inguru gauzatzeko diru-laguntzak eman dira, 43 milioi euro baino gehiago, hain zuzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko