Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Jaurlaritzak hiru erakunde «interes sozialeko» izendatu ditu, gizarte zerbitzuen garapenari egindako ekarpenagatik. (2014-07-22(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko uztailak 22

Dekretua, ASASAM-Buru-gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Aiarako Elkartea gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Kartzela Pastoraltzako Bidesari Elkartea gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Hiesaren aurkako eta eragindakoen autolaguntzarako herritarren T-4 Elkartea gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Mari Aburtok proposatuta, Jaurlaritzak, gaur bilduta, interes sozialeko izendatu ditu hiru elkarte:

BIDESARI, KARTZELA PASTORALTZA ELKARTEA. Irabazi asmorik gabeko erakundea da eta 1994an sortu zen. Bere helburu nagusia gizartean aldaketa sustatzea da, gizartean moldatu ezinezko eta marjinazio egoerei aurre eginez; zerbitzuak aske ez dauden pertsonei eta toxikomania arazoak dituztenei zuzentzen dizkiete batez ere. Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen esparruan, Bizkaiko Lurralde Historikoan bereziki.

ASASAM, BURU GAIXOTASUNA DUTEN PERTSONA ETA SINDEEN AIARALDEKO ELKARTEA. Irabazi asmorik gabeko erakundea da eta 1989an sortu zen. Bere helburu nagusia buru gaixotasuna duten pertsonen eta euren familien beharrak zaintzea da, euren bizi kalitatea hobetzera zuzendutako zerbitzuak emanez, gizartea buru gaixotasunaren inguruan kontzientziatzeaz eta sentsibilizatzeaz gainera. Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen esparruan, Arabako Lurralde Historikoko Aiaraldean bereziki.

HIESAREN AURKAKO ETA GAIXOEN ALDEKO HIRITAR BATZORDEA T-4 irabazi asmorik gabeko erakundea da eta 1992an sortu zen. Bere helburu nagusia elkarren arteko laguntza-taldeak sortzea eta eskaintzea da, hiesa edo gaixotasun horrekin lotura duten patologiak dituzten pertsonei zuzendutakoak. Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen esparruan, Bizkaiko Lurralde Historikoan bereziki.

Erakunde bat interes sozialeko izendatzea Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak emandako urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak arautzen du. Interes sozialeko izendatuta, erakunde horiek autonomia-erkidegoko gizarte-zerbitzuen esparruan izandako ibilbidea eta egindako lana aintzatetsi da. Hala, lehentasuna izango dute euskal administrazio publikoen diru-laguntzetan.

Gizarte-zerbitzuak eskaintzeko eta irabazi asmorik gabekoak izateko betekizunez gain, araudiak zehaztutakoaren arabera, interes sozialeko izendatzeko, langileen % 40k kontratu mugagabea izan behar dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau